Kostaldean | 2018ko Apirilaren 12a
Kostaldean
Duela bi aste, sail huntan berean, jadanik aipatua dugu gai bera, Ziburun aldaketa pizkorrak izanen direla autoen aparkalekuentzat.
Ziburuko aparkalekuak (beretik)
Duela bi aste, sail huntan berean, jadanik aipatua dugu gai bera, Ziburun aldaketa pizkorrak izanen direla autoen aparkalekuentzat. Ainitz toki orai arte urririk zirenak pagatuz izanen direla. Errana zuten bezala, aldaketa horietaz mintzatzeko bilkura bat iragan da Bordagaineko dorrean. Ehun bat lagun bildu dira eta frangok entzunarazi dituzte beren kezka eta arrangurak. Denak edo kasik denak ados dira haatik erraiteko ez ditakeela orai artinoko moldean segitu, sobera galkadura badela, auto batzuk beti toki bera hartzen eta egun osoak han egoiten ere berdin. Azkenean, hori ez dela on nehorentzat... Bainan zer egin behar da beraz? Herriak nahi du azkarki zabaldu pagatuzko eremua. Bai hiribarnean eta bai Zubiburu alderat. Sobera batzuen gustuko. Zer preziotan tokiak? Ez da deus trenkaturik bainan erakusterat eman dute oreneko bi euro har lezazketela. Hori ere sobera bilkura ziren frangoren gustuko. Herritarrentzat balitazke haatik errextasun bereziak. Hilabetean 15 euro pagatu behar eta hortan kito. Hori ere gehiegi dela erran dute zonbait lagunek. Eta noiz aldaketa horiek? Xuxen erraiteko, Herriko Etxean ere ez dakite oraino, bainan oraiko ustez uda aitzin, ekain erditsutan edo hola orobat. Hautetsiek entzun dituzte batzu eta besteen erranak, xeheki aztertuko dituzte beren artean eta gero erranen zeregiten ahal duten frango latzak iduri duten xede horien goxatzeko...
Norentzat arroltze horiek?
Aspaldiko ohidura izan behar da hori, Pazkokari arroltzeak nunbait gordetzen dira haurrakibiltzeko nun ditazkeen bazterrak mia eta mia... Ziburun, Pazko ondoan dute arroltzejoko bat muntatzen, udaberriko oporraldiak direla-eta. Hilabete guzian bada beraz arroltze bat txokolatezkoa (edo txokoletazkoa) ez dena batere gordea bainan denen bistan ezarria turismo-bulegoan. Behar da ikusterat joan eta haztatu. Zer pisu duen asmatu. Aste hondarrean, nork duen pisu xuxena kausitu eta arroltzea harentzat izanen da. Nehork ez badu pisu xuxena kausitzen arroltzea emanen zaio pisu xuxenetik hurbilenerat heldua izanen denari. Ondoko astean beste arroltze bat ezarriko dute toki berean eta jokoa berriz haste...
Haize-Hegoa elkartearen erakusketa
Hendaian, Haize-Hegoa artista elkarteak muntatzen du aurten ere bere erakusketa berezia, aldi huntakoa berrogoita hamabosgarrena. Aste huntan idekia, apirilaren 28a arte iraunen du Mendi Zolan kultur-gunean. Parte hartzen duten margolariak badira hiruetan hogoi bat...
Lanpostu batzu gogoan
Hendaian, hitzordu berezi bat ortzegun huntan, apirilak 12. Lehen aldia hori hola muntatzen dutela. Foro gisako topaketak, alde batetik lanpostu zerbait eskaintzen ahal luketen batzu, bestetik lana xekatzen dutenak. Goizeko 9etarik arratsaldeko 3ak arte Irandatzeko kiroldegian.











