Ba ote dakixu? | 2026ko Azaroaren 19a

San Frantzisko Asiskoa (2/4)

Gilen Bacho

Arauaren baieztapena (Giotto, 1299)
Arauaren%20baieztapena%20(Giotto_%201299)

1208ko apiriletik goiti, Quintavalleko Bernard, bere ontasun guziak saldu zituen Asisko burges bat zena, Frantziskoren lehen bidelaguna izan zen. Pierre bere mutilarekin etorri zen. Aste bat geroago, Gilles juntatu zitzaien. Eskulangile bat zen. Segituko zuten bizitza-araua finkatzeko, Asisko eliza ttipi batean, apez bati Ebanjelioaren idekitzea eta liburuko hiru pasarteren hautatzea, zozketaz, eskaturik. Anaidi berriaren oinarrizko ekintza izan zen.

“Bidean ezer ez eraman”

Zozketaz hautatuak izan ziren Ebanjelioko hiru bertsetek aberastasunen uztea aipatzen zuten baina ere ibilkari gisa bizitzea. “Bidean ezer ez eraman” (Luc, IX, 3) eskakizuna anaidiaren bizitza-arauen oinarri bihurtuko zen. Frantziskok eta bere bidelagunek beti bidean izan behar zutela, egoitza finkorik gabe, ulertu zuten, aberastasunik eta jabetzarik gabe. Ez zuten dirurik ukan eta hunki behar. Haien jatekoa ez zuten erosi edo hautatu behar, besteek ematen zietenaren mende egon behar zuten. Lehen denboretan, Frantziskok eta bere bidelagunek lan egiten zuten eguneroko ogia irabazteko. Gilles-ek, partikulazki, eskuzko lanbide anitz egin zituen (urketari, intxaur-biltzaile, aizto-zorroztaile...). Hasieran binaka ibiltzen ziren eta bakea eta barkamena predikatzen zuten. Lehen denboretan, gaizki errezebituak eta tratatuak ziren. Arlote edo eskelari gisakoak ikusiak ziren. Baina, eskelariek ez bezala, ez zuten dirurik eskatzen.

Aita sainduaren baimena

Frantzisko eta bere lehen bidelagunak (dozena bat zirenak 1209an) Asiskoak ziren eta, lehen denboretan, Asisko lurraldetik ez ziren urrundu. Sorleku herrialdetik lehen aldikoz jalgi ziren 1209an Erromara abiatzeko Inozentzio III.a aita sainduari Asisko diozesaren mugetatik haratago predikatzeko baimenaren lortzeko. Asisko apezpikuaren sostenguarekin, hiru aldiz galdegin zuten baimen hori lortu aitzin. Lehen aldian, aita sainduak Frantziskoren eskaera ez zuen kontuan hartu. Bigarren aldian, Frantziskori jada ezagutua zen bizitza-arau baten segitzea eskatu zion. Azkenean, aita sainduak Frantziskori Ebanjelioa predikatzeko baimen pertsonala eman zion. Ordainez, Frantziskok eta bere bidelagunek tontsura ukan zuten eta elizgizon bihurtu ziren. Ordu arte, Frantziskok eta bere bidelagunek penitente kofradia laiko bat osatu zuten. Elizgizon bilakatuz, “fraide mendre” bezala izendatuak izan ziren. Anaidi berriaren lehen hamabi urteak, 1208tik 1220ra, guti dokumentatuak dira. Baina, Frantziskoren mezua hedatu zela eta bere anaidiak eragin gero eta handiago bazuela badakigu, Asisko pertsonalitate inportant zenbaiten konbertsioa ikusiz. 1211n, lehen apez bat sartu zen anaidian, Sylvestre, Asisko katedralean kalonje zena (alta, lehen denboretan, Frantziskoren ideiak salatu zituen). Ber urtean, lehen emazte bat konbertitu zen Frantziskoren mezuari. Emazte noble bat zen, Asisko Klara. Asisko nobleziako beste emazte zenbaitekin, Frantziskoren baimenarekin, Asisko San Damiano kaperaren ondoan instalatu zen. Komunitate berri horrek “Emazte Pobreen Ordena” izena hartu zuen, “Klaratarrak” deituak ere.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3858. zbk

Gure Hitza | 2026/11/12

Irudiaren indarra

Menane Oxandabaratz

Momentu hauetan manifestazio anitz iragaiten ari dira, hedabideek luze eta zabal emaiten dute hauen berri. Manifestazio horietan zabalduak diren aldarrikapenak aipatuak baldin badira, bereziki telebistako kate batzuek informazioaren tratatzeko manera desbideratua dela iduritzen zait.

Irudiek eragina badute, berehalakoa da eta bakoitzaren baitan emozioa sortzen du, arrazoinamenduzko analisia saihestu dezake. Ikuslearen baitan ikusi duena gelditzen da. Telebistako irudiak prentsa idatziak baino azkarragoak dira, zuzeneko arrazoi hutsetik haratago, irudi bisualek ikusmolde politikoa moldatzen ahal lezakete.

Hedabide batzuk informazioa emaiterakoan neurrigabeko irudi baten bila dabiltza: saltegi erreak, bazterrak xehatuak, gazteria errebelatua… Hots karrikan direnak denak gaiztaginak. Eguneroko bizitzan zailtasunak direlarik, milaka jende manifestatzera etorriak direlarik, nork du abantaila holako irudien erakusteko? Holako informazioen emaiteko moldearen helburua ez ote...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016