Gogoa hazi | 2019ko Ekainaren 01a
Marta eta Maria
Jean-Louis Davant
Eliza katolikoa non legoke gaur, emazteen partehartze harrigarria gabe? Denetan ari dira: mezen animatzaile, katixima egile, hilen inguruan otoitz gidari, eta abar luze bat... Denetan daude: bai orotan, salbu apez karguan. Eta zergatik? Erraiten zaigu Jesusek hamabi apostoluen taldean ez zuela emazterik sartu, eta nahi ukan balu eginen zuela.
Ahanzten da Jesus gizon bat zela, Jainkozko ahalak Aitaren baitan utziak zituena hartarik jalgitzean, harengana itzuli arte. Frogak hor daude argiki: jende guziak bezala, ama batenganik sortu zen, desertuan gosetu, Samarian egarritu, herioaren aitzinean izitu, beste bi kondenaturekin kurutzean hil, eta frogarik handiena hauxe beharbada: Aita otoizten zuela; Jainkoak otoitz egin beharrik ba ote du? Eta bera baino goragoko nor otoiztu behar luke?
Bai, Jesus gizona zen, bere denborakoa, bere herrikoa. Gizarte patriarkal batean bizi zen, araberan ari behar zuen, bestela nork segi zezakeen? Emazteak gizonen mailatik zinez urrun zeuden, adibidez gaur egun Saudi Arabian dauden bezalaxe. Beraz ezin ziren Israelgo hamabi leinuen buruetarik izan, ez eta horien ordari hautatuak izan ziren hamabi apostoluetarik. Adierazgarri da berpiztearen lekuko agertu ziren andreak ez zituztela sinetsi, legez ere haien jakilegoak ez baitzuen baliorik.
Baina hara: duela bi mila urtetako Palestinatik oso urrun gaude, orduko lege soziokulturalak lehengo elurren heinekoak dira XXI. mendeko jendarearentzat; gaurko egoeren eta beharrunen arabera pentsatzea dugu, baita gure buruari galdetzea: orain eta hemen, Jesusek zer egin lezake? Baina nola jakin? Hain gora joan gabe, apostoluek zer delibera lezakete? Paulok apezak nola hauta lezazke? Bere denboran gizon ezkonduak hartzen zituen. Orain hori ere debeku, XI. mendetik baztertua, ortodoxoen artean ez bezala. Elizaren hastapenetan emazte diakre / diakonoak ere baziren: egun non daude?
Kontrakoen logikara itzuliz, Jesusek apostolutzat gizon gazte batzuk izendatu zituen. Apezpikuak halaber hautatu behar ote dira? Gainera Petri ezkondua zen: Aita Sainduak ere holakoa izan behar luke ber logika horren arabera: gaztea eta ezkondua... Beraz funts gutiko logika dugu hor. Beste zerbait asmatu behar litzateke, baita egin, sinesgarritasunez..
Elizan emakume katolikoa Martaren lekuan hetsia dago, elizgizonen sukaldari eta zerbitzari. Hori kendu gabe, - haatik gizonek ber eginbidea dugu denen arteko zerbitzuan, - noiz itzuli behar zaio Mariaren aulkia, dizipulu argitu eta argitzailearen tokia, Maria Magdalakoak hain ederki bete zuena Bazko goizean?










