Gure Hitza | 2026ko Azaroaren 12a
Irudiaren indarra
Menane Oxandabaratz
Momentu hauetan manifestazio anitz iragaiten ari dira, hedabideek luze eta zabal emaiten dute hauen berri. Manifestazio horietan zabalduak diren aldarrikapenak aipatuak baldin badira, bereziki telebistako kate batzuek informazioaren tratatzeko manera desbideratua dela iduritzen zait.
Irudiek eragina badute, berehalakoa da eta bakoitzaren baitan emozioa sortzen du, arrazoinamenduzko analisia saihestu dezake. Ikuslearen baitan ikusi duena gelditzen da. Telebistako irudiak prentsa idatziak baino azkarragoak dira, zuzeneko arrazoi hutsetik haratago, irudi bisualek ikusmolde politikoa moldatzen ahal lezakete.
Hedabide batzuk informazioa emaiterakoan neurrigabeko irudi baten bila dabiltza: saltegi erreak, bazterrak xehatuak, gazteria errebelatua… Hots karrikan direnak denak gaiztaginak. Eguneroko bizitzan zailtasunak direlarik, milaka jende manifestatzera etorriak direlarik, nork du abantaila holako irudien erakusteko? Holako informazioen emaiteko moldearen helburua ez ote da gobernuaren politika legeztatzea, konbentzitzea eta irudimen kolektiboa moldatzea? Ez da ahantzi behar ere adimen artifizialak duen eragina, bereziki sare sozialetan, manifestazioetako irudi faltsuak zabaltzen baitira.
Pantailek eta sare sozialek gogoeta kritikoa kaltetzen dute, ondorioz borroka sozial baten analisiaren egitea trabatzen dute. Irudiak sentimendu azkarrak sortzen ahal ditu, haserrea, beldurra edota sumindura, ikusleak ez du gehiago karrikara etorriak direnen mezua entzuten, indarkeria baizik ez du ikusten. Pantailako etengabeko irudien aitzinean, informazioaren bilatzeari uko egiten da.
Bestalde, azken denbora hauetan ikusten da poliziaren jarrera okertzen ari dela. Frantses Estatuan iragaiten ari diren manifestazioetan kolpatu anitz bada eta arrastatzeak trumilka. Autoritarismoa maila batez goratu da, jendeen baitan beldurra sarrarazi nahi da. Gobernuko eta poliziako arduradunak entzuten direlarik, manifestariak bazter nahasle bezala aurkeztuak dira. Biziaren kostu emendatzearen eta desberdintasun sozialen leherketaren kontrako mugimenduekin, gobernuak terrorismoaren kontrako legeak erabiltzen ditu, pertsona batzuk etxean egoitera behartuz eta manifestatzera debekatuz.
Manifestazio horietan milaka jende karriketan ikusten direlarik, zerbaiten adierazle da. Jendartearen parte bat, geroa zein nolakoa izanen duen jakingabean izanez, kezkatua da. Gazteriak geroari buruz ez du perspektibarik, galdua da, kexu da. Egoera horren aitzinean irudiek ez dezatela gaina hartu!




