Inbido | 2018ko Azaroaren 29a
Eta Xarles printzea noiz izanen da errege?
Muslaria
Aitzineko astean, azaroaren 14- an, Xarles printzeak, inglesen errege-gaiak, bete ditu bere 70 urteak. Arras berezia da zinez gizon horren kasua. Jende gehienak, kasik denak, erretretan jarriak izaiten diren adinean, bera oraino bere biziko lanbide nagusiari plantatzekoa da! Mundu guzian ba ote da beste norbait kasu hortan denik? Errege kargua noiz hartuko du azkenean? Ala ez du sekulan hartuko? Hartuko du untsalaz bere amak, Elixabet erreginak, tokia utziko diolarik... Edo hilen delakotz, edo, lanean aski arizana dela-eta, bere kargua uzten badu. Ez omen da haatik hortarik ari, hala diote beren gustuko segurik untsa ezagutzen duten guziek... Dena den, erraiten ahal da inglesen errege-gai bihi batek ez duela hoinbeste denbora igurikatu tronuan jarri aitzin. Kasik hoinbeste haatik, bainan ez arras, Gilermo edo Gilen IV-ak, 1830-ean hartu baitzuen errege kargua, ordukotz 64 urte bazituelarik.
Gales lurraldea gogoan
Xarles sortu zenean ama etzen oraino inglesen, eta beste askoren, erregina. Bere aita oraino bizi baitzen. Xarles, 1948-ko azaroaren 14-an sortua beraz, ondoko hilabetean bataiatua izan zen, bataioko ura espresuki ekar-arazirik Palestina aldeko Jordan ibaian hartua, Jesus bera bataiatua izan zen ibai hartarik. Xarlesek lau urte zituen, ama tronuratzearekin, Gales lurraldeko printze ekarria izan zen berehala, ardura hola deitzen-eta errege-gaia. Galestarreri egiten zaioten ohorea omen, hola kondatzen da segurik, eskertzeko nola onetsi zuten, hamaseigarren mendean, inglesekin bat egitea. Handik hameka urteren buruan ospakizun berezi baten karietarat Gales herrialdeko koro, korona edo buruntza eskaini zioten Xarlesi. Egun hartan egin zuen hitzaldian mintzatu zen inglesez bixtan da bainan erabiliz ere Gales lurraldeko hizkuntza berezia, frango polliki ikasia zuena, berak erranik egoki zela Galeseko printzeak hango mintzaira hein bat bederen menperatzea... Beste titulu asko ere badu Xarles printzeak. Mihi luze batzuk diotenaz, berak ere ez jakin hain segur zonbat!
Usu kurri
Xarles 32 urtetan esposatu zen Diana Spencer anderearekin, hunek 20 urte zituela. Ezkondu ziren etzutelarik kasik batere elgar ezagutzen eta ordukotz Xarles printzea maitemindua zagolarik bestalde. Bi haur ukan zituzten, bi mutiko, William eta Harry. Hamar bat urteren buruan senaremazteak berexi ziren. Beste bost urte joan ziren eta Diana hil zen Parisen, auto ixtripu batean. Diana biziki maitatua zen eta ainitzek pena handia hartu zuten gertakari latz horren gatik. Zortzi urte joan ziren oraino eta Xarles berriz ezkondu zen Camilla anderearekin. Aspaldian, ixilka bazen ixilka, biziki maite zuen emaztearekin. Iduriz, ingles jendeak hartua du ezkontza hori, jendea ez bada ere naski Camillari Dianari bezen atxikia... Eta Xarles nola dabila orai? Galdea beste gisa batetarat egin ditake, ez nola dabilan bainan nun dabilan. Elixabet erregina ez da bakarrik inglesen erregina. Mundu zabalean gaindiko Commonwealth herrialde elkargoa kudeatzen du. Nola bera ez den gehiago, adinaren gatik - 92 urte beteak À¢'€'" biziki ateratzen, lan hori gero eta gehiago uzten dio Xarles bere semeari. Hau da beraz usu kurri ibilki, harat eta hunat, kasik mundu guzian barna. Noiz izanen den errege, hori haatik besterik da...