Gure Hitza | 2018ko Azaroaren 29a

Ikus arte Aitor!

Jean-Louis Harignordoquy

Azaroaren 17an Itsasuko eliza ttikiegi zen Euskal Herri guzitik Aitor Sarasuari azken agurra egitera etorri lagunen kokatzeko. Biharamunean, Lurraman ere zonbat jenden solasetan ez zabilan 51 urtetako bertsulariaren joaitea! Berak herritarrak errespetatzen, maitatzen eta herria zerbitzatzen ikasia zuelakotz, ororenganik maitatua zen. Aretxabaleta sort-herrian, Xanti Iparragirrek sortu lehen bertsu eskola batean Jon bere anaiarekin eta adin bertsuko lagunekin ibiliz, gazte gazterik ikasi zuen bertsuka. Argazki historikoetatik bat da Sarasua anaiak, Iñurrategi, Euzkitze, Izarzelaia eta beste zonbait 1982an Uztapideren etxera joan ziren egunekoa. Eskola handiak eginak zituen bainan harrokeria ez zen harek sortua. Funtsean, maiz kantukide zuen anaia Jonek berak Gipuzkoako bertsularien txapeldun bilaka zitaiken egunean, zoin ederki ez zion tituluari uko egin, nahitara baliorik gabeko bertsu bat kantatuz. Egundainotik hain lehiazale izana den Euskal Herri huntan horren egiteko ukan zuen aski bertute eta kuraia. Oroitarazi behar dugu 1995ean bi anaiek elgarrekin moldatu zutela Fauna txiki bat bertso berritan izeneko diskoa.

Aitorrek ere, lehia ororen gainetik ezartzen zuen hitzarekin, errimekin, doinuekin eta ateraldi irri egingarriekin, behar zelarik hunkigarriekin jostatzeko nahiak sortzen duen lagun arteko giro euskalduna. Taulen gainean bezala mahain inguruan, olerkari puntu batekin poza eta emozionea entzuleekin partekatzea bilatzen zuen. Umore finez, baikortasunez, izpiritu idekiaz, xorrotxaz eta argiaz aberatsa zen. Azken urteetan, Baionako eta Itsasuko bertsu eskoletako lagunak etxera joaiten zitzazkon, harekin bertsuka aritzeko gogotsu. Itsasun familiatu orduko, Aitor sartu zen Bertsularien Lagunak elkartean eta lehendakari gisa Fermin Mihura zenaren segida hartu zuen bai eta kargua xintxoki bete, orain bere egoitza Gipuzkoako Villabonan duen Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko arduradunekin loturak atxikiz, eta hango bilkuretan parte hartuz. Eritasunak azkarki ahuldu zuelarik, Jesus Arzalluz-i utzi zakon iparraldeko adarraren ardura. Mugimendua lehentxago abiarazia baginuen ere, Aitor buru zen denboran gertatu da iparralde huntako bertsu eskolen loraldia. Jitez hain goxoa eta mintza errexa izanik, bazakien bertzeen ulertzen eta bazuen ikasle gazteen biltzeko alderdia. Urrats berrien emaiteko kemen ikaragarria erakusten zuen. Euskaraz alfabetatua, euskara batua eta euskalkiak berdin untsa menperatzen zituen. Eskualde guzietako euskaltzaleekin harremanak sortzeko gaitasuna bere baitakoa zaukan, eta bidenabar nehork baino hobeki lortu du osoki euskaraz bizitzea. Urtxo pasaia baten gisa da lur huntan gure bizitza. Aitor, zuk jasan kurutze bide hori izan da bortitza. Zu bake-gizon, bertsulari on, dena dohain ta jakintza, Gazteen artean erakaskuntzan egin duzu obra gaitza. Eskerrak zuri askoren baitan xertaturik bertsugintza!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3476. zbk

Segeretu baten pisua ezin jasana da jakinaren gainean beste nehork ez dakiela

Vladimir Jankelevitch

Gure Hitza | 2018/11/29

Ikus arte Aitor!

Jean-Louis Harignordoquy

Azaroaren 17an Itsasuko eliza ttikiegi zen Euskal Herri guzitik Aitor Sarasuari azken agurra egitera etorri lagunen kokatzeko. Biharamunean, Lurraman ere zonbat jenden solasetan ez zabilan 51 urtetako bertsulariaren joaitea! Berak herritarrak errespetatzen, maitatzen eta herria zerbitzatzen ikasia zuelakotz, ororenganik maitatua zen. Aretxabaleta sort-herrian, Xanti Iparragirrek sortu lehen bertsu eskola batean Jon bere anaiarekin eta adin bertsuko lagunekin ibiliz, gazte gazterik ikasi zuen bertsuka. Argazki historikoetatik bat da Sarasua anaiak, Iñurrategi, Euzkitze, Izarzelaia eta beste zonbait 1982an Uztapideren etxera joan ziren egunekoa. Eskola handiak eginak zituen bainan harrokeria ez zen harek sortua. Funtsean, maiz kantukide zuen anaia Jonek berak Gipuzkoako bertsularien txapeldun bilaka zitaiken egunean, zoin ederki ez zion tituluari uko egin, nahitara baliorik gabeko bertsu bat kantatuz. Egundainotik hain lehiazale izana den Euskal Herri huntan horren egiteko ukan zuen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016