Euskal diaspora | 2022ko Azaroaren 10a
NABOren 2021eko Bizi Emankorra, Boiseko Miren Artich-i ematen
Joseba Etxarri
BOISE, IDAHO. NABOk bere Larrezkeneko Bikura egin zuen joanden larunbatean Idahoko Homedalen, herriko Toki Ona Euskal Etxeak antolaturik bere egoitzan, hurbilean den Ontarioko Euskal Etxea lankide (aipatuko dugu aitzinago hango berri). Bilkura bururatu ondotik, partaideak Boiseko Euskal Etxera joan ziren, gauean hain baitzegoen antolatuta Euzkaldunak-en 'mortzilla afaria', bertakoek aste hartan egin tripota dastatzeko afari urterokoa. Eta lekua bertako jendez eta NABO buru eta delegatuez beterik, ekitaldi berezi bat egin zen, NABOren 2021eko bigarren 'Bizi Emankorra' eskuratzeko Miren (Rementeria) Artiach euskaltzale boisetarrari. Gogoan atxik, lerro hauetan aipatu dugula lehenengoa emateko ekitaldia, saria Renon Janet (Carrica) Inda renotarrari (aita bankarra) emanez egin zena.
Ohoratzeko saioan NABOko lehendakari Philippe Acheritogaray-k hartu zuen hitza eta berak aurkeztu zituen Miren (Rementeria) Artiach eta haren ibilbide eta mereximenduak. Miren-ek, erantzun hitzetan gogoratu zuen "Euskal Herrian 22 hilabetez preso politiko moduan egondako emakume baten alaba" dela eta ama Boisera iritsi eta hamaika egunera jaio zela, aita ere, Nabarnizkoa gogoratu zuen: "Aitak esaten zidan nik beti gogoratzen nizkiola hango loreak". Eskerrak eman zien euskaltasuna emateagatik eta aitortu zuen bizitzan zehar egin dituen euskal gauza guztiak oso gustuan egin dituela. Hitz hauekin bukatu zuen. "Pentsatu nahi dut aski su piztu ahal izan dugula gure belaunaldi gazteetan eta segituko dituztela gure urratsak, guztiek, gure ibilbide honetan, sakrifizio handiak egin baitituzte guk ere segi dezagun eta ohora dezagun nor garen".
Todor Azurtzak, berriz, honako bertsuak bota zizkion: Miren Artiach zurekin dugu / oso handia den zorra / Ameriketan egin ondoren / euskalgintzan lan gogorra / eskerrik asko mantentzeagatik / bizirik gure altxorra / merezimenduz jasoa duzu / NABOren Bizi Emankorra. Eta bigarren bertsoa:Euskara galtzen ari gara ta / sortzen zait niri ernegua / gure hizkuntza salba dezagun / hau da nire erregua / gure erronka da gazteek hartzea / Miren zure errelebua / luzaro bizi dadin asaben / ondare ta eredua.
Mila esker handi bat Mireni, lehenago Janet-i bezala! Eta Philippe Acheritogaray, Todor Azurtzari eta NABOn hau posible egin duten guzieri, baita Homedale, Ontario eta Boiseko euskal etxeeri eta euskal komunitatean laguntzaile eta sostengatzaile diren guzieri.











