Egun eta bihar | 2022ko Azaroaren 10a
Xintxo eta ez xintxo
J-B D
Etorkinak gogoan, Gérald Darmanin barne-ministroak egin du ateraldi bat frango harrigarria kausi ditakeena. Oroitarazi du, jadanik errana aldi bat baino gehiago, etorkinentzat preseski, lege berri bat nahi duela sustatu heldu den urtean. Frantzian kokatzeko xedetan direnak hobeki onartuak izaiteko xintxoak badira eta arrunt baztertuak aldiz ez badira hala. Xintxoentzat, errextasun gehiago, badugula heien beharra, ofizio askotan langileak eskas-eta. Alderantziz, xintxo ez direnak jestu gutiz despeditzen ahal Frantziatik kanpo, ez dela hortan haratik ez hunatik. Hori hola errana izanik, iduri du ez dela batere xede txarra. Alabainan xintxoak hobeki onartuak eta besteak ez, nor kexatuko da? Nork erranen du ez dela bide egokia? Salbu hara, apur bat gogoeta egoiten bazira, zer jinen zauzu laster gogorat? Nola berexi behar diren xintxoak eta ez xintxoak. Berak ez direno hor hain xuxen, nola berex ditazke alabainan? Nolako kara duten, nolako itxura? Nolako solasak dabiltzaten batzuekin eta besteekin? Nola behar zaiote beraz fidatu? Ez dea ba hor nunbait gaitzeko zailtasuna?
Horiek hola, bada gauza bat aski harrigarria, legezko konduek salatzen dutena: jaz, sei hilabete barne 62.207 lagunek jakin dute ez zutela gehiago Frantzian egoiteko eskurik bainan horietarik bakarrik 3.501 dira kanporatuak izan! Nork behar du zerbait konprenitu holako istorio batean? Gisa guziz, eskuindar eta eskuinburuko hautetsi gehienak ez dira batere ados ministroak agertu xede horrekin. Diote jukutria txar bat dela, eta besterik ez, atea nor nahiri zabaltzeko ez idurika.











