Han eta Hemen | 2017ko Uztailaren 06a
Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 8. liburukia
Euskaltzaindia Baionan bildua zen joan den ortziralean bere osoko bilkurarentzat, Herriko Etxeko gela nagusian.
Euskaltzaindia Baionan bildua zen joan den ortziralean bere osoko bilkurarentzat, Herriko Etxeko gela nagusian. Paradaz balia, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren VIII. tomo edo liburukia aurkeztu du, CD bat ere badaukala juntaturik. Aitzineko tomoak bezala, Laboral Kutxak diruz lagundua. "Laboral Kutxaren betiko borondatea izan da gisa horretako ondarearen laguntzea", zioen Xabier Egibar zuzendariak. Lehen aldia da Atlas horren liburuki baten estreinako aurkezpena egiten dela Iparraldean, Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratua duen bezala. "Ohore handia guretako", Yves Ugalde Baionako axuantak erantzun dioenez. Obra guziez ederra, "4 kiloko ñiñia", Xarles Videgain euskaltzainburu-ordearen hitzetan. 1984an hasirik, inkesta lantsua egin da 145 herritan, horietan 45 Iparraldekoak (Lapurdin 15, Baxenabarren18, Zuberoan 12), 3000ko bat galdera eginik, tokiko hizkeren bila. Zortzigarren liburuki honek laborantza mundua (zerealak, mahastia), sukaldea eta etxeko mantentze tresnak ditu nagusiki jorratzen, 250 mapa edo karta dituela adibideen apaingarri. Ikerlan kolektiboa, Adolfo Arejita euskaltzainak aitzinekoen lan ildoa oroitarazten zaigula, Jean Haritschelhar, Andolin Eguzkitza, Beñat Oiharzabal, geroztikakoak ere horiei juntatuz, Aritz Arbaroa, Gorka Intxaurbe eta Amaia Jauregizar, Xarles Videgainen arduradunaren inguruan ari direnak. Obra baliosa, internetez ere osoki kontsultagarri dena. "Herritik hartzen dugu, herriari itzultzeko" (Andres Urrutia).














