Mundu zabalean | 2018ko Azaroaren 29a
Mundu zabalean
M.L.
Europa eta Erresuma Batua: dibortzioaren dokumentuak prest
Joan den igandean bildu ziren Europar Batasuneko 27 estatu buruak Erresuma Batuaren ateratzeko bi dokumentu nagusiei azken begirada baten emaiteko. Aho batez bozkatu dituzte. Lehenik 538 orrialdeko dokumentu kozkorra, ezin zehazkiago finkatzen ditu dibortzioaren elementuak. Bigarren dokumentuak 26 orrialderekin arautzen ditu Europar Batasuna eta Erresuma Batu separatuaren arteko harreman berriak. Bi dokumentuak lerroz lerro negoziatuak dituzte bi entitateek azken hilabetetan. Egiazko balio eta indar politikoa hartuko dute Erresuma Batuko lege biltzarrak hitz beretan bozkatuko dituelarik. Mementoan ezin erran noiz gauzatuko den hori.
Errusia eta Ukraina: hi bahaiz eta ni banauk
Errusiak hiru itsasontzi ukrainar setiatu zituen joan den igandean tirokatu ondoan. Kertxeko itsasartean gertatu da tiroketa eta setioa, Ukrainako hego ekialdean. Ukrainako Odessatik abiatuak ziren hiru ontziak itsaso beltzean barna, Errusiak arma bidez beretua duen Krimea zeharkatua zuten, eta Azov-eko itsasoan sartu nahi zuten, horrat emaiten duen portu ukrainar batera heltzeko. Errusiak Kertxeko itsasartean igurikatu ditu hiru ontziak. Gune horren kudeatzaile bakarra dela erakusteko tirokatu ditu, ez zutela hortik iragaiteko baimenik azpimarratu ondoan. Ofizialki ez diete errusiar abisuei kasurik egin, horrengatik dituzte setiatu. Gertakari horren ondotik Ukrainak NATOren bilkura berezi bat eskatu du, Errusiak aldiz NBE-ko bulegoaren bilkura bat.
Petrolioaren prezioaren dantza
Gutarik gehienak ez dira hain segur ohartu, baina petrolioaren prezioa apaldu da hilabete honetan 60 dolarren azpirat dupa. Joan den ostiralean London-go merkatuak brent-dupa 59 dolarretan saldu du. New Yorken aldiz petrolio dupak 50,42 dolar balio zuen. Iazko urriaz geroztik 60 dolarreko marraren gainean egiten ziren salerospenak. Beherakada horren arrazoinak zein ote dira? Adituek ez dakite sobera. Ohartzen dira petrolio erreserbak azkarki goratuak direla, batetik ekoizpena emendatuz joan delako, bestetik kontsumoak ez baitu saltzailek usteko zuten bezain beste goiti egin. Konprenigarria den gauza, petrolioa merke delarik, duela bi urte bezala, aise onartzen da gehiagoren erostea, sekula izan den bezain gora hupatzen delarik aldiz bietan kasu egiten hasten dira erostunak. Ekoizleen aldetik Saudi Arabiak azkarki emendatu du ekoizpena aurten, pentsaturik Iranen salmentak apalduko zirela estatu horri nazioartetik abiatua zaion boikotaren jarraian. Ordea badirudi segitu duela Iranek bere petrolioa saltzen izari handian oraino. Errusiak ere Saudi Arabiak karkula berak eginik azkarki emendatzen hasi du petrolio ekoizpena. Emendio horiek azkarki goratu dute petrolioaren eskaintza eta prezioak jausten hasi dira. Ameriketako Estatu Batuek ere azkarki parte hartu dute eskaintza horren emendioan. Berek eskistotik ateratzen duten petrolio kantitatea egunean 11 milioi duparaino hupatua da azken bi urte haue tan. Ondorioz ekialde hurbileko petrolio gero eta gutxiago erosten dute amerikarrek. Venezuelak bizi duen egoera gorabeheratsuaren ondotik, petrolio ekoizpena kasik egunean milioi duparaino apaldurik, eskisto amerikarrak hartua du aise haren lekua. Hots, Ekialde Hurbileko petrolio ekoizleen erakundea (OPEP) abenduaren 8an bilduko delarik erabakiko dute hain segur petrolio eskaintzaren funski apaltzea, prezioaren huparazteko. Horrenbestez petrolioaren prezioa berriz goiti joanen da. Frantzian ari den Atorra Horien mugimendua sortua da hain zuzen jendeak ez baitu jasaiten ahal ezantzaren prezio hain gora. Gobernu frantsesak makila bi puntetarik atxiki nahi du: ezantzaren prezioa apalarazi, berak ezarriak dizkion tatsak hunkitu gabe. Horrengatik ezantza banatzaileek hitzeman diote petrolioa apaltzen delarik segidan apalduko dela ere ezantzategietan. So egin dezagun beraz ongi ezantza hartuko dugun urrengo aldian aitzin baino gutxiago ordainduko dugun!
Carlos Ghosn Himalaia gorenetik polizetxeko barne hotzerat
Munduko enpresa-buruen artean lehen lerroan zen oraino azaroaren 19an Carlos Ghosn, Renault-Nissan-Mitsubishi hirukotearen buruzagi lehena. Tokyoko aireportuan bere hegazkinetik ateratzean arrastatu zuten eta geroztik Japoniako polizaren eskutan segitzen zuen oraino joan den aste buruan. Ordutik da munduko aktualitate penalaren goi-buru bilakatua. Leporatua zaio sei urtez segidan Japoniako gobernuari bere irabazi erraldoiaren erdia gordetzea. Ez gara kafe baten sariaz ari, 62 milioi euro balituzke gordeak. Zifra horiek egiaztatzeko denbora anitz emanen du Japoniako justiziak, erranen nuke bi urte den gutxienetik. Tarte horretan Carlos Ghosn preso atxikia izanen den ere epaileek erranen dute. Kanporat ateratzen diren zipriztin jarraikiek erakusten dute Nissan barnetik jin dela Carlos Ghosn lurreratu duen tiroa. Gainera diru gordeketari beste bi akusamendu gehitu dizkiote: bere arrebak hilabetean 9 000 euroko soldata hunkitzen lukeela enplegu faltsu baten kari 2002az geroztik. Carlos Ghosnek berak Nissan enpresako ontasunak baliatzen lituzke bere beharren ordaintzeko. Nissaneko zuzendaritzatik kanpo ezarria izan baldin bada, Renault-ko administrazio kontseiluak suspenditu du Carlos Ghosnen kargua, bakarrik mementoko. Frantziako gobernuak ez du inkestarik ireki Renaultik ateratzen duen soldata osoki aitortzen duen jakiteko. Gogoan har dezagun zenbat irabazten duen: Nissanetik 8 milioi euro urtean, Mitsubishitik 1,5 milioi, eta Renault-ik 7 milioi euro.