Euskal diaspora | 2018ko Apirilaren 12a
Gomita euskal gazteeri uda huntan euskal kultura irakasteko Argentinan
Joseba Etxarri
Hirugarren urtez antolatu dute Cordoba probintzia argentinarreko Villa Maria herriko Euzko Etxekoek gazteendako "Anima Zaitez" programa.
VILLA MARIA, ARGENTINA
Hirugarren urtez antolatu dute Cordoba probintzia argentinarreko Villa Maria herriko Euzko Etxekoek gazteendako "Anima Zaitez" programa. Gomita Euskal Herriko 18 eta 30 urte arteko gazteendako da. Euskaradunak behar dute izan, gaztelania konpreniarazteko maneran mintzatu eta euskal kulturako segidako gai hauetako bat edo gehiago menperatu: euskal dantzak, musika, kirola edota gastronomia. Ez da diplomarik galdegiten, gogoa eta irakasteko nahikaria baizik. Lau gazte hautatuko dira Villa Marian uztailaren 7tik 22ra euskal kultura tailerrak emateko. Bidaia Euskal Herritik Villa Mariara gazteen kondu izanen da eta ostatua, egonaldia eta otorduak Villa Mariako Euzko Etxearen kondu. Izena emateko epea maiatzaren 9a da. Xehetasun gehiago Facebooken Anima Zaitez-en, edo animazaitez.cvascovm@gmail.com helbidera idatziz.
BOISE, ESTATU BATUAK
Aurkezpen berezi bat eginen dute Boiseko Euskal Museoan apirilaren 20an, ostirala, Jean Flesher eta Amerikanuak taldekoek, 18:00etan. Lehenengo, Estatu Batuetako euskal musikaz mintzatuko dira, lehengo eta oraiko musika eta moldeak, eta hondarreko hogeita hamar urteetan izan duen garapena aipaturik. Menturaz heien 'Azkenean' diskako aire batzuk ere joko dituzte. Ekitaldia kitorik da eta zintzurra bustitzeko eta pintxo batzuk dastatzeko aukera izanen dute bertaratzen direnek. Guziak ez dira Boisen izanen, baina 'Azkenean' grabatu zuten Amerikanuak-eko partaide dira: Jean Flesher, Jean-Jules Flesher, Jean-Pierre Etchechury, Christian Iribarren, Daniel Iribarren, Rene Caballero (+), Michelle Iturriria, Pierre Igoa eta John Ellis.
BUENOS AIRES, ARGENTINA
Hondarreko urtetan zenbait aldiz aldatu dute Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxekoek heien jatetxeko kontzesioduna. Orain, sinatu berria dute kontratua Euskal Etxeak eta hiriko Lekeitio jatetxeko arduradun den Shanti Aboitizek, proiektu eraberritu bati bide emateko Laurak Bat-en barneko 'Amalur' jatetxean. Shanti Aboitiz izanen da jatetxeko eta hunen baitan abiatu nahi den euskal proiektu berrituko buru. Menuak, euskal sukaldaritza tradizionala eta berria batuko ditu. Eta jatetxea musika eta arte ekitaldien leku izanen da. Gogoratu jatetxearen barnean, Gernikako Arbolaren munduko kimu zaharrenetako bat hazten dela, 1906an landatua, beraz eraikina baino zaharragoa dena, eraikina 1939koa baita, arbola errespetatuz goititua.
BUENOS AIRES, ARGENTINA
Hiriburu argentinarreko Iparraldeko Euskal Etxeak bete berriak ditu apirilaren 1ean 123 urte. 1895ean sortu euskal etxeak afaria egin du aste huntan, asteazkenean, bere egoitzan, 123 urte horien karietara eta Mikel Garikoitz etxeko zaindari izendatu zutela 70 urte bete direla ospatzeko.











