Mundu zabalean | 2026ko Azaroaren 19a
Palestinan, hauteskundeak ezinezkoak
Jojo Bidart
Israelgo gobernu berria osatzeko negoziaketak nola eta norekin eginen diren jakiteko begi guziak Netanyahuren oposizioko aitzindariarengana itzuliak direlarik, Palestinan hilabete honetan iragan beharrak ziren hauteskundeak gibelatu ditu Palestinako aginteak. Nahiz Europako Gobernuek presio handia egin hauteskundeak berehala antolatuak izan daitezen, Rami Abou Jamous kazetariak, Gazatik, helarazten digu oihu samin bat errepresioa eta erailketak ez direla gelditzen oroitaraziz eta hauteskunde duinak iragaiteko oinarrizko baldintzak ez direla, urrundik ere, segurtatzen ahal.
Gazan genozidioa segitzen
Bere kazetari lanarendako behin baino gehiagotan sariztatua izan den Rami Abou Jamous idazleak oroitarazten digu mendebaldeko herriek baino gehiago gazatarrek nahi luketela bozkatu, aitzindari berriak hautatu eta demokrazian bizi baina jasaten dituzten baldintzetan ez dela nihundik ere posible.
Azaro hondarrean iragan behar ziren hauteskundeak urte batez gibelatzeko erabakia hartu dute palestinar agintariek. Erabakiaren berraztertzea eta hauteskundeak lehenbailehen antolatzea galdegin dute mendebaldeko lau herri aberatsek: Frantziak, Britania Handiak, Kanadak eta Australiak. “Genozidioa gelditzea ez ote dute lehenik galdegiten ahal?” eskatzen du Gazatik informazioak erregularki igortzen dituen palestinar kazetariak, eguneroko errealitate dorpea oroitaraziz.
Joan den urteko urriaren 10ean Gazaren masakrea geldiarazteko onartu zen su etena. Lehen fase batean finkatu zen israeldar bahituen eta 2.000 preso palestinarren libratzearen ondotik bake plangintzako beste puntuak ez dira gauzatu eta egun guziez Tsahal armadaren bonbardaketek eta tiro-aldiek segitzen dute. Su etena abiatu omen denetik 1.500 hil eta 5.300 zauritu kontatzen dira Gazan, horietarik laurdena baino gehiago haurrak direlarik.
Hitzemana zen giza laguntza beti murriztua eta trabatua da. Oinarrizko beharrak ez dira beteak. Israelen estrategia hiltzailea aitzina doa. Eremu tiki batean bizi ziren 2,3 milioi gazatarrei etxebizitza, osagarri egiturak eta sokorritzeko zerbitzuak xehatu ondoan, bizi eremua murriztu diete: Gazako lurraldearen %60 okupatzen dute Israelgo soldaduek eta gelditzen den %40ko eremua mugatzen duen marra horia pasatzen duen edozein gazatar berehala tirokatua da.
Janari, erremedio eta sendagai eskasa izanik, Gazako ospitale gehien gehienak erraustuak direlarik, 20.000 eri edo zauritu handi Gazatik kanpoko erietxe batean artatuak izan behar litezke baina ezin dute atera. Blokatuak dira.
Xehatuak diren eraikin hondarkinen biltzeko makineria, taulazko bizitegi xinpleena eraikitzeko oinarrizko tresneria arruntena ere ezin dute eskuratu, Gazako biztanleen bi herenak behartuak direlarik oihalezko etxeetan bizitzea, garbitasun eta osagarri baldintza txarrenetan.
Gainera, azken urte honetan, gobernuz kanpoko 37 erakunde kanporatu ditu Israelgo gobernuak, horietan aspaldidanik haurrekin lanean ari zen Save the Children izeneko egitura, bai eta ere MSF, “Médecins sans frontières”, ACF gosetearen kontrako erakundea edo Handicap International bezalako talde ezagunak.
Bake plangintzako bigarren fasean aipatua zen Gazako kudeantza bideratuko zuen Komite Nazionala hasi da biltzen Egipton baina Gazan sartzeko baimenik ez diote emaiten oraino Israelgo agintariek. Holako bizi baldintzetan nola nahi duzue hauteskundeak antolatuak izan ditezen?
Zisjordanian garbiketa etnikoa
Gazako gerlarekin Zisjordaniaren okupazioa gaiztotu da. Lurralde okupatu horretan mila palestinar baino gehiago erailak izan dira kolonoen erasoaldi edo armadaren errepresioaren eraginez. Kolonoen erasoaldiak biziki bortiztu dira gerlako armak erabiltzeko baimena eman zaienetik. Palestinar alorrak erretzen dituzte, oliba ondoak errotik botatzen, etxeak suntsitzen eta eskolak erasotzen. Palestinarrak haien lurraldetik kanporatzeko ekintzak gero eta bortitzagoak bilakatzen ari direlarik giza sustengua edo informazio bila kanpotik etorritako jendeak zuzenki eta deblauki erasotuak dira.
Israelgo hauteskundeak
Netanyahuren politika aldatu nahi dutela erakutsi dute berriki, israeldar bozkazale anitzek, baina ez du iduri oraino aldaketa nahikaria hori arrunt ukatuak diren palestinarren eskubideen alde itzuliko denik, nahiz eta hautatuak izan berri diren Israelgo palestinar hautetsi berriek aldaketarako sustengua emaiteko prestutasuna erakutsi duten.
Anartean Zisjordania eta Gazako palestinarrek egoera larrian segitzen dute bizitzen eta Rami Abou Jamousek dioen bezala “lurralde okupatuetako palestinarren hauteskundeak eskatu baino ez luketen genozidioa gelditzea fermuki galdegiten ahal mendebaldeko herriek?”





