Inbido | 2018ko Uztailaren 26a

Itzuli bat Kroazian gaindi

Muslaria

Badira herrialde batzu, ez gutarik hain urrun izanikan ere, ez baitira gure artean biziki aipatzen. Horietarik da Kroazia. Ardurenean, solas guti herrialde hortaz Hazparneko merkatuan eta Donibane Lohizuneko hondartzan. Bainan orai badu hilabete bat nunbait han Kroaziak hain xuxen ukaiten duela denetan zernahi aipaldi. Eta bai, hori gertatu da futbolarien munduko xapelgoari esker, Kroaziako jokolariek balentria ederrik egin baitute, finalerat hupatuz azkenean. Denek dakigun bezala, final hori galdu dute haatik frantsesen kontra eta pena zuten preseski partida hori galdurik, biziki pena, batzu nigarrez artzeraino naski, bainan nigar horiek xukaturik alegeratu dira denen buru. Bixtan da alegeratu behar zirela ezen finalerat hola heltzea hori bera balentria handia baita, bestenaz ere Kroazia bezalako herrialde ttipitto batentzat. Gauza bera erraiten ahal da funtsean Belgikarentzat, hirugarren sailkaturik denen buru... Itsasotik mendirat Mapa bati behatuz, Kroaziari kausi ditake halako itxura bitxi bat. Badu nolazpait zaldi-perra baten eite. Eremuz hiru aldiz Euskal-Herri osoa (gauza guti eskas). Gaitzeko bazter ederrak arrunt desberdinak, kostalde luze bat Adriatika itsasoaren hegiz-hegi. Lau ehun bat ugarte kostalde hortan, gehienak arras ttipiak, nehor ez bizi ttipienetan. Eskualde hortan da ere Dubrovnik portua, Miarritzeren heineko hiria, fama handia duena turismoari esker. Baserri zabalak ba ez handik urrun eta barnaxago Alpetako mendi-lerroaren azken punta. Mendi gorena, Dinara deitzen dena, heltzen da 1830 metrotarat. Herrialde guzian barna, badira ere gaitzeko parke babestuak, ingurumenaren axola handi batekin muntatuak eta denbora berean turismoaren azkarki sustatzea gatik. Orotarat badira Kroazian 4.154.000 biztanle jaz egin kondaketaren arabera. Zagreb hirinagusian berean badirelarik 700.000 ezbaian. Jende gehienak, %90, kroaziarrak dira berenaz, %5 serbiarrak eta %5 beste herrialde askotakoak.

Ederrak pekatuak

Erdi-Arokotzat Kroaziak bere nortasuna hein bat finkatua zaukan. Bizkitartean, gora-behera frango izanik, luzaz eta luzaz bi zatitan puskatua izana da, eskualde bat Veneziaren kondu, bestea Hungariari lotua. Iragan mendean 1918-tik aitzina, orduan moldatua izan zen Jugoslaviaren zati bat izana da Kroazia. 1991-n Jugoslavia hori desegin zen, elgarren artean ezin gehiago akomeatuz, untsa egun hitsak jin ziren berehala. Kroazian bazen eskualde bat alabainan zointan jende gehienak serbiarrak baitziren. Serbiak nahi ukan zuen eskualde hori beretu eta han bizi ziren serbiarrak ere asaldatu ziren. Zernahi bortizkeria izan zen, gaitzeko gerla itsusia. Ainitz eta ainitz makur bazter guzietan. Kroaziak baditu keinka hartan ederrak pekatuak. Azkenean, denak nolazpait lasaitu ziren bainan 120.000 serbiar iheska joan ziren, gehienak Bosnia alderat. Geroztik, gauzak hein bat hobeki doatzi. 2013-an, duela bost urte beraz, Kroazia sartua da Europa batuan eta hori munta handiko urratsa izana da bixtan da. Kroaziak badu bere mintzaira, serbiarraren eite handikoa. Bat mintzo duenak bestea ulertzen du ez balinbadu ere hain aise mintzatzen. Kostalde puntta batean, Veneziaren eragina handia izanez oraino ere, italiar mintzairari ofizialtasuna segurtatua zaio. Erlisionez, jende gehienak katolikoak dira, %87 berrikitan egin ikerketa baten arabera.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3460. zbk

Jauregi eder batean beti nigarrez baino hobe bizitzea lastozko etxe batean beti omore onean.

(Xinako erran zaharra)

Gure Hitza | 2018/07/26

Irabazi baino gehiago galtzen delarik

Jean-Louis Harignordoquy

Frantses Gobernuak ez ditu biziki aipatzen hizkuntza eta kultur ainiztasunak. Estatua ez balitz den bezain jakobinoa, idekiko zituen Seaskak galdatu 25 erakasle postuak, ikasleak utziko azterketak euskaraz egitera, eta ber gisan beste hizkuntza guttituen salbatzearen alde bermatuko. Estatuak elkorrarena eginez, berak ere irabazi baino gehiago galtzen du. Bioaniztasun kondu, iñarak eta beste xori mota batzu desagertzera doatzi. Asiako leiztorrek erleen lekua hartzen ari dute. Airearen eta uraren kutsadurak goiti doatzi. Bada kezkatzekoa. Nicolas Hulot izendatua izan zelarik ingurumen ministro, jende frango itxaropentsu agertu ziren. Bainan ikustean Notre Dame des Landes gunean jarriak zirenen haizatzeko molde bortitza, gizarte osoaren onerako den laborantza biologikoa eta nuklear menpekotasunaren orde energia berriztagarriak bultzatzeko borondate eskasa, hastapen hartako esperantzak airatu dira geroztik. Ministroa ez da gai izan pozoin saltzaileen nahiaren aurka glyphosate delakoa...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016