Gure Hitza | 2018ko Uztailaren 26a
Irabazi baino gehiago galtzen delarik
Jean-Louis Harignordoquy
Frantses Gobernuak ez ditu biziki aipatzen hizkuntza eta kultur ainiztasunak. Estatua ez balitz den bezain jakobinoa, idekiko zituen Seaskak galdatu 25 erakasle postuak, ikasleak utziko azterketak euskaraz egitera, eta ber gisan beste hizkuntza guttituen salbatzearen alde bermatuko. Estatuak elkorrarena eginez, berak ere irabazi baino gehiago galtzen du. Bioaniztasun kondu, iñarak eta beste xori mota batzu desagertzera doatzi. Asiako leiztorrek erleen lekua hartzen ari dute. Airearen eta uraren kutsadurak goiti doatzi. Bada kezkatzekoa. Nicolas Hulot izendatua izan zelarik ingurumen ministro, jende frango itxaropentsu agertu ziren. Bainan ikustean Notre Dame des Landes gunean jarriak zirenen haizatzeko molde bortitza, gizarte osoaren onerako den laborantza biologikoa eta nuklear menpekotasunaren orde energia berriztagarriak bultzatzeko borondate eskasa, hastapen hartako esperantzak airatu dira geroztik. Ministroa ez da gai izan pozoin saltzaileen nahiaren aurka glyphosate delakoa debekatzeko. Halere beti bezain ozenki mintzo da bioaniztasunaren alde. Bere ustez atxemana du aterabidea, hain segur bere zerbitzuetako teknokratek beharri xilora ufatua: Esloveniako bi hartz eme Pirinioetan sartzea. Alta hartz mota hori ez da batere desagertzekotan. Gordetzen dute hartz mota hori berez ausartagoa eta jendearen ganako beldurrik gabea dela. Errumanian baditu hogoi bat presuna hilak eta ehun bat zaurituak. Menturaz uste dukete perestuago bilakatuko dela Pirinioetara ekarriz, bioaniztasunarentzat hain beharrezkoak diren hemengo erle kofoinak ez dituela suntsituko, eta ibilkariei ez zaiela oldartuko. Bigarren amets bat badaukate mendialdeko artzaingoaz eta bizimoduaz deus ez dakiten buru handiek: Frantzian dabiltzan otsoen kopurua 500etara helaraztea. Joan den ekainean Ossau ibarrean bat ikusia izan da. Ez dakitea basa ihizi guziek umeak egiten dituztela, eta hein batetarik goiti ezin mugatua dela heien kopurua? Hiri inguruetaraino sartzen ari diren basurdeen eta goseak dauden ehunka saien kasuan bezala. Dena den, bi helburu horien lortzeko ez da diru eskasiarik, ihiztatzeak ekiditeko kaxketadunen pagatzeko eta bertze. Aldiz, mendi eta haranen biziarazle segurrenak diren artzainek aski omen dute gau eta egun erne egoitea beren artaldeak basa ihizien erasoetarik beiratzeko. Erreka eta ibaier doakienez ere, deitoragarri da ingurumen ministeritzaren jokabidea. Amuarrain jale handiak diren gartza osteak ohiltzen laguntzeko orde, menderen mende eiherek ekarri dituzten onuren aurkakoak dira Prefeturetako manuak. Zer diru xahutzeak arrainen goiti beheitiak errextea ustez, ur emaria errepuski arazteko eta gaindikatzeak ttipitzeko baliosak diren presa frango itsustuz, lanjerean ezarriz, edo berdin deseginez; bidenabar hidroelektrikaren garapenari hegalak moztuz. Herritarrek noiz arte jasan behar ditugu zentzugabe batzuk bertzeentzat hartu erabaki txarrak?









