Egun eta bihar | 2018ko Uztailaren 26a
Egun eta Bihar
J-B D
Eztabadak
Hein bat eztitu da segur eta egunetik egunerat gehixago eztitzen ari frantses futbolariak munduko xapeldun ateraturik denetarat hedatua zen burrunba ikaragarri hura. Orai, xapeldun gehienak beren etxen dira eta herritarrek egina diote edo laster eginen ongi etorri bero bat, etxekoz etxeko nolazpait. Salbu hara, final famatu haren biharamunean, jokolariak Pariserat heldu-eta gertatu denarekin, piztu dira gaitzeko eztabadak. Iduriz alta, denak ederki iraganak ziren. Bizkitartean ainitz arrangura ere agertu da. Alde batetik, ainitz jende kexatu dira futbolariak, autobus handi baten gainean xutik zaudela, pasatu direlarik Champs-Elysées etorbide nagusian gaindi, mundu bat bazelarik han egoki heiek txalotu nahiz. Txalotu nahiz eta ere hurbiletik ikusi nahiz. Egia erran, autobusa hein bat emeki zoan bainan zaluegi halere ainitzen gustuko. Gero, futbolariak errezebituak izan dira Eliseo jauregian eta askok diote Emmanuel Macron presidentak sobera denbora atxiki dituela berekin, ahantziz naski kanpoan zauden ainitz jendek ere nahi zituztela agurtu kirolari arraro horiek. Legebiltzarrean ere mintzatu dira hortaz eta Jean Lassalle biarnes deputatuak salatu du hori ahoan bilorik gabe... Gisa batez arrazoinekin bainan erran ditake ere holakoetan denbora joaiten dela ohartu gabean eta ez dela hain erretx izari ona nun den hola eta hola finkatzea. Hirugarren arrangurabide bat, bigarren horren ondorioa izan dena, ainitz jendek baza kiten Pariseko zoin hotelerat joaitekoak ziren futbolariak, ondo hartan egon dira beraz milaka, noiz ikusiko zituzten, bainan bizpahiru dira bakarrik agertu eta eskapaka bezala... Horren gatik ere, jendea kexu, batzu biziki hasarre! Eta deneri jakin-arazi nahi zoin kexu zauden! Dena den, sekulan ez da denen ara egiten eta holakoetan bestenaz ere lanak dira denak burutik buru petto bihi bat gabe nahi direlarik akulatu... Hots, ez da gorde behar beraz ez direla denak denen gusturat egin bainan ez da egon behar ere egun akigarri hortan pettoak baizik ez kondutan hartuz...
Hauxe da ixtorioa!
Bai, hauxe da ixtorioa hau berriz! Maiatzaren lehenean, manifestaldi batean Parisen hartu argazki batzu hedatu ziren, eta gertakari berari lotu bi film ere, zointan ikusten ahal baita itxuren arabera polizakoa den norbait tirahala joka ari, zozo basa bat bezala joka erran lezake Etxegaraibehereko Mañañak, lurrean etzana zen gizon gazte bati. Emazte gazte bat murru bati kontra pusaka erabili ondoan. Baitira denak jakin nahi dituztenak, batzu tematu dira jakin beharrez nor zitakeen poliza-gizon bortitz hori. Denborarekin denak jakiten baitira - ez denak beharbada bainan ainitz gauza ba halere- orai badakigu nor den. Bazterrak harritu ere baitira! Delako gizona, bera ez da batere polizakoa, nahiz polizarekin zen. Deitzen da Alexandre Benalla eta presidentbozen kanpaina denboran Macronen segurtasun-taldearen buru zen. Geroztik Eliseo jauregian, beti segurtasun zerbitzuetan. Untsalaz, etzen maiatzaren leheneko manifestaldian izan behar, ez polizarekin zernahi gisaz. Bainan han zen, han izaitea berak galdeginik, eta ez bakarrik bazterretik so egoki! Bi hilabete eta erdiren buruan baizik ez da jakin delako balentria hitsa gizon horrek zuela egina eta ez beste norbaitek... Eliseo jauregian ere harrapatuak izan dira berria denetarat zabaldua izanik. Biziki polliki erran daukute Alexandre Benalla horrek larderialdi bat hartua zuela bainan ainitzen gustuko hori ez ditake izan aparantziarik ere aski... Denen buru, ikerketa xorrotx batzu manatuak dituzte afera nahasi horren untsa xuritzeko. Eta gisa guziz hoin gaizki gobernartu den gizona Eliseotik kanporatu dute. Hea, zer jalgiko den azkenean ixtorio deitoragarri hortarik? Baditake korda luzea ukanen duen oraino, biziki luzea... Edozoin gisaz, nork erranen zuen duela doi-doia hamar bat egun holako saltsa ahalgingarria aterako zela funts hortan?
Konduak
SNCF etxe handiak konduak egin ditu. Kondu horiek salatzen dute 790 miliun euro galdu dituela hiru hilabetez izan diren greba guzien ondorioz. Alimaleko dirualdea zinez! Nola gaitzeko zorrak bazituen, galtze horiek ez daizkiote zor horiek arindu! Goazen aitzina... Hartuz aizina, behialakoak ziona!









