Gure Hitza | 2017ko Agorrilaren 03a
Bere herrian zertan den euskara
Jean-Louis Harignordoquy
Duela urte andana bat, uste dut zuhurtziaz beterikako Aita Junes Casenave idazle jakintsuari, Xiberoko gau eskolaren sortzaileari, entzun niola erraiten Iparralde honetan aski ontsa dakigula euskara egoera kezkagarrian dela.
Duela urte andana bat, uste dut zuhurtziaz beterikako Aita Junes Casenave idazle jakintsuari, Xiberoko gau eskolaren sortzaileari, entzun niola erraiten Iparralde honetan aski ontsa dakigula euskara egoera kezkagarrian dela. Inkesta soziolinguistiko egiten denbora galtzeko orde hobe genukeela dakigunok euskara erabiltzea eta ikastetxe guzietan erakastea. Santa Graziko semearen ikusmoldea ez zen segurki makurra. Alabaina, zergatik ez berehala lotu gaitzaren sendatzeari? Bereziki jakinez Frantses Estatuak zor digula erreparatze historiko bat. Baina, partzuergoan bide berri bati lotu aitzin, ikerketa egitera ohitu da gaurko gizartea. 1991n lehen inkesta soziolinguistikoa egin zenetik gaurrera Ipar Euskal Herriko biztanlegoa aldatu da, azkarki emendatu kanpotik etorri hamar milaka erdaldunekin, eta denbora berean gure hizkuntzaren altxor ziren euskaldun elebakarrak kasik desagertu. Herriak jadanik emanak ditu azken inkesta zehatzaren berri larrienak. Lapurdi, Baxenabarre, Xiberoko egoeraz eta joeraz Erramun Baxok hizkuntzalariaren azterketa argia bezain zuzena publikatu du Enbatak. Merezi du irakurtzea.
Itxaropen bat: gazte elebidunen kopurua goiti doa. Euskaltzaleok aspalditik daramagun lanaren ondorioa da hori. Ezagutza maila hobetzeko eta gehiago hedatzeko, orain atsulutuki murgiltze eredua ikastetxe orotara zabaldu eta jende helduen irakaskuntza indartu behar litaike. Horrekin batera, araberako neurriak hartuz euskara ikusia eta entzuna izan dadin leku eta bilkura publiko guzietan. Horretaratzeko bide luzea gelditzen bada, ez da ezin egina, Euskal Konfederazioa, E.E.P., Euskal Elkargo berria eta gu bakoitza akuilatzaile.
Agertzen den bertze gauza: euskararen erabilera apaltzen ari da. Min handiena egiten du euskaradunak elkarren artean erdaraz entzuteak. Aldiz, elebidun hartzailez aipatzen dira euskaraz mintzatzeko errextasun eskasa, ingurune erdaldunegian bizitzea, ihardukitzeko ausartzia falta edo berdin atxikimendu eza... Garbiki erran behar da euskara ikasi gabe ezin dela erabili, baina ere soilik jakitea ez dela aski; erabiltzea baita biziarazteko gakoa. Horretarako, familiako giroaren gainera, sortzen ahal diren heinean euskara hutsezko eremu ezberdinak baitezpadakoak dira, euskaradun bakoitzak bere bilguneak hauta eta aurkitu ditzan, bertzeak bertze kiroletan, nola astialdietan. Euskal hitza erdigunean daukan kulturgintzak euskararenganako amodioa eta hobeki menperatzeko gutizia emenda ditzake, frantximanten baitan ere bai. Hari beretik, udako hainbeste entzun-ikusgarri mota nagusiki euskaraz aurkezten balira, laguntza ona izan litaike. Beraz, berantegi izan gabe, ordu da lurralde osoan euskarari oÀ¯'¬'zialtasuna emateko, egiazko hizkuntza politika bat obratzeko, herritarren nahiari funtsezko bitartekoak edo baliabideak uztartzeko.










