Han eta Hemen | 2023ko Ekainaren 08a
"Euskal Herria mundura"
2023ko Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da. Lehen hiru etapak bere osotasunean gure lurraldeetan hasi eta bururatuko dira. Uztailaren 1ean Bilbo-Bilbo, biharamunean Gasteiz-Donostia eta uztailaren 3an Ipar Euskal Herrian sartuko da Zornotzatik abiaturik, Baionara heltzeko. Ondoko egunetan Zuberoan gaindi ere pasatuko da.
Hori dela eta Gure Esku, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu herritarrak, Baionan agerraldia egin berri du, presente zirela Ipar Euskal Herriko kultura, alderdi eta sindikatuko ordezkariak, bai eta hautetsi batzuk. "Euskal Herria mundura" izeneko ekimena presentatu du. Tourrak duen nazioarteko oihartzunaz baliatu nahi du Euskal Herria 7 lurraldeko herri bat dela erakusteko, erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Horretarako, itzulia pasatuko den ibilbidean, Bidasoaren bi aldeetan ikurrina agertzeko deialdia zabaltzen du.
Euskararen presentzia izan dadin, Gure Eskuko Josu Etxaburu bozeramaileak adierazi du: "Tourraren antolatzaileeri zein bertako instituzioeri eskatzen diegu lasterketa Ipar Euskal Herritik iraganen delarik, euskararen presentzia duina bermatzea, komunikazioan eta antolatuko diren ekitaldietan. Aurten ere herri erronka dugu aitzinean, euskaldunek beti bezala indarrez, elkartasunaz eta irudimenez erantzunen diogu".
"1.000 ikurrin baietz" proposamenari erantzuteko, 4.000 ikurrina Ipar Euskal Herrian banatuko dira, bakoitzak gureesku.eus orriaren bidez izena emanen du, nahi duen egun eta lekuan, ikurrina nun hartu eta nun utzi azalduko zaio. Zentzu horretan, uztailean Tourra iraganen den Lapurdiko herri guzietan eta Zuberoan animazio eta hitzordu publikoak antolatuko dira. Herrietako jendeekin prestaturik, hainbat lekutan airetik hartzeko moduko irudiak eginen dira.
Hirugarren egunean Tourrak Bidasoa zeharkatuko duenean, bertan ekimen berezia antolatuko du, bi aldeetan euskaldunak bizi direla erakutsi nahian. Etapa Baionan bururatzean ere egitarau berezia antolatuko dela errana izan da, xehetasunak berantago emanak izanen dira.
Ekainaren 11 arte edozeinek ekarpenak egiten ahalko ditu, itsulapikoa.eus orriaren bidez, bai eta herrietan egonen diren orrietan izena emanez. Ekarpena egiten duen orok bere burua ordezkatuta ikusiko du, ikurrinaren gorri eta berdea bere izenarekin osatuko baita. Ikurrinaren parte zurian "Basque décide - Euskal Herriak erabaki" Ieloa jarriko da.
Egin agerpen publikoan Gure Eskuko arduradunek azaldu dute: "Inoiz egin den ikurrinik erraldoiena ere sortuko dugu. Ikurren bidez aurkezten dugu gure burua, hemen eta munduan, uztailean guziak batzen gaituen ikur honen bidez nazioarteari keinu eginen diogu".
Pario hau arrakastatsua izan dadin instituzioekin, eragileekin, elkarteekin eta txirrindulariekin lanketa berezia egiten ari dira. Gisa berean, nazioartetik etorriko diren kazetariek Euskal Herria hobeki ezagutu dezaten, komunikazio berezia plantan jarriko du.











