Inbido | 2017ko Agorrilaren 03a
Saindu handi bat, Bizente Paulekoa
Muslaria
Fama handiko saindua da Bizente Paulekoa landestar apeza eta aurten sail berezi bat akulatzen da haren ohoretan, kartsuki oroitaraziz nolako obra baliosak sustatu eta akulatu zituen.
Fama handiko saindua da Bizente Paulekoa landestar apeza eta aurten sail berezi bat akulatzen da haren ohoretan, kartsuki oroitaraziz nolako obra baliosak sustatu eta akulatu zituen. Gisa hortan ospatzen da mendeburu bat guziz aipagarria. Haren sortzearena ote? Ez, historialari gehienen gustuko 1581ean sortu baitzen, apirilaren 24an, Akizeko ondoan, Pouy deitu herrian, laborari familia batean. Haren hiltzearena beraz? Ez eta! 1660an pausatu baitzen Parisen, irailaren 27an. Aurten ospatzen den mendeburua hauxe da: duela lau ehun urte, 1617an, Bixente apeza, Pariseko aldean erretor zena, karraskan hasi baitzen jende behartsuen laguntzeari, ikusiz miseria gaitza bazela kasik nun nahi... Ordukotz, hamasei urte apeztua zela. Haurrean, ardura laborantza lanetan ari izana zen, artzain eta behi zain... Bixente ttipiak hartze ona zuela, aitak erabaki zuen haatik eskola poxi bat behar zuela bildu eta Akizeko ikastegi batean ezarri zuen. Akizen zitzaion sortu eta hazi apezteko xedea. Egia erran, eta hori berak aitortua du geroxago, nahi zuen apeztu Elizaren zerbitzari segur bainan ere gisa hartako erretor tokia ukaiten balin bazuen aise bizitzeko moldea ukanen zuela... 1600ean apeztu zen beraz.Esklabo bezala saldua
Gaitza gertatu zitzaion handik bost urteren buruan. Istorio harrigarria, ez badute ere historialari guziek arras berdin kondatzen. Zerbait gisaz Marseillarat joana zen eta handik itsasuntziz Narbonarat. Itsasoan pirata batzuk preso hartu zuten, Ipar-Afrikarat ereman eta esklabo gisa saldu. Bi urteren buruan eskapatu zen nolazpait... Diotenaz, eta ez da harritzeko gauza, bi urte horiek azkarki kanbiatu omen zuten... Pariseko inguruan erretor, obra onak laguntzen zituzten familia aberats batzuekin adiskidetua bera ere, hasi zen behartsu askoren sokorritzen. Behin, 1616-an, familia sosdun batekin joan zen Pikardiarat, etxekanderea hangoa izanki... Han ohartu zen laborari ainitz bazirela miseria gorrian bizi. 1617-ko igande goiz batez, erretor zen herrian, prediku alkitik zabaldu zuen dei bat zinez hunkigarria, hoinbeste behar-ordu ba-eta, hoinbeste jendek beharrenak ere falta, holakoak behar zirela funtsez lagundu. Beroan bero, sustatu zituen apez eta serora talde batzu jende xehearen laguntzaile suhar izan ziten. Sare hori frango laster hedatu zen.
Galerianoekin
Bestalde, denbora hartan zigortu ainitz igortzen ziren galeretarat eta Bixente apezak ardietsi zuen galeriano batzuen omonier edo erremusinari izaitea. Nahi zuen gisa hortan zigortuak zirenak ere hein bat jendetasunekin tratatuak izan ziten. Beti kondatu da hauxe: aldi bat baino gehiago, ikusiz galeriano bat arrunt ezindua, haren tokia berak hartu zuela, eta holakoetan denak harritzen ziren bistan dena! Sail hortan ala bestalde, Bixente apeza alde bat ari zen obra asko eta askoren akulatzen. Beti bazterrak harrotuz gero eta laguntza gehiago banatzeko moldearengatik. Orduan sustatu oldarrak beti segitzen du gisa bat edo beste. Parropia frangotan badira orai ere taldeak, bihotz oneko laiko batzuen gain ardurenik, gogo berarekin bermatzen direnak. Bixente Paulekoa sainduen lerroan ezarria izan zen 1737-an. Pouy haren sorterriari Saint-Vincent-de-Paul izena emana diote 1828-an. Eta haren sortetxea, ederki zaharberritua hemezortzigarren mende hastean, beila toki bilakatua da, kapera bat eraikia izanik ondo-ondoan. Bixente saindua ez da segur ahantzia eta duela lau ehun urte zabaldu zuen deia sekulan baino baliosagoa ditake..










