Mundu zabalean | 2018ko Uztailaren 26a
Mundu Zabalean
M.L.
Xinatarrek Bordeleko arnoa maite
"Xinatik natorren nagusi bat naiz ni...." Paristik natorren kantua eskerniatuz izenda dezakegu Naijie Qu 56 urteko enpresa buru xinatarra, "Haichang" izeneko holdinaren muntatzailea. Bordeleko arnotegiei interesatu aitzin fortuna egina du Xinan berean, itsas-garraiotza, imobiliarioa eta aizina-parkalekuetan. Bordele aldetara jitearekin ohartu zen mahastien ekonomia biziki hedatua dela, eta guziz, Xinan saltzen diren hamar botoila arno gorritatik bat jadanik Bordelekoa dela. Hots, 20082010 urtetan hasi zen gorri-gorria Bordeleko arnotegien salerospen merkatua ikertzen. Ikertuan ikertu jaka jaka 24 arnotegi erosi zituen Naijie Quk Bordeleko sormarka zutenak. Zenbaki zuzena inork ez du ezagutzen baina adituen arabera 55 milioi euro atera zituen sakelatik. Artetik erraiteko ez da Bordeleko arnotegiak erosten dituen xinatar bakarra, Akitaniako merkatal ganbararen arabera xinatarrek badituzte erosiak 160 arnotegi, Bordeleko arnotegien eremuaren %3a. Informazioaren osatzeko gehitu beharra dago Xinatarrak ez direla mahatsa nola handitzen den beha egonki oin bat bestearen gainean; gazteak dotzenaka igortzen dituzte Pekin eta Canton hirietatik Bordeleko arnoaren ongi egiten erakasten den ikastegietarat. Hots, urte gutxi barne Naijie Qu enpresaburua arras etxekotua, noiz nahi ba zebilen Bordeleko merkatal ganbaran.... 2014ko ekaina arte. Orduan Xinako kontuen auzitegiak salatu zuen Naijie Qu eta "Haichang" bere sozietateak salerospen eta eragiketa batzuk legez kontra burutu zituztela. Hori irakurtzearekin Frantziako finantza polizak segidan ikerketa bat erraldoia abiatu zuen. Hiru urte pasa iraun dute polizaren ikerketek. Lehenik zilatu behar izan dute zenbat arnotegi erosiak zituzten. Bai eta guziz, zenbat sozietate muntatu dituzten, inor ez mesfidatzekotan xinatar enpresaburu bera ari zela arnotegiak karraskan erosten. Ikerketak ez dio polizari paradarik eman 24 arnotegien salmentak legez kanpokoak direla frogatzeko. Bi dotzenetatik hamar arnotegi sesituak izan dira joan den apirilaren 20an. Sotoetan dituzten botoila eta barrika guziak sesituak dira, eta aurtengo uzta ere sar arau sesiturik geldituko da. Haatik, hasian hasi polizako ikerleek sarean atzeman dituzte oraino bi notario eta bi kontu-komisario. Lehenei leporatzen diete, salerospena burutu aitzin ez dutela aski aztertu iturri garbitik ote zetorren xinatarrek zekarten kapitala. Hari beretik bi kontu-komisarioei leporatua zaie salerospenei legezko benedikapena emaitea doziera lerroz lerro irakurri gabe. Haichan sozietateak 30 milioi euro mailegatu zituen ICBC bankuan (Industrial and Commercial Bank of China). Parisen kokatua den entitate hau ohartu zen Xinatarrek eskatu diru mailegua notario baten izenpedura imitatuz egina zela. Ordea berantegi zen jadanik bankuak prestamua onartua baitzuen. Dela bankuak, dela notarioak pleinta ekarria dute Naijie Quren kontra. Ez da errana poliza finantzieroak bien "fede ona" ezagutuko dutela.
652 tokiko hizkuntza Indonesian
Hego ekialdeko Asian Indotxina eta Australiaren artean kokatuak diren 17 000 uharte bilduak dira Indonesiaren kapelu pean. Estatu bat bakarra osatzen dute, 1949an ezagutua, 255 milioi biztanle kondatzen dituena. Nahiz estatu kolpe eta gobernu militarrak ezagutu dituen 1950-1980 urtetan, geroztik errepublika moldean antolatua da, 600 uhartetan barreiatuak diren biztanleak gobernatzeko 34 lurralde zutik ezarriak ditu, bakoitzaren barnean aitzinagoko elkarbizitzak ezagutuak direlarik, tartean lekuko buruzagi batzuk "errege" titulua dutenak oraino. Badirudi Indonesiako errepublikak hartua duela Eliza Katolikoaren lege nagusiaren bidea: lege eta gobernu-bide berriak indarrean eman aitzineko ohiturak osoki indargabetu gabe. Hots, gisa batez erran daiteke Indonesian badakitela makila bi puntetatik atxikitzen. Punta bateko uhartetik beste puntakoraino 5000 kilometroko distantzia bada. 17 000 uhartetatik 6 000 okupatzen ditu jendeak. Klima ekuatoriala dute, tenperatura dabilkiela 23tik hotzenean, 27/28raino beroenean. Badituzte hala ere 70 sumendiz goiti edonoiz atzartzen zaizkienak. Bat laba botatzen hasten denean gobernuak ingurutarrak uhartez aldatzen ditu, hori biztanle kopuru ttikien kasuan. Eta kurioski jendea lehenagoko lekuetara aise itzultzen da, sumendia doi bat hozten hasi orduko, jakina baita sumendietako botakinak biziki aberatsak izaiten direla. Hainbeste biztanle, hainbeste uhartetan barreiatuek nola komunikatzen ote dute? hizkuntza ofizial bat bakarra dute, indonesiera, nahiz kondatzen dituzten 652 tokiko hizkuntza. Hauek harekin dituzten harremanak noizbehinka tirabiratsuak daitezke, baina jendeak maiz elebidun edo elehirudun dira, badakikete aise batetik bestera pasatzen. Egoera kurios horrek ekarri berria du indonesiar gobernu zentrala tokiko hizkuntzak zein egoeratan diren aztertzera, eta hil hurran direnak indarberritzera. Apiril honetan Indonesiako "tokiko hizkuntzen garapen bulegoak" jakinarazi du ofizialki 652 tokiko hizkuntzetatik 11 hil direla 2011-2017 artean. Beste lau egoera kritikoan dira, eta 19 hil hurranak. Gobernuak ama hizkuntzen erakaspen programa bat zutik emana du. Ikerleak hasiak dira uharteak gurutzatzen, tokiko hizkuntzen azken hizlarien bila. Hauekin burutu elkarrizketak grabatu dituzte, datu horietatik abiatuz hizkuntzalariek hiztegiak sortu dituzte. Moluka uhartetan bakarrik (bi milioi biztanle) 70 tokiko hizkuntza zenbatuak izan dira, "tokiko hizkuntzen garapen bulegoak" hiru hiztegi plazaratuak ditu. Ageri da tokiko hizkuntzen salbatzeko xantiera irekia dela, baina egiteko gelditzen den lana erraldoia da.









