Egun eta bihar | 2017ko Agorrilaren 03a
Egun eta Bihar
J-B D.
Guziz hunkigarria izan da, eta denentzat bihotz altxagarri, joan den egunean Normandiako Saint-Etienne-du-Rouvray herrian iragan den ospakizun hori. Egunez egun urte bat lehenago han berean izan zen izigarrikeriaren ondotik.
Hunkigarria
Guziz hunkigarria izan da, eta denentzat bihotz altxagarri, joan den egunean Normandiako Saint-Etienne-du-Rouvray herrian iragan den ospakizun hori. Egunez egun urte bat lehenago han berean izan zen izigarrikeriaren ondotik. Iaz alabainan uztailaren 26an, herri hortako elizan, bi terrorista errabiatu sartu ziren bat-batean, jo zuten eta urkatu 85 urteko apez bat, aita Jacques Hamel, mezaren emaiten ari zena. Frantzia guzia harritu zuen gertakari hitsa, eta hitsa baino hitsagoa ere! Urteburu kari beraz, meza bat emana izan da eliza hartan berean, jende frango bildurik eta denen aitzinean Emmanuel Macron presidenta. Han ziren ere Edouard Philippe gobernuburua eta Gérard Collomb barne-ministroa. Presidentak azpimarratu du gertatzen dena gerta ez dela behar utzi beldurra nagusitzerat. Ezin onetsia ere dela erlisione baten izenean herra hedatzaile izaitea, terrorista futitu batzu agertzen diren bezala... Dominique Lebrun Rouen hiriko artxapezpikuak ere bere aldetik jendetasuna eta denen arteko elkartasuna ditu gain-gainetik goretsi. Oroit-harri bat estreinatua izan da elizaren aitzinean... Horiek hola, Elizak nahi du ohoratu bizia funts hortan galdu duen apez gaixoa, dohatsuen artean ezartzeko urratsak abiatuak dituzte Aita Sainduaren baimen berezi batekin, holako urratsak usaian ez baitira hasten norbait zendu-eta bost urteren buruan baizik....Michel Durafour
Luzaz eta luzaz politikari ezagutua izana, Michel Durafour zendu da 97 urtetan, azken sei hilabeteak artategi batean iraganik. Hamahiru urtez Saint-Etienne hiriko auzapez egona, deputatu eta zenatur izana asko urtez, ministro ere ba bi aldiz. Berenaz erdikoa zen nolazpait, ezkerraldeko frangorekin untsa akomeatzen zena. Hedadura handiko gizona, denen ongiaz arrangura handia bazuena...Sute izigarriak!
Frantzia behere hortan, bereziki Nizako aldean, Proventza eskualdean eta Korsikan, bizpahiru egun barne, ukan dituzte ikaragarriko suteak. Urte guziz izaiten dira sasoin huntan bainan aspaldixkoan haatik ez zen izana aurten bezenbat... Orotarat, zazpi mila hektara erre kixkildu dira, oihan eta larre. Etxe batzu erre eta suhiltzaileek lanak ukan dituzte beste asko ezin begiratuz suaren menetik... Hamabi mila lagun, hango bereko eta udatiar, bortxatuak izan dira etxetarik eta kanpa-lekuetarik urruntzerat. Su-hiltzaileak ez balire erne ibili, aise makur handiagoak ere izanen ziren haatik. Egia erran, laguntza frango ukan dute eskualde guzietarik, Italiatik ere. Eta ainitz jendek agertu dute gaitzeko elkartasuna, hori ere ez baita guti holakoetan. Edouard Philippe gobernuburua espresuki joan da nolako makurrak ziren ikusterat, barne-ministroa ere ba bere aldetik Korsikarat. Bainan nola pizten dira eta hedatzen holako suak? Batzu arrunt errekontruz eta guti aski da batzutan. Han edo hemen izan ditake ere norbaiten ezazolkeria zerbait. Artetan, izaiten da berdin lan tzar zerbaiten egiteko gogoarekin dabiltzan batzuen maltzurkeria. Gero, erran behar da su bat piztearekin aise hedatzen dela, burrustan hedatzen berdin, idorte delarik eta aurten eskualde asko badira idorteak azkarki joak... Gainerat, haizearekin ere sua aise azkartzen da... Ikerle askoren ustez, klima aldaketarekin, baditake gero eta irrisku gehiago izanen den hor gaindi. Gero eta arta gehiagorekin ahal bezen garbi atxiki beharko bazterrak... Sasitzerat utzi tokietan suak laster gaina hartzen baitu alabainan!










