Herriz Herri - Senpere (L) | 2017ko Ekainaren 29a
Heriotze
Joan den astea zinez tristea gertatu zauku, hiru Senpertarren ehorzketak iragan baitira gure elizan. Hiru zeremonia horietan jendetza handia bildu da eta denak berdin hunkigarriak, kartsutasunez eta kantuz segituak. Astearte goizean, Pierrette Vidot, sortzez Garat, 60 urterekin, Harginaineko familia handi hortako alaba. Azken denbora bortitzak ereman ditu bere indar guziak emanik minbiziaren aurka. Penetan utzi ditu Alain senarra, Véronique, Marie eta Julien bere haurrak, hauen bizilagunak eta haur ttipiak. Arratsaldean, Arotzaneko Gratien Erremundeguyri, 94 urte, egin diogu azken agurra. Laborari xume eta langile hunek jasan ditu nahigabe asko, Kattalin bere emaztea, Xan eta Beñat bere semeen heriotzeak gainditu nahian. Ostiral arratsaldean, Jean-Michel Garaten ehorzketak, hau ere sobera gazterik joan zauku, 59 urterekin, utziz penetan Maite bere emaztea, Mathieu semea eta Isabelle bere arreba. Duela bi urte, bere aita eta ondotik bere amaginarreba galdu ondoan, depresio batean sartua zen, barneko sufrimendu horrengatik ustegabean mundu huntarik ihes egin du. Hiru heriotze hauek hunkitzen dituen familia eta ahaideeri, dolumin bizienak.










