Azalekoa | 2017ko Agorrilaren 03a
Kintoa
P.J.
Sor-markaren besta Alduden "Hemengo xerria, hemengo lurraldea, hemengo jendartea".
Sor-markaren besta Alduden "Hemengo xerria, hemengo lurraldea, hemengo jendartea".
2016ko agorrilaren 16an erdietsi zuen Kintoa Euskal Xerriak bere AOC sor-marka (frantses lurraldeko Appelation d'Origine Contrôlée) eta orain AOP sor-markaren eskuratzekotan da (Europa mailako Appelation d'Origine Protégée), eskaera bide onean dela errana izan zaigu. Ipar Euskal Herriko laugarren sor-marka dugu hor, Irulegiko Arnoa, Ossau-Irati gasna eta Ezpeletako Biperraren ondotik. Urte luzetako borroka izan da sor-maka horren erdiestea eta garaipen hori besta eder batekin ospatu nahi dute sare horretako arduradunek. Besta hori urrian iraganen da Alduden. Lehenik, urriaren 14an bilduko dira sare horren inguruko profesionalak, Frantzian gaindiko alor bereko hamar AOC sor-marketako ordezkariak barne. Eta biharamun 15ean, igandez, besta eder bat eginen da, gomita orori zabaldurik. Oraindik bi hilabete eta erdi balin badira ere besta horretara heltzeko, antolatzaileek oraindanik nahi izan gaituzte jakinean atxiki eta hedabideak bildu dituzte Baionako Aubard urdaitegian, joan den apirilaz geroz Xingarraren Museoa ere duguna.
15 urteko urratsa
Balin badu 30 bat urte euskal xerriaren berpizte bidea ireki zela, Pierre Oteizaren inguruan, zerri mota horretatik egiten den Kintoa Euskal Xerria sor-marka erdiestearen bidea urratzen hasi ziren orai dela 15 urte. Bide nekea izan dela digute erran arduradunek, ez baita gisa horretako sor-marka bat hala edo hola erdiesten, hain dira baldintzak zorrotzak, goi mailako kalitatearen berme. Lan kolektiboa izan da, ekoizleek eta saltzaileek eskua elkarri emanik. "Sor-marka horren ardiestea, gure lurralde osoarentzat ospe handiko bururatzea izan da" digu erran Mixel Oçafrain elkarte horretako buruak. "Zorion handia" zuela gehitzen Panpi Sainte-Marie ekoizleak. Eta gisa horretako gertakaria ez zitekeen handizki ospatu gabe utzi.
Euskal xerriaren historia
Urriaren 15ean, Alduden, euskal xerriaren historia aberatsa da publiko zabalaren begipean ezarriko, molde desberdinetan. Zer den euskal xerria, nola hazia den, nola ekoitzia, zer baldintzetan, sarearen kargu kaiera, oÀ¯'¬'zio desberdinen arteko loturak, lanaren antolakuntza, xerri ttipietatik xingarren ontzerainoko etapak, hori guzia du ikasten ahalko Aldudera hurbilduko den kuriosak. Kuriostasun sanoa. Eta euskal xerriaren inguruan lanean ari direnak nor diren ere, batetik bertzera ibiliz, Oteiza enpresa, Belaun kooperatiba, Aldudeko Idortegi Kolektiboa. Bestalde, gaur egun 75 hazle eta gizenarazte badira, orotara guti gora behera 2.500 eta 3.000 xerriren arteko kopuruarekin. Eta hazle andana berria ere sartzen ari omen da, laborari gazteak, 2020an 5.000 euskal xerriren mentura balaitekelarik. Transformatzaileetan, aldiz, 4 badira artisanalki ari direnak, Oteiza eta Belaun Alduden, Aubard Baionan eta Sage Saran, bertzalde badelarik 15 bat ekoizle etxean berean transformatzen ari dena.
Egitarau polita
Lehen egunean, urriaren 14an, larunbat arratsez, profesionalen arteko elkarretaratzea izanen da, gomitatua izanen den jendea Alfaro trinketean dela bilduko. Hitzaldi garrantzitsuen tenorea, ondotik apairu on batena, ibar horretakoek hain ongi moldatzen dakiten modukoa. Urriaren 15ean, igandez, izanen da animazio franko. Goizean "Kintoa kurri" Bankatik abiatuko dena. Eta Alduden berean ekoizleen merkatua, hemengoak (gasna, biperra, arnoa, gerezia, eztia, erreximenta, amuarraina...) eta urrunagokoak (Korsika, Bigorra, Anjou, Limousin eta beste). Europako AOP sor-marketako xingar desberdinen dastaketa. Sukaldaritza tailerrak ere, Euskal Herriko sukaldari handi zenbaitek segurtatuak. Mintzaldiak. Erakusketak. Bisitaldiak. Euskal Xerriaren Bidea. Haurrentzat animazioak Sarde Sardexka elkarteak antolaturik. Euskal dantzak: Baigorri (Arrola) eta Muskildiko taldeekin. Euskal kantua: Xiberotarrak, Izarrak... Hots, izanen da, begien, beharrien eta ahoaren goxatzekoa.











