Hegoaldean | 2018ko Azaroaren 29a
Hegoaldean
Euskara dohainik ikasteko legea
Eusko Legebiltzarrak euskara dohainik ikasteko lege proposamena onartu du. Herritar guziek euskara jakiteko eskubidea izaitea du helburu. EH Bilduk aurkeztutako proposamena gehiengo zabal baten baimenarekin onartua izan da, Gernikako Estatutuan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko legean araututa dagoen bezala, herritar guziek dute euskara jakiteko eskubidea. Legebiltzarrak azken baimena eman behar dio. PP izan da horren kontra bozkatu duen bakarra, "ez baita beharrezkoa". "Diskriminatzailea, askatasunaren kontrakoa, xantaiagilea eta arauen kontrakoa da". Koalizio abertzaleak aurkeztutako lege proposamenaren kontra "argudio barregarriak eta faxistak" erabili izana leporatu dio Bilduk PPri, herritar guziek euskara jakiteko eta hizkuntza dohain ikasteko eskubidea dutela gogorarazi dio PPko legebiltzarkideari.
Euskaraldia: 200.000 lagun Ahobizi edo Belarriprest
Azaroaren 23an, Baionan egin estreinaldiarekin hasi da Euskaraldia ekimena, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzeko ariketa soziala. Euskal Herriko 405 herritako 16 urtetik gorako 200.000 lagunek eman dute izena orain arte Euskaraldian. Horietarik %74 Ahobizi (euskara ulertzen duten guziei euskaraz hitz eginen diete eta lehen hitza euskaraz eginen dute) izanen dira, eta gaineratekoak Belarriprest (euskaraz hitzegiteko gai diren mintzakide guziei euskaraz hitz egiteko gomita eginen diete). Araban 17.500 pertsonak eman dute izena; Bizkaian 68.500 dira; Gipuzkoan 84.000; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 5.500: eta Nafarroan 20.500.
Justiziaren gorabeherak
Hemendik beretik aipatua izan ditugu espainiar justiziaren gorabeherak. Gaur atal berri bat. Harrigarria badirudi ere, PPk eta PSOEk elgarrekin adostu zuten botere judizialaren osaketa. Komentarioen arabera, nahiz eta hautaketa moldea salatu, oro har kolore "progresista" luke, bainan presidenta Marchena epailea ezartzearen truke. Hunek epaile kontserbadorearen fama badu. Eskandala piztu du PPko kide batek txio batean erraiteak "auzitegia kontrolpean daukagu". Berehala Marchenak bere demisioa eman du. Erranez betidanik independentzia izan dela bere iparrorratza.
Milaka lagun indarkeria matxista salatzeko
Milaka lagun mobilizatu dira azaroaren 25ean, emazteen kontrako indarkeria gaitzesteko. Emazteenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, euskal hiriburuetan manifestazioak egin dira "Justizia Patriarkalaren Gainetik, Saretze Feminista" lelopean, besteak beste, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan. Gaur egun, indarkeria matxistaren biktima diren 4.565 emakumek Ertzaintzaren babes neurri bat dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. Horietatik 66 emakume entzunak izan dira eta 732k bortxa telefonoa daukate.
Eusko ikaskuntza: ehun urte
Mendeurrena oroitzeko ekitaldi instituzionala egin du Eusko Ikaskuntzak Oñatin. Bertan izan dira Euskal Herriko lurralde guzietako agintariak, bai eta kulturako eta gizarte eragileen ordezkaritza zabala ere. Mendeurreneko ekitaldi instituzionaleko buru izan dira Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria eta Jean-René Etchegaray Iparraldeko Euskal Elkargoko lehendakaria.
Presoen eskubideen aldeko manifestazioa urtarrilaren 12an
Presoen eskubideen aldeko manifestazioak deitu dituzte urtarrilaren 12rako Sare plataformak eta bakearen artisauek. Baionan eta Bilbon eginen dira mobilizazioak, "Bakegintza eta elkarbizitzaren bidean: orain presoak" leloarekin. Armagabetzearen eta ETAren desegitearen ondotik, "orain presoen aldia izan behar duela" erran nahi diete Madrili eta Parisi.
Hauteskundeak helduden maiatzean?
Espainiako Gobernuak ez du baztertu hauteskunde orokorrak maiatzaren 26an antolatzea. Igande horretan udal, foru, erkidego eta Europako hauteskundeak egingo dira, zinezko "superigande" bat bihurtu daiteke egun hori.
Erretretadunak beti mobilizatuak
Abenduaren 15ean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean eginen diren manifestazioetan parte hartzera dei egin du Bizkaiko Pentsiodunen Plataformako koordinatzaileak. Ehunka erretretadun elkartu dira, astelehenero bezala, Bilboko udaletxearen eskaileretan, Bizkaiko Pentsiodunen Plataformak deituta. Jon Fano koordinakundeko kidearen hitzetan, "presioa egiten eta mobilizazioarekin soilik lortuko dugu orain arte Madrilgo edo euskal administrazioak proposatutako baldintzak aldatzea"; "Ez dugu itxaropena galdu behar, eta Madrilgo ala Euskal Herriko gobernuak presionatzen jarraitu behar ditugu 1.080 euroko gutieneko erretiro-pentsioa lortzeko".
Presondegien kudeaketaren transferentziarik ez
Nahiz eta Gernikako Autonomia Estatutuak, presondegien kudeantza Euskadiri transferitu behar zaiola aurreikusi, orain agendan ez dagoela adierazi du Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak. Urkullu lehendakariak erantzun dio ez dela Sanchezekin adostu erabakia. Bi transferentzia erkidegoaren esku uztea adostu dute Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak: AP-1 autobidearen Armiñon eta Burgos arteko zatia eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbao- Basauri trenbide linea. Bi transferentziren eskualdatzea ofizial egiteko asmoarekin, bilkura eginen du Transferentzien Batzordeak azaroaren 26an. Zazpi urte iragan dira azkenekoz bildu zirenetik, 2011z geroztik ez dute bilkurarik egin.
Durangoko azoka abenduaren 6tik 9rat
Durangoko Azokaren 53. edizioan 158 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte, erakunde eta banatzailek parte hartuko dute. 247 erakusmahai egonen dira eta 439 gai berri aurkitu ahal izango dira bertan: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko 1 eta bestelako 23 produktu. Durangoko Azokako Sormen Beka jarriko dute martxan.
Hartza Nafarroan artaldeak erasotzen
Frantziak berriki libratu esloveniar bi hartzek dagoeneko bi eraso egin dituzte Nafarroako artaldetan. Azkena Isaba aldean artzainen kexua piztu dutena. Ardi bat hilik aurkitu dute eta artzainek ala instituzioek informazioa galdatu diete frantziarrei jakiteko nundik dabiltzan. Iduriz Pirinio hegoaldean kokatzen dira dagoeneko, bainan Xiberoko mugatik hurbil.
Alderdi abertzaleak Madrilgo legebiltzarretik kanpo?
Alberto Rivera, Ciudadanos alderdiko buruak, ezin ditu abertzaleak legebiltzarrean soportatu. Deputatu alki baten lortzeko legean, gutienez botoen %3a lortzea nahi luke ezarri. Horrela (ERC-PNV-PDCAT) euskaldun ala kataluniar alderdi gehienek ez lukete deputaturik lortuko, bidenabar Sanchez eta sozialistek ez lukete gehiengorik; "horrela Espainia iraintzen eta tu egiten diotenek ez lukete lekurik legebiltzarrean" dio Riverak. Hari beretik, PPko deputatu batek gaurko demokrazia kakazkoa dela salatu du, 1936koarekin alderatuz. Demokrazia lanjerean ez ote da Espainian?
ATA (Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimendua)
ATAk manifestazioa egin du Bilbon, ETAko presoendako amnistia aldarrikatzeko, "independentziaren alde borroka egin zuten gudariak direlako, ez terroristak". Ehunka lagunek bat egin dute ATAren deialdiarekin, eta "Gudariak direlako, amnistia osoa" lemapean manifestatu dute Bizkaiko hiriburuko kaleetan.
Arrasateko udalan Carrascoren omenezko ekitaldia
Arrasateko Udalak Isaias Carrascoren omenezko ekitaldia egin du. ETAk 2008ko martxoaren 7an hil zuen zinegotzi sozialista. Hamar urte berantago, lehen aldia da omendua dela, talde guzien parte hartzearekin. Auzapezak aitortu du urte luze horietan ez zutela behar zen errukia adierazi biktimaren familia ala lagunei autokritika eginez.