Kostaldean | 2019ko Ekainaren 01a

Kasu Hendaiako ezponda horietan!

Kasu%20Hendaiako%20ezponda%20horietan!

Hendaia eta Zokoa arte hortako erlaitza zinez toki xoragarria da! Badira hor besteak beste gaitzeko ezponda xutak, biziki ederrak. Hala nola Abbadia jauregiaren inguruko eremu miresgarri hortan. Salbu hara, lanjera ere izaiten da, arkaitz pozi batzu noiz nahi lerratzen eta erortzen ahal, eta gisa hartako neurriak hartzen dira beraz nihundik ahalaz errekontrurik ez gertatzeko. Duela kasik hiru urte debekatu zuten Loiako hondartza, emazteño bat batere funtsik gabe kolpatua izanik, peña mutur bat lehertzearekin. Geroztik, ikerketa bat akulatua izan da ikusteko erlaitzaren hegiz-hegi nola segurtatzen ahal litakeen irriskurik gabe ibiltzeko moldea. Ikerketa horren emaitzek salatzen dute argi eta garbi ez ditakeela holakorik egin. Ez da beraz sobera hurbildu behar ezpondaren kaskoz-kasko, baztertxago den bidexkatik behar da segitu eta ez xendraz hondartzarat jautsi, Domaia da segur gisa batez bainan hola da. Gainerat, itxura guzien arabera, egin ikerketa horien arabera, irriskua ez da ttipituz joanen. Bospasei tokitan segurik, eta bereziki Loiako alde hortan, itsas-bazterra ahultzen ari da, han edo hemen lur lehertze batzu aise gertatzen ahal. Baditake oraiko bidexka ere beharko den baztertxagotik pasarazi, segurtasun gehiago izaiteko gisan.

Larunbateko hitzordu hori

Ekainaren untsa hasteko, horra hitzordu bat guziz egokia, Ziburuko euskal liburu eta disko azoka, Baltsan elkarteak muntatzen duena, Argia astekariaren mendeburua ere ospatuz. Eta hori herriko plazan, larunbatean beraz, goizetik arats, karpa handi zabal bat muntatua izanik. 17 argitaletxe partaide eta idazle askok ere hitzemana hor izaitea.

Irandatz ikastegiak 50 urte

Hendaian, Irandatz kolegioak aurten ospatzen ditu bere 50 urteak. Ikastegi ezagutua da zointan ibilki baitira sei ehun bat haur eta gaztetxo. Bi hitzordu finkaturik daude urtebetetze horren ohoretan. Lehenik, ekainaren 6an, ortzegun aratsarekin, ikusgarri bat Variétés zinegelan. Geroxago, ekainaren 20an, berriz ere ortzegunarekin, besta bat ikastegian berean, ikasle guziak mozorroturik, klase bakoitxak bere gaia hautatuz. Karia hortarat, izanen da ere argazki erakusketa bat, oroitzapen asko eta asko harrotuz, 50 urte horietan hartu argazki asko eta asko agertuz.

500 autoren tokia

Donibane Lohizunen, herriko kontseiluak aztertu ditu hirigintzari buruzko norabide nagusiak, ikusiz nola akulatuko den ondoko urtetan herriaren lur-antolaketa. Izanen dela aldaketa frango, hori gauza segurra! Kondutan hartuz etxegintza proiektu guziak, batzu gauzatzen ari, besteak gauzatzeko bidean ezarriak edo ezartzen ari, milako bat bizitegi berri balitake herrian gaindi. Proiektu batzu eztabaidabide daudelarik haatik. Obra handienetarik batto, aldi bat baino gehiago ja aipatua duguna, portuko bazter horren arramoldaketa, Herriko Etxetik treinen geltokirat. Hor, oraiko ustez, denak pikoan ezarririk, obran hasi behar litazke heldu den urtean, uda sasoina bururatzearekin. Hasteko, lurpez eginen da aparkaleku handixko bat, sei estaietakoa, bost ehun bat autoren tokiarekin. Obra horiek bi urte segurik iraun behar.

Kanetako aldean

Hendaian, biziki toki pollita da Kanetako portua. Ondo hortan bizi direnek badute elkarte bat muntatua duela urte pare bat, auzoalde horren gehiago biziarazteko eta ere erne ibiltzeko eraikin berririk egiten balitz ahal bezen egokiak izan diten, ikusiz ingurumena nolakoa den. Keinka huntan badituzte preseski arrangura batzu, bi etxegune berri hor egitekoak izankieta. Etxe xahar batzu barreaturik bai eta, hein bat epe laburrean, hor kokatzen den eskola bat urruntxago joaitekoa baita, hondartzako alderat. Bi proiektu badira beraz. Bat COL delakoaren kondu, 27 bizitegirekin. Solasean egonik, Kanetakoek ardietsia dute behin aipatu baino apalago izan diten eraikinak eta aitzinaldea ere asurtiagoa. Beste proiektuarentzat dira ba arrangura saminagoak. Hor, 25 bizitegi berri eta lurpez aparkaleku bat. Eraikinak oraiko eskola baino gorago, goregi beraz, eta arras eremu eskasean, bixta kenduz gainerat etxe zonbaiti. Horra zer dioten Kanetakoek eta aldaketa batzu galdetzen dituzte.

Iduriz aspaldian hila

Ziburun, burdinbidearen hegian atxeman dute gizon baten gorputza, azkarki andeatua, itxura guzien arabera aspaldian hila den norbaitena. Bainan gorputz hori nola agertu den orai toki hortan, hori mixterio bat da. Gainerat, eta bitxikeria da hau ere, bere galtzetako sakelan baziren peseta zonbait, diru hori aspaldian desagertua delarik.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3501. zbk

Gauza ederrenak ere itsusten ahal dira

Frédéric Beigbeder

Gure Hitza | 2019/05/30

3501...

Janbattitt Dirassar

"Herria" astekariaren lehen orrialdean beti agertzen da zenbaki bat aste guziz kanbiatzen dena. Joan den astean, 3500. Horrek erran nahi baitzuen "Herria" 3500 aldiz agertua zela. Egia erran, eta beste orduz ja kondatua dugu hori, baditake kondua ez den arras xuxen-xuxena. Denboran (aspaldi) hutsño batzu eginak izanik bainan gisa guziz makurra ez da handia izaiten ahal. 3500eko ozka hortarat helduak gira. Ez gira hortaz espantuka ariko bainan bi hitzez bederen nahi nuen egun gauza hori azpimarratu. Hasian hasi beste urtebetetze bat heldu zaut gogorat. Aurten "Herria" astekari hunek beteko ditu bere 75 urteak. Hori heldu den urrian. 1944an alabainan alemanak joan zirelarik, lau urte pasa hemen gaindi egonik dena larderia eta nagusikeria, "Eskualduna" bortxatua izan zen desagertzerat, sobera heien alde agertua zela, eta euskaltzale batzuk laster erabaki zuten euskal astekari batek hartu behar zuela segida, bazela holako baten beharra. Joan ziren Piarres Lafitte apezaren ikusterat...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016