Hegoaldean | 2018ko Uztailaren 26a

Hegoaldean

Droneak zaindari

Uztailaren 12tik 14ra iragan den Bilbao BBK Live festibalean droneak erabili ditu Ertzaintzak festibaleko sarbideak eta gune sentsibleenak zaintzeko. Jendetza handia erakartzen du jaialdi horrek Kobetamendi deitu eremura, gau bakoitzean 40.000 lagun, nonbait han. Aurtengo lehen esperientzia honen ondotik, bertze segurtasun operazio batzuetan ere droneak erabiltzeko prest agertu da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila.

"La Manada" auzia

Nafarroako Auzitegiko bigarren aretoak baztertu ditu 2016ko Sanferminetan emazte gazte bat taldean bortxatu zuten bost gizonak libro uztearen kontra ezarriak izan ziren helegiteak. Hauek bederatzi urtez preso egotera kondenatuak izan ziren, baina ekainaren 21ean libratu zituzten, bermea ordaindu ondoan. Ebazpenak dioenaren arabera, ekainaren 21ean hartu zen erabakia fermua da eta ez daiteke haren kontrako helegiterik onar. Haatik, fiskaltzak Antonio Manuel Guerrero guardia zibilaren kontra ezarri zuen salaketari buruzko erabakia geroago hartuko du epaimahaiak. Guerrero, libratua izan eta laster pasaportea egitera entseatu zen. Hala ere, zehaztu behar da aretoko kide guziak ez direla erabaki horren alde agertu. Aretoko buru den epaileak boto partikularra eman du eta bortz akusatuak bermea ordaindu ondoan libratzeari buruzko dudak agertu ditu. Epaile honen arabera, kondenatuek beren zigorraren erdia bete behar lukete, erran nahi baita lau urte eta erdikoa. Auzi honi loturik, gorago aipatu Antonio Manuel Guerrero guardia zibila bertze arrazoi batengatik ere aipatua izan da joan den astean. Epaitua izan zelarik, bere lan kontratua moztu zioten. Uztailaren 17an, ordea, Espainiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du lan-geldialdia indargabetzen diola, eta laneko prest direnen zerrendan sailkatu duela, legeak horretara "behartzen" duelako. Hala ere, ez diote lanposturik emanen, baina soldata hunkitzen segituko du. Ondorioz, hona nolako egoera dorpean aurkitzen den Antonio Manuel Guerrero: bederatzi urte preso egotera kondenatua, baina libro. Lanik ezin egin, baina soldata segurtatua... Hau baino kondenatu urrikalgarriagorik ezagutu izan dugu! Zibersegurtasuneko Euskal Zentroa Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak instalazio berriak estreinatu ditu uztailaren 19an, Miñaon (Araba). Estreinaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburua, Cristina Uriarte (Hezkuntza) eta Estefania Beltran de Heredia (Segurtasuna). Javier Dieguez zentroko zuzendariak erakutsi ditu bulegoak, eta funtzionamenduaren xehetasunak azaldu ditu. 2017ko urritik martxan den Zibersegurtasuneko Euskal Zentroaren helburu nagusiak ondokoak dira: jarduera dinamizatzea eta zibersegurtasunarekin lotua den enpresa sektorea sendotzea, gai horretan Euskadi nazioarteko erreferente izan dadin erdiestea eta euskal gizartean segurtasun informatikoko kultura sustatzea. Zentro berri hau Euskadiko enpresa edo herritarrak arriskuan eman ditzaketen eraso informatikoei buru egiteko sortu zen, eta "hertsiki" ari da lanean Ertzaintzarekin, ziberdelituen jazarpenean lagunduko duten tresnak hornitzeko. Ertzaintzak, gainera, berezko aretoa eta agenteen presentzia iraunkorra du Zentroaren egoitzan.

Ekonomia

Laboral Kutxak egin dituen aurreikuspenen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordina %3,2 emendatuko da aurten eta ekonomiak "hedapen fasean" segituko du. 2019rako hazkundea, aldiz, %2,5ekoa izanen dela uste da. Laboral Kutxako arduradunek diote hazkunde horrek Euskadiko susperraldi ekonomikoaren sendotasuna erakustera ematen duela. Esportazioei eta produkzio inbestimenduei esker izan omen du ekonomiak bilakaera hori. Enpleguari dagokionez ere, baikor agertu da Laboral Kutxa. Oraingo ustez, langabezia tasak apaltzen segituko du, eta 2019an %10etik beheragoa izan behar luke. 20182019 urteetan 33.000 lanpostu sortuko dira Euskadin, eta Nafarroan 12.000.

Langabeziaren apaltzea

Gorako aipatuaren ildo beretik, iduri luke 2019ko egiten diren aurreikuspenak beteko direla. Eustat erakundeak jakinarazi du 106.200 lagun daudela lanik gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2018ko lehen hiruhilekoan baino 10.400 gutiago. Horrela, 1,2 puntuko apaltzea izan du langabezia tasak, eta orain %10,1ekoa da. Beraz, Eusko Jaurlaritzak legealdi bukaerako ezarria duen helburua kasik betea da, jadanik. Langabeziaren apaltzeak emazteak gizonak baino gehiago hunkitu ditu oraingoan. Lurraldeka begiratuz, honelakoak dira datuak: Bizkaian 5.000 langabe gutiago; %11,6ko tasa. Gipuzkoan 3.000 langabe gutiago; %7,7ko tasa. Araban 2.300 langabe gutiago; %10,5eko tasa.

Nafarroako Gobernuaren bilana

Uxue Barkos, Nafarroako Gobernuaren lehendakariak, legealdi honetako lehen hiru urteetako bilana egin du joan den astean. Hasteko, Gobernua osatzen duen laukoaren egonkortasuna Nafarroa hobetzeko gakoa izan dela baieztatu du. Hiru urte hauetako lanaz baikor izateko arrazoiak ematean, ekonomian eta gizartean Nafarroa indartsuago dela erran du. "Elkarrekin bizitzea, eraikitzea eta aurrera egitea" aipatu ditu orain arteko lan ardatz gisa, eta Parlamentuan aurkitzen den gehiengoaren "egonkortasuna" goraipatu du. Bestalde, bere Gobernuak Nafarroako kontuak "onbideratzeko" lan egin duela eta legealdi hastapenean baino 10.856 langabetu gutiago daudela azpimarratu du lehendakariak. Azpiegiturei dagokienez, inbertsioa 2015ean 660.000 eurokoa izatetik 2018an 11 milioitik gorakoa izatera pasatu dela erran du. Hala ere, oraino "argi-ilun" batzuk badaudela onartu du, eta lanpostu gehiago eta kalitate hobekoak sortzea ematen du helburutzat. Orain arteko lanaren emaitza ona dela ikusirik, heldu diren hauteskundeetan ere berriz Nafarroako buru gisa hautagai izateko prest dela jakinarazi du Uxue Barkosek.

Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua

Joan den ostiralean osatua izan da Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan. Ipar eta Hego Euskal He rriko erakunde nagusiak eta Euskal Herritik kanpoko zenbait ere ordezkatuak dira sortu berri den erakundean: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Parlamentua, Nafa rroako Gobernua, Euskal Elkargoa, Espainiako Gobernua, Arabako Foru Aldundia, Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel), Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioa, Baionako Herriko Etxea, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Iruñeko Udala, Mauleko Herriko Etxea, Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua eta Espainiako Errege Akademia. Patronatua sortzeko ekitaldian egin duen mintzaldian, Andres Urrutia euskaltzainburua honela mintzatu da: "Gaur berresten dugu duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean eman ziguten zeregina, eta harago eramaten dugu konpromisoa, euskara eta euskal kulturaren mesedetan". Urrutiak aitortu du Akademiak baikortasunez begiratzen diola etorkizunari, eta erran du Euskaltzaindiaren zerbitzu gogoa ez dela ahuldu, euskara aitzinatzeko erakundeak indartsu dirauela, eta ohartarazi du eginbide hori euskalgintzan ari diren guzien artean gauzatu behar dela.

Harresietako Jaialdia

Abuztuaren 2tik 22ra ospatuko da Iruñean udalak hirugarren aldikoz antolatzen duen

Harresietako Jaialdia. Dantza, musika eta antzerki emanaldiak izanen dira ikusgai eta gehienak urririk izanen dira. Orotara, hogeita hamar ikuskizun eskainiko dituzte hiriko gune desberdinetan, hala nola Ziudadelan, Guadalupeko Bastioian eta harresietako hainbat xokotan. Jaialdi hau jadanik hemen aipatu izan dugun Creacity proiektuaren barnean sartzen da, egitasmo honen helburua delarik Iruñea, Baiona eta Hondarribiaren ondareari balio kulturala eta turistikoa ematea. Maider Beloki kultura zinegotziaren arabera, besta antolatzean lekuko artisten eta emazteen presentzia zaindu dute, bai eta hiriko bi hizkuntza ofizialen arteko oreka ere. Oreka Tx taldeak izanen du jaialdia estreinatzeko ardura, abuztuaren 2an, Pikotailuke ikuskizunarekin.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3460. zbk

Jauregi eder batean beti nigarrez baino hobe bizitzea lastozko etxe batean beti omore onean.

(Xinako erran zaharra)

Gure Hitza | 2018/07/26

Irabazi baino gehiago galtzen delarik

Jean-Louis Harignordoquy

Frantses Gobernuak ez ditu biziki aipatzen hizkuntza eta kultur ainiztasunak. Estatua ez balitz den bezain jakobinoa, idekiko zituen Seaskak galdatu 25 erakasle postuak, ikasleak utziko azterketak euskaraz egitera, eta ber gisan beste hizkuntza guttituen salbatzearen alde bermatuko. Estatuak elkorrarena eginez, berak ere irabazi baino gehiago galtzen du. Bioaniztasun kondu, iñarak eta beste xori mota batzu desagertzera doatzi. Asiako leiztorrek erleen lekua hartzen ari dute. Airearen eta uraren kutsadurak goiti doatzi. Bada kezkatzekoa. Nicolas Hulot izendatua izan zelarik ingurumen ministro, jende frango itxaropentsu agertu ziren. Bainan ikustean Notre Dame des Landes gunean jarriak zirenen haizatzeko molde bortitza, gizarte osoaren onerako den laborantza biologikoa eta nuklear menpekotasunaren orde energia berriztagarriak bultzatzeko borondate eskasa, hastapen hartako esperantzak airatu dira geroztik. Ministroa ez da gai izan pozoin saltzaileen nahiaren aurka glyphosate delakoa...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016