Inbido | 2019ko Ekainaren 01a
Artixta harrigari bat, Ming Pei
Muslaria
Joan den aste hortan, Ipar-Ameriketako New-York hirian pausatu da gizon bat asko gisetarat aski harrigarria agertua bere bizi guzian, Ming Pei. 102 urte beteak joan den apirilaren 26-an. Sortzez xinatarra, aspaldian paperez amerikartua. Munduan gaindi ainitz kurritua. Ofizioz arkitektoa bainan sail ainitzetan artista gaitza, zernahi obra moldatu duena, ez beti denen gustukoak, batzu eztabadabide izan direnak eta horietarik batto preseski Parisen ikusgai dena, Louvre erakustegirat sartzean den Piramide delakoa, duela 30 urte estreinatu zena, kasik dena berinakiz egina. Hastean ainitzek etzutena hain maite, etzela batere egokia holako toki batean izaiteko, sobera eite zuela ere Ejiptoan duela zonbait mila urte eraiki zirenekin... Politika ere sartuz auzi hortan, Mitterrand presidentak baitzuen obra hori manatua, Pei artista ere berak hautatua, bere inguruan ere etzirelarik denak ados edo bederen ez biziki bero. Orai haatik iduri du jendea arras jarria dela eraikin horri. Funtsean, hemeretzigarren mende ondarrean, Eiffel dorrea xutik ezarri zelarik gisa bertsuko eztabadak izan ziren Parisen eta hor gaindi, samurragoak ere orobat, bainan denborarekin jendea gero eta atxikiagoa agertu zen "burdinazko andere" handi horri.
Bide berriak hartuz
Ming Pei sortu zen budista familia batean, ama erlisioneari biziki atxikia. Hamar urtetan ezarri zuten misionestek atxikitzen zuten ikastegi batean, misionest horiek protestantak izanki. Fama handiko eskola bainan zointan larderia gaitza bazuten erakasle gehienek. Dena den, Ming Pei hor ohartu zen Bibliari bai eta girixtino sinesteari. Eta ez bazen ere fededun bilakatu beti errespetu handiz mintzatu da gai horietaz. Gazte hutsa zen oraino hautatu zuelarik, arrunt bere baitarik naski, arkitekto ikasketak egitea, bere familian asko harritu ere omen baitziren. Ameriketarat joan zen hobeki heltzeko menturan. Motaz alemana zen promotore aberats batek hartu zuen bere laguntzaile. Ming Pei lanari plantatu zen karraskan, errepikatuz usaia xaharrak etzirela galdu behar bainan behar zela ere jakin bide berri batzuen idekitzen. Laster izan ziren eztabaidak asmatu baitzuen etxegune handixko bat dorre baten gisakoa, itxuraz dena errondan eta halako erreztun erraldoi batzu ba xintxilka bezala. Denen harrigarri, batzu lorietan eta beste frango arrunt kexu. Zonbait urteren buruan, bere gain jarri zen eta laster bildu zuen gaitzeko fama, bai Ameriketan berean bai eta Xinan gaindi ere. 1963-an Taiwan herrialdean - batzutan Xina xuria deitzen den eskualdean - hango unibertsitate girixtino batentzat eraiki zuen kapera handi bat itxuraz arras berezia, barnez eta kanpoz, edozoin eskualdetarik argia behar zitzaiola ausarkian sartu, argia eta fedea elgarrekin untsa johan-eta.
Lau egun barne...
Luzaz eta luzaz Ming Pei arizan da lan eta lan beti gogo berarekin. Asmatu eta gauzatu dituen eraikinetan bada bilgune, erakustegi, hotel eta holako frango. Hala nola Ipar- Ameriketan Dallas hiriko udaletxea. 1983-an ardietsi zuen Pritzker saria, arkitekto batek ukaiten ahal duen sari goren-gorena. Keinka berean zuen hain xuxen Mitterrand presidentak Pariserat gomitatu, Louvre erakustegiaren berritzeko xedetan. Jakin zelarik nolako eraikina nahi zuen egin bazterrak harritu ziren eta kexatu ere. Hainbestetaraino nun Louvre hortako zuzendariak bere kargua utzi baitzuen, proiektua ezin onetsiz! Artixta batzu ere arrunt hasarre. Jacques Chirac zen orduan Pariseko auzapez. Bazterrak lasai ziten proposatu zuen erakusketa baten egitea jendeak ikus zezan nolako itxura ukanen zuen eraikin berriak (egiten bazen behin) eta nola kokatuko zen Louvre egoitzaren ate aitzinean. Erakusketa hori egin zen beraz eta lau egun barne 60.000 lagun jin ziren ikusterat. Kontra ziren frangok ere aitortu etzela denen buru hain gauza itsusia izanen. Hots, haizea itzuli zen eta orai nehork ez du galdetzen Piramide argi horren desegitea. Ming Pei bera ere loriatua zagoen giroa hola aldaturik.











