Herriz Herri - Hazparne (L) | 2019ko Ekainaren 01a

Hazparne

Hazparne

Jazz in collège

Pasatuak pasatu, gazteek kantatu dute iragan ostiralean eta 1020 ikusle etorri zaizkie. Ezagutu dituzte gora behera bereziak trebaketa nagusia egin dutelarik. Alabainan, denak elkartuak zaudelarik maiatzaren 17an, trenputxar batzuk trabaturik haietarik 50 bat ikusi ditu SAMUak eta 12 ospitalerat eramanak izan dira. Denak aratseko etxean ziren eta astelehenean eskolan. Bilduak ziren gela hetsia eta analisatua izan da. Janaria ez zen izaiten ahal bakotxak bere ikastetxean jana zuelako. Ikerketak, osasun publikoko elkarteek, Herriko Etxeak, hezkunde nazionalak eta prefeturak eraman dituzte eskuz-esku. Iduri luke, ikasleen kopuru handiak, hurbiltasunak sortu duen berotasunak eta karga afektibo handiak dituela erreakzio horiek eragin. Jadanik gertatu omen da holakorik gisa bereko elgarretaratze batzutan: "Syndrome collectif" izendatzen dute. Hauxe zion Herriko Etxeak ateratu duen abisu batean. Geroztik, prentsan agertu da, Next Up erakundeak beste hipotesi bat aitzinatzen duela: eremu magnetikoarena. Sala hori Paxkonia eta Aiherran diren bi estazioren artean den hertziar sare baten pasaian kokatzen da eta menturaz, horrek eragin bat baduke. Erakunde horrek jadanik holako galde batzuk pausatuak ditu eta Eskualdeko osasun erakundeak dio ez dela nihungo froga zientifikorik.

Udako aisialdi zentroa

Uda hurbiltzen ari da eta haurrek eskolarik ez izanki, denbora pasatu behar dute. Oporraldi oroz bezala, uztailaren 8tik, agorrilaren 23ra, aisialdi mota desberdinak eskainiak dira. Badira egunekoak bainan ere egonaldi motz batzuk adinka, itsasoa eta mendi aktibitateen inguruan. Izen emaitea ekainaren 8an hasiko da: lehenik hazpandarrei idekia da 14a arte. Gero 15etik 21era, inguruko herritarrei. Elgar Zentrora joan behar da egunero edo larunbat goizetan. Xehetasun gehiagoren jakiteko huna zenbakia: 05 59 29 58 33.

"Itsasoa" kantuz elizan

Itsasoa korua Miarritzetik heldu da: koru mistoa, 60 kantariz osatua, Frédéric Sorhaitz duelarik koruburu. Bere kantuetarik %80ak euskaraz emaiten ditu. Euskal Herrian, bainan ere munduan gaindi ibiltzen da usu eta zonbait CD baditu ateratuak. Maiatzaren 31n, Hazparneko elizan entzuten ahalko da (21:00).

"Zazpi senideko"

Hola deitzen da Fuchs anaiek (Manex eta Ximun) emaiten duten antzerkia: "Anaitasunarena ttikitatik eraikitako labirintoa da, ihesbide gabekoa, lotura definitibo bat. Odolekoak ala biziak eskainitakoak, senideak norbanakoa osatzen du. Bainan nola aritu anaia, ahizpa, neba edo arreba ebatsia izan zaigunean? Presondegiak, auto istripuak edo gaixotasunak bete ezinezko hutsunea sendiarazten duenean, nola dirau gurea dugun GU horrek bizirik? Bi aktore. Bi anaia. Eta zazpi istorio antzerkira ekarriak". Zuzendaria: Ander Lipus. Azken aldikotz ikusten ahalko da Ttattolan, ekainaren 2an, igandez (17:30)

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3501. zbk

Gauza ederrenak ere itsusten ahal dira

Frédéric Beigbeder

Gure Hitza | 2019/05/30

3501...

Janbattitt Dirassar

"Herria" astekariaren lehen orrialdean beti agertzen da zenbaki bat aste guziz kanbiatzen dena. Joan den astean, 3500. Horrek erran nahi baitzuen "Herria" 3500 aldiz agertua zela. Egia erran, eta beste orduz ja kondatua dugu hori, baditake kondua ez den arras xuxen-xuxena. Denboran (aspaldi) hutsño batzu eginak izanik bainan gisa guziz makurra ez da handia izaiten ahal. 3500eko ozka hortarat helduak gira. Ez gira hortaz espantuka ariko bainan bi hitzez bederen nahi nuen egun gauza hori azpimarratu. Hasian hasi beste urtebetetze bat heldu zaut gogorat. Aurten "Herria" astekari hunek beteko ditu bere 75 urteak. Hori heldu den urrian. 1944an alabainan alemanak joan zirelarik, lau urte pasa hemen gaindi egonik dena larderia eta nagusikeria, "Eskualduna" bortxatua izan zen desagertzerat, sobera heien alde agertua zela, eta euskaltzale batzuk laster erabaki zuten euskal astekari batek hartu behar zuela segida, bazela holako baten beharra. Joan ziren Piarres Lafitte apezaren ikusterat...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016