Herriz Herri - Izturitze (NB) | 2017ko Ekainaren 29a
Arberoa eguna
Joan den larunbateko ikastolaren bestak ukan du arrakasta, goizetik haste.
Joan den larunbateko ikastolaren bestak ukan du arrakasta, goizetik haste. Aroa ere aldekoa zen, aitzineko egun beroetarik landa, goxotasuna, lanoek iguzkia gorderik zaukatela, pilota plazan eman den ikusgarriarentzat bereziki ezin hobea. Eguneko gertakari nagusia ginuen alabainan Deserria komedia musikala, ikastolako ikasleen ikusgarria. Biziki poliki ari izan zauzkigu gure jokolari gazteak; irakurtze, kantu, antzezte, dantza, denetan bizi bizia parte hartuz burasoek osatzen duten musika taldeak lagundurik. Eskuzarta ederrik ukan dute ikus-entzulego nasaiarenganik. Ikusgarri hunkigarria daukute eskaini, deserria edo sorterritik joaitea, urruntzea, horrek ekartzen dituen min eta arrangura guziekin. Mundu guzian gertatu eta gertatzen dena eta Euskaldunek ere jakin horren berri. Ikusgarritik landa eskertuak izan dira ikastolako irakasle eta laguntzaileak haur horiek ontsa moldaturik eta nola ez Pantxix Bidart hazpandar artista musika eta kantuentzat lagundurik. Gero egun osoan segitu du bestak giro hoberenean, 200 bat lagun elgarretaratu dituen bazkari eta gaineratekoekin herriko gela haundian.











