Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2023ko Ekainaren 08a

Kantaldi - Suhiltzaileen eguna - Biltzar nagusiak

Kantaldi%20-%20Suhiltzaileen%20eguna%20-%20Biltzar%20nagusiak

Kantaldi

''Hospitalité Basco Béarnaise'' erakundeak kantaldia antolatzen du, Uztaritzeko Joana Bidalun bere ordezkariaren eskutik, heldu den igandean 11n, Arruntzako elizan (16:30). Kantaldiaren helburua da erakundeari diru laguntza ekartzea, gazte elbarritu batzuen eramaiteko Portugaleko Lisboa hiri nagusirat, uztailaren 31tik agorrilaren 6a arte, "JMJ" beilaren baitan. Entzunen dira kantuan Maika Harismendy eta Miren Lascaray Miramon, bi neskato gazte amikuztar, kantaldietan hasi berri direnak eta ondotik Kriolinak taldea, aspaldian ezagunak. Sartzea libro izanen da, galdegiten dute halere elbarritu horiek oparotasun handiz laguntzea. Entzunak izan ditela.

Suhiltzaileen eguna

Larunbatean iragan da suhiltzaileek antolatu eguna, aro ederra lagun. Azkenik egin zen bestan 2019an euri eta barazuz erauntsiak hartu zituzten. Arratsaldeko bietarik goiti jendea abiatu da, bereziki buraso eta haur gazte multzoa. Suhiltzaileak arizanak ziren handizki eguna preparatzen. Erakutsiak izan zaie urarekin suak nola itzali eta sokorriak nola ekarri. Haur anitzek (behar bada ez denek denbora eskasez) ukan dute kamioietan herrian barna ibiltzeko suertea. Suertea ere gidari batekin, Kanbotik etorria zen zurubi handiaren gainean ibiltzeko, lurretik 30 metrotaraino altxatzen zirela. Seguritate handienean iragan dira denak, haur eta buraso loriatuak zirela. Arratsalde apalean Josteta gizon abesbatzak egin du bere emanaldia. Ezagutzen dugu kantari horien talendua eta segur egiaztatu dute denen plazerarentzat, kasik bi orenez. Arratsean zer erran Andoni Oilokiegiren kontzertuaz? Gaztea da eta segur talendu handirekin gitarra lagun erabiltzen du kantua. Jakin du kaserna leporaino betetzen, zen jendea sutan emaiten giro paregabea piztuz. Ez du zonbait urte hauetan suhiltzaileen egoitzak holako mundu bat ikusi, ez eta holako girorik. Eric Gazteluberry zenaren alarguntsa eta haurrak hor ziren eta penarengatik oso pozik gelditu dira. Kontzertu bukaeran ''Seb Podium la Castagne'' DJak segida hartu du, berant arte publikoa dantzan emanez, egia erran igande goiz arte. Egun berezi hori osoki kausitua izan da, janari eta edari ez zen eskas. Dena makur eta istripurik gabe iragan da, begi argiz kudeatzen zituela denak Pascal Coquel aitzindariak. Hor ere askok ikasi dugu isiltasunean pasatua zen gauza, Pascal-ek apirilaren 1ean irabazia zuela bere kapitain gradua. Gizon umila da eta segur merezitua du. Suhiltzaile talde osoak goresmen beroenak hartze ditu hemendik ere. Hurrengo besta hain segur Santa Barbara egunean.

Biltzar nagusiak

Latsa eta Altzabea elkarteen biltzar nagusiak iragan dira joan den larunbat goizean, Latsa elkartean. Lehen hitzaldian Peio Saint-Esteben zendu berriari omenalditxo bat egin da, urte luzetan elkarte horietan eraman zuen lan eta zerbitzuen eskertzeko. Azken bi urtetan ez zen biltzar nagusirik egin, Covid izurritearengatik. Kathy Drieux andereak eman du Latsako jardueren berri: kirol, yoga, kantu (Latsan kantuz taldearekin) eta gelen alokatzea. 2022an ordaindutako 36 alokatze izan dira. Beste ekitaldi asko ere egiten dira, hala nola Hartzaro festibalean txilindron lehiaketa, Herri Soinu eta Herria Bizi Dadin-en jarduerak, herriko bestetan apairuak. Latsa elkarteak badu arrakasta eta hainbat hobe. Pierre Hairak diru kontuak eman ditu, zuzendaritzak 8 kide ditu. Azpimarratu da halere oraino bolondres eskasa.

Ondotik pasatu dira segidan Altzabearen biltzarrerat, hemen ere Pierre Hairak xeheki emanez diru kontu guziak. Altzabeak gaur egun 147 kide ditu, 422 parte hartzerekin. Sei gela baditu osoki berriturik, denak alokatuak direnak. Eskertua izan da gure adiskide Mixel Sarratia, bereziki tinda lanetan egin obrentzat. Eraikuntza horieri buruz pentsatua dute laster teilatuan panel fotovoltaikoak emaitea, errentagarri bailitaike bereziki Latsarentzat. Kudeatzaileen zuzendaritzan 5 kide dira, segitzeko asmoa erakutsi dute.

Adiskidantzazko hurrupaldi batekin bukatu dira biltzarrak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3693. zbk

Gure Hitza | 2023/06/08

Uda hor berean!

Janbattitt Dirassar

Ekainean gira beraz, urteko egunik luzeena ekartzen duen hilabetean. Bi asteren buruko udaburuko solstizio delakoa alabainan, handik segidan Jondonane. Luzaz eta luzaz, keinka huntan kasik denetan galde hau entzuten zen gehienik, "sasoina nolakoa izanen ote da?" Sasoina erraiten zen, urtean sasoin bakar bat balitz bezala, lau badirelarik bat bestearen ondotik. Bazen, Pazko iragan bezen laster, sasoinaz gaitzeko arrangura. Beste galde bat oraintxe aipatu horri lotua, "usaian bezainbat estranjer jinen ote da?". Hola mintzo ginen ardura. "Estranjer" deitzen gintuen oporraldi batentzat gure artera heldu ziren guziak. Zer ziren, denak alemanak edo ingelesak? Ja, gehienak Frantzia behere hortakoak, bordeles eta beste, andana ederra Parise aldekoa. Bainan guretzat "estranjerak" halere! Landestar eta biarnesak ere barne. Galduxea da kanpotiar horiek hola deitzeko usaia, han edo hemen baldin badira ere aitzina atxikitzen dutenak. Dena den, bazen halako beldur bat, sasoina ez ote zen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016