Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2019ko Ekainaren 03a
Amikuze
Ekililiak ekoizten dituzten laborari batzu Nouste Ekilili kooperatiban sartuak dira
Berrikitan, Jean-Jacques Prebende, Gabadiko laboraria, Amikuzeko irratian mintzatu da Nouste Ekilili kooperatibaz. Mementuan 15 bat kide biltzen ditu 2009an sortu zen kooperatiba horrek, batzu Biarnotik jinak eta beste batzu Ipar Euskal Herritik. Izenak berak erakustera emaiten du bi lurralde horien uztarketa. Laborariek beren kabalen bazkatzeko, koltza edo eguzki lorea baliatzen dute turtoa egiteko eta gelditzen zen oligoa kooperatibari saltzen zuten, hastapenean erregai bezala usatzeko. Emeki emeki ohartu dira oligo hori elikagai bezala baloratzen ahal zela eta bide hori hartu dute 2014tik goiti. Oligo horrek biziki gustu ona du eta erosle ainitz bada lekuan berean (eskola, partikularrak...). Orain Ipar Euskal Herriko leku anitzetan aurkitzen ahal da. Jean-Jacques Prebendek azpimarratzen du holako ibilmoldearekin denak irabazle ateratzen direla: laborariak bere mozkinak ongi baliatzen baititu, kabalen bazkatzeko turtoak etxean eginak baitira OGMik gabe eta kontsumitzaileek kalitate oneko oligoa atzemaiten ahal baitute lekuan berean. Etorkizun handia luke merkatu horrek ondoko urtetan.
Etchecopar eta Errecart lizeoko ikasleek preparatu ikusgarria
Emankizun berezi bat aurkeztua izan da asteazken huntan, maiatzaren 29an (20:30) Donapaleuko St Louis zinema gelan. "Artistak" deitzen da eta Etchecopar kolegioko eta Errecart lizeoko ikasleek beren urteko lana presentatu dute.
Amikuzeko musika eskolaren asteburu berezia
Duela bi urte egin zuen bezala, Amikuzeko musika eskolak Montaubaneko kontserbatorioa eta Tolosako musika tailerrak errezibitu ditu joan den asteburuan. Egun batez elkarrekin lanean arizan dira eta hor egin lana arratsean berean presentatu dute zinema gelan. Aitzineko aldian bezala errekesta pollita ukan du trukaketa lan horrek.
Ipar aldeko klima planoaren preparaketa
Euskal Elkargoak Garapen Kontseiluaren laguntzarekin, klima plano bat preparatzen ari du. Horri buruz lan bilkura bat antolatua zuen astearte huntan Donapaleun. Helburua: abiatua den diagnostikoa barnatzea. Joko moduan, bakoitzak bere ekarpenak egiten ahal zituen ikusteko nola neurtu klimaren berotzea aterabide konkretu batzuen bidez mugikortasun, bizileku, laborantza, elikagaia eta energia berriztagarrien sailetan. Sauveur Bacho, Arberatzeko auzapezak aztergai hau kudeatzen du Amikuze eskualdean Euskal Elkargoaren izenean.











