Euskal diaspora | 2017ko Agorrilaren 03a
Besta ederra NABOren 2017 Biltzar Nagusia, Wyoming-eko Buffalon
Joseba Etxarri
Uda sasoi betea da eta euskal egutegia bor-bor ezin beroago dabil Estatu Batuetan. Uztailaren 20-24ra Wyomingeko Buffalok 2017ko NABO Biltzar Nagusia eta Besta Handia bildu du.
BUFFALO, WYOMING
Uda sasoi betea da eta euskal egutegia bor-bor ezin beroago dabil Estatu Batuetan. Uztailaren 20-24ra Wyomingeko Buffalok 2017ko NABO Biltzar Nagusia eta Besta Handia bildu du. 2011 izan zen Buffalok nazio mailako halako besta handia bildu zuen azken aldia eta aurtengora ere milaka jende bildu dira, arrakasta polita lorturik. Musika taldeetan, Euskal Herriko Errebal (Gipuzkoa) eta Xabi Aburruzaga (Bizkaia) izan dira partaide eta Estatu Batuetako Amerikanoak (Utah, Kalifornia...), Mercedes Mendive (Elko, Nevada) eta Ospa (Buffalo berekoa). Dantzarien artean, Utahko Triskalariak (Salt Lake City), Oinkari (Boise), Zazpiak Bat (San Frantzisko), Gauden Bat (Chino), Zazpiak Bat (Reno), Zaharrer Segi (Buffalo)... baita ere Txantxangorriak trikitixa, pandero eta alboka eskola (Boise)... Bertsolariak, Jesus Goñi (Reno) eta Martin Goicoechea (Rock Springs)... Kaliforniako aizkolariak, Tellechea... artista, dantzari eta musikari andana, jendearen gozagarri.
NABOk Buffalon
Egin du bere Biltzar Nagusia, eta hauteskundeak. Orain arteko Valerie Etcharren Arrechea ez da aurkeztu eta, beraz, lehendakari berria hautatu dute, Boiseko Euskal Museoko zuzendari den Annie Gavica. Esku-zarta handi baten ondotik pasatu dio Valeriek agintari makila, berak lehendakariorde gisa segitzen duelarik. Omenaldiak ere izan dira eta NABOk bere Bizi Emankorra saria eman die Utaheko Nancy Trevinori eta Jean (Maitia) Flesheri; baita ere Buffaloko KBBS euskarazko irratsaioa egin zuteneri eta Buffaloko Jean eta Alberta Escoz senar-emazteeri, beti ere euskaldunen eta euskal kulturaren alde egin lan azkarragatik. Buffalon immigrante euskaldunen kopurua tipitua da, eta egun heien ondokoak dira Euskal Etxea kudeatzen dutenak, lan ederrean. HERRIAk igande goizean meza hondarrean azken euskaldunetako batzuk bildu zituen, eta argazkia atera; heietarik cowboy kapeladun bakarra Buffalon sortua da, George Etchemendy, arrazaz arnegitarra, urteak eta gero euskara ingelesa bezain ederki mintzatzen segitzen duena.











