Egun eta bihar | 2018ko Azaroaren 29a
Egun eta Bihar
J-B D
Bazterrak minbera
Horiz jauntzi horiek ez dute barkatu nahi. Larunbatean, ainitz izan dira Parisen, beste frangok manifestaldi asko egin dute Frantzia guzian gaindi. Toki gehienetan, denak hein bat untsa joan dira, zalapartarik gabe. Ez Parisen haatik. Hor, bazter nahasle atrebitu batzu sartu dira artean, makur handiak eginez, eta nahiko sukarra jauzi da. Ezin aise berexi beren arrangurak xintxoki agertu nahi zituztenak eta denak xehatu nahiz etorriak zirenak, gehienak horiz beztituak heiek ere, batzu beltzez. Izan dira polizarekin gaitzeko kalapitak eta denen buru kalte pizkorrak ere ba! Bereziki Champs-Elysées etorbide famatuan, untsalaz manifestaldirik etzelarik behar han gaindi. Besteak beste, saltegi batzu itsuski fundituak. Igande goizean, denak harrituak egoki, nolako desmasiak izanak ziren! Macron presidenta ere ahalgetua, holako bortizkeriak ezin onetsiz! Orotarat, hogoita-zonbait kolpatu, hori ere ez da ahantzi behar. Eta orai, zer gertatuko da? Jadanik deiak badira zabalduak helduden larunbatean berriz hasteko.
Horiz jauntzia
Jean Lassalle biarnes deputatuak berriz ere egin dauku bere gisako balentria. Legebiltzarrean, gobernuari galde batzuen egiteko bilkura berezian, berriketari gehiago han izaiten den egunean beraz, bere tokian plantatu da ainitz manifestalditan ikusten diren bezalako jauntzi hori bat soinean. Legebiltzarburuari etzaio hori batere gustatu, ez dela holakorik egiten deputatu delarik. Nola deputatuak etzuen kentzen bere barnekoa, hiru aldiz segurik galdetu zaiolarik kentzea, biltzarburuak bilkura geldiarazi du geroxago berriz hasteko. Berak dionaz, Jean Lassalle deputatuak nahi ukan du erakutsi ados dela aseak eta nardatuak diren horiekin. Eztabada asko piztu da. Batzuk diote hautetsi batek, holako biltzar batean, behar duela "oneski" beztitua agertu, beti untsa emana. Bainan zer deitzen da "untsa emana"? Beste batzuen gustuko, bakoitxak badu bere gusturat beztitzeko dretxoa, deputatuen artean ala beste nun nahi, nun ez den sobera biluzia edo hola... Dena den, Jean Lassalle huntan bederen irabazle izan da, balentria horrek, frangok erranik ere balentria txarra dela, ukan du zernahi eta zernahi aipaldi!
Lausenguka
Emmanuel Macron ez da beraz agertu Frantziako auzapezen biltzar nagusirat, nahiz biltzar hori Parisen muntatua zen aurten, bere etxetik ez biziki urrun. Ez da bilzarrerat joan bainan auzapez andana bat gomitatu du Eliseo egoitza famaturat. Bi mila baino gehixago bildu omen dira karia hortarat. Arras lasaia iduri zuen giro batean, auzapezak arizan zaizkio galdeka eta presidentak ihardetsi diote biziki lañoki. Ezagun zen segur auzapezen lausengatzerat ari zela. Ez du nehor apaldu, ez du bere solasetan batere sartu artetan egiten dituen bezalako ateraldi harrigarririk. Ez da erasiaka arizan, izaitekotz konplimenduka, auzapezek sail baliosa deramatela... Bilkura goxoa denen buru, iduriz segurik... Ondotik auzapez frangok azpimarratu dute haatik besterik igurikatzen dutela ondoko egunetan. Ele ederrak ez direla aski. Auzapezak ez direla arrazoinik gabe arranguratzen, ainitz buruhauste badutela, alde batetik gero eta lan gehiago, bestetik gero eta diru-sartze gutiago. Biharamunean, Edouard Philippe gobernuburua izan da auzapezen billtzar nagusian eta hura ere dena lausengu arizan. Ez da errana ainitz tanto irabazi duela ezen egin diote prediku epel bat, arrunt epela kausi zitakeena, eta zinez biziki luzea, Mehetegiko xakurraren muturra baino luzeagoa...
Kezkagarri!
Bada hor gaindi, hiri handietan bereziki, hala nola Bordelen berean batere urrunago joan gabe, gaitz bat itsuski hedatzen ari dena, gehienik aratsetan. Gazte hutsak diren mutiko batzuk zernahi gauza ebasten dute nornahiri mendekatuz gutien ustean. Dena mehatxu eta bortizkeria, moltsak ebasten dituzte bainan ere mugikorrak, lepoko edo eskumuturreko gauzak. Gazte horiek kanpotiarrak dira, kasik denak Ipar-Afrikatik etorriak. Bainan ainitz tokitan poliza ohartua da, edo ohartzen ari, gazte horiek gaixtagin atrebitu batzuen menekoak direla, kasik heien esklaboak, lan tzarretan artzeko manatuak, berek ere ederrak pekatzen. Zer egin behar litake gaitz hori ez sobera hedatzeko?