Gogoa hazi | 2026ko Azaroaren 19a

Betiko euskaltzaleen ildotik

Mandio

Aitzineko aldian ikusi genuen nola duela 125 urte lan erraldoi bati lotu ziren euskaltzale batzuk, bere xedea zelarik duintasuna eta bere balio osoa ematea euskarari. Artikulua osatu genuen gehienbat Piarres Charritonen idatzia baliatuz. Oraingoan garai hartako testuingurua planteatzen dugu Manex Goienetxek egin lanean oinarrituz. Ondoko aldietan plazerekin gozatu eta gogoetatuko ditugu jende ospetsu batzuen mintzaldi edo idazki zati batzuk, Euskaltzaleen Biltzarraren urtez urteko “Bil-aldi” txostenetan zehar bidaiatuz. Elkartea sortu zen garaian, Euskal Herria aldatzen ari zen.

1. Despopulazioa eta emigrazioa: 1876tik 1911ra, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Xiberoak beren biztanleen %22,8 galdu zuten; Arberoak eta Oztibarrek, %30. Ez zen, haatik, sortze faltaren ondorioa, emigrazioarena baizik. 1867an, Donibane Garazi, Baigorri eta Ezpeletako kantonamenduetan, armadara deituetarik %54 “absente” ekarriak ziren. Gehienak Ameriketara joanak.

2. Kostaldearen hiritartzea: 1856tik 1901era, Miarritzeko biztanleria %132ra igo zen; Hendaiakoa %121era.

3. Laborantzaren aldaketak: Laborantzaren berritzea mugatua zen oraino. Hala ere, belardi artifizialek eta bazka-gai berriek hazkuntza hobetu zuten. 1902an, Atharratzen, lehen Roquefort gasnategia sortu zen; 1910etik 1914ra, bertze 10 Ipar Euskal Herrian.

4. Eskulangintza eta industria: Eskulangintza gainbehera zihoan: Otsagabian, 1861etik 1891ra, 28 ehule desagertu ziren; 1875ean, Larrañeko, Ligi-Athereiko, Baigorriko eta Mendibeko olak hetsi ziren. Baina industria-gune berriak sortu ziren Bokalen, Hazparnen eta Maulen. Hazparnek 3000 langile bazituen 1908an, Maulek 1350 lehen Mundu Gerlaren bezperan. Trenbide berriek garraioak erraztu zituzten: Puyo-Donapaleu (1884), Autevielle-Maule (1887), Baiona-Donibane Garazi (1899).

5. Ondorio kulturalak: Frantzia guzian, “eskualde-zaletasuna” (régionalisme) mugimendua zabaltzen ari zen: batzuek eskualdeetako kultura ondare zahartzat zeukaten, bertzeek, aldiz, ikuspegi zientifikotik aztertu nahi zuten.

6. Euskal kulturaren aldeko lehen mugimenduak: 1853tik aitzina, Antoine d'Abbadik Lore Jokoak antolatu zituen. 1893an, Vinson eta Guilbeauk Uztaritzen lehen “Euskal Besta” egin zuten, tradizioa ikuspegi kritiko eta zientifikotik landu nahi zutela. Guilbeau izanen da Euskaltzaleen Biltzarraren lehen idazkaria; Vinson, aldiz, baztertuko dute. 1897an, Euskal Tradizioaren Kongresua egin zen.

7. Kulturaren politizazioa: Frantzian III. Errepublika ezarri ondoan, zatiketa politikoak euskal kulturaren eremuan ere sartu ziren. Manex Goyhenetchek xuriak eta gorriak bereizten ditu: kontserbadoreak eta errepublikanoak. Lore-Jokoetan: 1874an, karlisten aldeko poema batek erreakzio handia sortu zuen; 1876an, Zaldubiren “Biba Errepublika!” poemak ez zuen lehen saria erdietsi, eduki politikoa zuelako.

8. Euskaltzaleen Biltzarraren sortzea: XIX. mendearen azken urteetan, korronte kontserbadoreko zenbait pertsonaia nagusi zendu ziren: Duvoisin (1891), Antoine d'Abbadie (1897), Goyhenetche eta Haristoy (1900). Bidea libro.

Guilbeauk 1901eko uztailean Hendaiako Euskal Bestak antolatu zituen. Literatura, bertsolaritza, kantuak, dantzak eta pilota bai baina euskara ardatz nagusi. Ekainaren 26an jadanik, “Association Basque” elkartearen izenean Euskal Kongresu batera deitua zuen jendea, euskal ortografiaren batasuna aztertzeko. Irailaren 16an egin zen bilkura hori Hendaian, zazpi probintzietarik etorritako 41 euskalari bildurik. “Euskal Literatur Federazioa” izena hartu zuen elkarteak; ondoko urtean, Euskaltzaleen Biltzarra.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3858. zbk

Gure Hitza | 2026/11/12

Irudiaren indarra

Menane Oxandabaratz

Momentu hauetan manifestazio anitz iragaiten ari dira, hedabideek luze eta zabal emaiten dute hauen berri. Manifestazio horietan zabalduak diren aldarrikapenak aipatuak baldin badira, bereziki telebistako kate batzuek informazioaren tratatzeko manera desbideratua dela iduritzen zait.

Irudiek eragina badute, berehalakoa da eta bakoitzaren baitan emozioa sortzen du, arrazoinamenduzko analisia saihestu dezake. Ikuslearen baitan ikusi duena gelditzen da. Telebistako irudiak prentsa idatziak baino azkarragoak dira, zuzeneko arrazoi hutsetik haratago, irudi bisualek ikusmolde politikoa moldatzen ahal lezakete.

Hedabide batzuk informazioa emaiterakoan neurrigabeko irudi baten bila dabiltza: saltegi erreak, bazterrak xehatuak, gazteria errebelatua… Hots karrikan direnak denak gaiztaginak. Eguneroko bizitzan zailtasunak direlarik, milaka jende manifestatzera etorriak direlarik, nork du abantaila holako irudien erakusteko? Holako informazioen emaiteko moldearen helburua ez ote...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016