Gogoa hazi | 2023ko Ekainaren 08a

Bizia zaindu

Jean-Louis Davant

Bizia, ondasun egiazko bakarra, beste guzien ama, baina hilkorra. Errespeturik handiena zor zaio. Hori bera dio Jainkoaren legeak: inor ez zazula hil! Salbuespenik ez dakar. Judu, kristau eta musulmanak, hots monoteista guziak behartzen gaitu. Erlijiotik harat ere, pentsalari nagusiek errespetu osoa diote, halaber mediku gehixenek, ofizioz horren zerbitzuko jarriak baitira.

Haatik badakigu munduko bizitza bukatuko zaigula, eta beldur batek aztoratzen gaitu: ez ote dugun ezin bizi eta ezin hilez gehiegi sufritu beharko. Hortik sufrimenen laburtzeko ideia. Erresuma batzuek, adibidez Espainiak eta Belgikak, eutanasiarako eta suizido lagundurako zuzena legean sartu berria dute, nahi dutenentzat. Urrats hori eginen ote du Frantziak ere? Iduri luke. Legegileek ongi pentsatu behar dute, holako lege bati denborarekin desbideratzeko ate guzien hestea gogoan. Desbideratze baten beldurra badut, haur denboratik etorria.

Gerlatik landako lehen ogi/gari joiteetan, 1945eko udan, herriko presoner ohi bati entzun nion "aho inutilen" aipamena. Hamar urteak nituen doi-doia, baina haur baten memoria elefantarena bezain segurua da, eta erranaldi hau ere gogoan atxiki dut zorrozki, beharbada jende gehituek ahanzten zutelarik.

Presoner ohi horrek "aho inutilen" ideia Alemaniatik zekarren: han gerlaren mezperan, gobernua hasi zen ospitaletako burutik mentsen eta xahar-etxeetako ezinduen pikuraz hilarazten, baina populuak zinez gaizki hartu zuen, eta gobernua berehala gelditu zen.

"Aho inutilen" ideia horrekin akort zena gure presoner ohia? Ez dakit. Haatik ideia ez da hila mundu zabalean, nazien xedeetarik anitz urrun dauden jende zenbaiten gogoan ere kurri dabila, eta horrek beldur bat ematen dit eutanasiaren legeztatzeko mezperan.

Legegaiaren aldekoek diote bakoitzak aitzinetik hautatzen ahalko duela, ez dela deus eginen gure nahiaren aitzi. Baina gauza bat da ontsa gaudelarik erratea "sobera gaizkitzen banaiz hil nezazue", eta beste bat memento gaiztoa jinen delarik, azken urrats izigarri horren egitea: arte hortan kanbio handirik gerta daiteke jende baten baitan eta bizian.

Eta denborarekin, ekonomia zinez ahultzen balin bada, "aho inutilak" ez ote dira bulkatuko eta pusatuko azken jauzi horren egitera? Kasu, kasu! Ez nago batere fida. Zernahi gisaz, medikuak behartuko direa eutanasiaren egitera? Suizidaren laguntzera? Zenbait entzuten ditut telebista leihotik erraten "mediku egin naiz biziaren zaintzeko, eta ez haren kentzeko"

Uste dut holako lege baten xedea onartu baino lehen, ongi pentsatu behar dugula, denak entzun, denak erran, barna ikertu. Biziarekin ez daiteke arinki jokatu, afera seriosegia da eta itzultzerik gabekoa buru kolpe batez erabakitzeko bizi nahi den ala hil.

Norbait ezin bizi eta ezin hilez dagoelarik, ez da artamendu alferrez sufriarazi behar: artatzeko errabia hori, frantsesez "acharnement thérapeutique" deitua, salatzen dute bai zentzu onak, bai erlijioneetako aitzindariek, bai mediku gehixenek.

Azken urratsen eztitzeko hor daude artamendu sotilak, "soins palliatifs" delakoak, Leonetti legeak aholkatzen dituenak. Maluruski ez daude aski hedatuak: beraz azken deliberoetara joan aitzin, behardun guziengana helarazi behar litaizke.

Haatik aitor dezagun kasu batzu badirela ezin hobetuak, eriak zernahi pairatzen duelarik artamendu hoberenen gainetik, esperantxarik batere gabe, eta ezin joanez dagoelarik. Azken puntako kasu berezi horietan morfinak, aski emanez, hemen gaindi ere mirakulu isilik egiten du bulta honetan agoniaren laburtzeko, kasu guzietara lanjeroski heda laitekeen lege berezi baten beharra baztertuz ene iduriko.

Ez ote zena hor halako faltsukeria poxi bat bezalako zerbait? Haatik orain legeak baimentzen du "sédation profonde" delakoa. Bi gaitzen artean, ez ote da handiena urrundu behar, txikiena onartuz? Ezinbestean, nik uste baietz...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3693. zbk

Gure Hitza | 2023/06/08

Uda hor berean!

Janbattitt Dirassar

Ekainean gira beraz, urteko egunik luzeena ekartzen duen hilabetean. Bi asteren buruko udaburuko solstizio delakoa alabainan, handik segidan Jondonane. Luzaz eta luzaz, keinka huntan kasik denetan galde hau entzuten zen gehienik, "sasoina nolakoa izanen ote da?" Sasoina erraiten zen, urtean sasoin bakar bat balitz bezala, lau badirelarik bat bestearen ondotik. Bazen, Pazko iragan bezen laster, sasoinaz gaitzeko arrangura. Beste galde bat oraintxe aipatu horri lotua, "usaian bezainbat estranjer jinen ote da?". Hola mintzo ginen ardura. "Estranjer" deitzen gintuen oporraldi batentzat gure artera heldu ziren guziak. Zer ziren, denak alemanak edo ingelesak? Ja, gehienak Frantzia behere hortakoak, bordeles eta beste, andana ederra Parise aldekoa. Bainan guretzat "estranjerak" halere! Landestar eta biarnesak ere barne. Galduxea da kanpotiar horiek hola deitzeko usaia, han edo hemen baldin badira ere aitzina atxikitzen dutenak. Dena den, bazen halako beldur bat, sasoina ez ote zen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016