Azalekoa | 2018ko Azaroaren 29a
Beti euskararen alde!
M.O.
Nork ez du entzun Euskaraldia kanpaina abiatu beharra zela! Joan den ostegunean ofizialki hasi da, antolatzaileek Ipar Euskal Herria hautatua zuten "11 egunez euskaraz" deitzen den kanpainari hasiera emaiteko. Hogei urte guziz gisa hortako kanpainak iragan dira euskarari bultzada baten emaiteko.
Aitzineko kanpainak
Euskaltzaindiaren eskutik eramana izan zen lehen kanpaina, 1978ko ekainaren 17an iragan zen Bai Euskarari deitua izan zen kanpaina, San Mames futbol zelaian ekitaldi erraldoi batekin bururatu zena. Euskal Herrian zehar hamaika ekitaldi antolatuak izan ziren, euskal kantari batzuk, Pantxoa eta Peio, Urko, Mikel Laboa, Xabier Lete, Oskorri... diska bat plazaratu zutela. Hogei urte berantago, 1998an Kontseiluak sustaturik berriz abiatu zen Bai Euskarari kanpaina, urrian hasi zen eta abenduan bururatu. Kanpaina horren azken ekitaldia azkarra izan zen, memento berean bost tokitarik eta elgarrekin mezu berdina zabaldua izan baitzen: Gasteizko Mendizorrotza, Bilboko San Mames, Iruñeako El Sadar, Donostiako Anoeta eta Iparraldeko Agileratik. Orotara 120.000 pertsona bildu ziren, milaka jende kanpoan gelditu zelarik leku eskasagatik. Kanpaina horren helburuetarik bat izan zen euskararen erabilera sozioekonomiko arloetan erabiltzea, izan enpresa edota saltegietan.
Euskaraldiaren abiatze ekitaldia
Hogei urte berantago beste mota bateko kanpaina da abiatua, beti helburu berdinarekin, euskara akuilatzea. Baiona da hautatua izan abiatzearen egiteko, mugimenduko kide anitz hor ziren, herrietan antolatuak diren Euskaraldiko taldeak lagun zuztela. Politikari arduradunek ere erakutsi nahi izan dute euskararentzat zuten axola, Beñat Arrabit Euskal Erakunde Publikoko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultur eta Hizkuntza Politika sailburua, Paula Kasares Euskarabidea Nafarroako Euskara Zerbitzuko zuzendaria, hauekin batean Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea eta Amets Lahetjuzan Euskal Konfederazioaren ordezkaria. Euskal kultur munduko eragileak ere etorriak ziren besteak beste: Maddi Oyhenart, Ruper Ordorika, Odei Barroso, Alaia Martin eta Maryse Urruty.
Kanpainaren datu batzuk
Lehenik oroitarazi behar da, izena emaiterakoan bi baldintza bete behar zirela, 16 urte baino gehiago ukan eta euskara ulertzeko gaitasuna. Euskal Herriko 450 herrik parte hartzen duten, lurraldez lurralde horra zenbatek izena emana duten: Araban 17.500, Bizkaian 68.500, Gipuzkoan 84.000, Nafarroan 20.500 eta Ipar Euskal Herrian 5.500. Gehienik izena eman dutenak emazteak dira %63a. Adinaren aldetik, 16 eta 35 urte artean %36 dira, 36 eta 55 urte artean %47 eta 55 urtetik harat %17.
Segi dezagun euskaraz!
Bilbon 2017ko azaroan lehen aurkezpena egina izan zenetik, Euskaraldiak bide egin du, xinaurri batzuk bezala emeki-emeki, tokiz-toki dinamika bat sortuz euskaraz mintzatzeko eta uzkur denari gogoa emanez... euskara lau haizetara zabaldua izan dadin!!