Egun eta bihar | 2017ko Agorrilaren 17a
Egun eta Bihar
J-B D.
Uda ala negu noiz nahi badira berri hitsak bainan gehiago eta usuago gutien ustean izaiten direlarik atentatu itsusi batzu.
Berri hitsak
Uda ala negu noiz nahi badira berri hitsak bainan gehiago eta usuago gutien ustean izaiten direlarik atentatu itsusi batzu. Joan den egunean ere beraz bazterrak kaldan jarri dira terrorista futitu batek auto batekin sei soldado lehertu baititu beren zerbitzuaren hartzerat abian zirenak, Pariseko ondoan, Levallois-Perret hirian... Sei soldadoak kolpatuak izan dira, hiru frango handizki. Autozainak ihes egin du Frantzia iparralderat buruz eta han arrastatua izan da, bost orenen buruan, tirokada baten ondotik, bera ere zauritua izan baita... 36 urteko gizon bat, sortzez Aljeriakoa, bainan paperak ba Frantzian bizitzeko eta orai arte deus istoriorik ez ukana... Zonbait egun lehenago, gauaz, Pariseko Eiffel dorre famatuaren ondoan, gizon bat, hura ere Ipar-Afrikatik etorria, atxilotua zuten soldado batzuri nahi zelarik mendekatu ganibet bat eskutan... Eta bai, hortaratuak gira eta holako gertakari latzak noiz nahi gertatzen ahal han edo hemen... Gobernuak dio, arrazoinekin segur, gero eta larderia gehiago erakutsiko duela, bainan nola egin behar da badirelarik terrorista errabiatu batzu gordeak egoki isil-isila lan tzar izigarri bat noiz nun egiten ahalko duten? Batzu begietan har ditazke nolazpait eta zaintzen ahal dira, bainan beste frango satorrak baino satorragoak daude, nehork ez jakin nor diren, nun dauden eta noiz ausartatuko diren atentatu baten egiterat... Holako batzuekin dira ba gutien ustean irrisku handiak... Eta nork daki, gauzak batere ilundu gabe ere erraiten ahal da hauxe, beharbada hitsenak oraino ikustekoak ditugu!
Oporretan
Dena den, ministroak ere oporretan dira. Errekontru handiz kanpo ez dira berriz bilduko hilabete hunen 28a arte. Sail hortan, gobernu berriak ere segitzen du aitzinekoen bide beretik. Ministroak ez dira denak betan faltatu behar, ez dute sobera urrun joan behar, zerbait berezi gertatzen bada laster itzultzeko Pariserat, eta pausaldi denbora hortan ere, diren tokian lanean behar dute poxi bat arizan, udaberriko hitzorduak gogoan, ukanen baitute nun josta, gogoan ere heldu den urteko aurrekontuak, buruko mina ere emaiten ahal dioten aurrekontuak...
Ezetz denen buru
Parisen badira legezain nagusi batzu eragin handia duen batzorde bat osatzen dutenak.
Gradu handiko kargua, hilabete saria ere araberan... Lege-nagusia berme, legezain horietarik batto behar zuen uda huntan izendatu Gérard Larcher zenaturren biltzarburuak. Eta egin ere du funtsean, hautatuz Michel Mercier ministro ohia. Bainan bat-batean gaitzeko asaldura izan da hor gaindi, Pariseko astekari kitzikari batek salaturik Michel Mercier ez zela beti hain txintxoa izana, legezko ikerketa bat ere ba abiatua ikusteko ez ote zen arras okerki jokatua duela bizpahiru urte... Bainan zer okerkeria ote? Bere bi alabak bere laguntzaile bezala hartuak eta pagatuak naski. Orai bozkatu lege berri batek ez du gehiago holakorik onesten bainan hori ez zena halere haizu aitzineko urtetan? Haizu zen, frangok ez bazuten ere begi onez ikusten, haizu bainan hein batetaraino... Michel Mercier ministro ohiaren kasuan, hauxe ditake kezkagarri eta eztabada bide: denbora batez, bere alaba horietarik batto Parisen izanki aitaren laguntzeko lan eta lan, bainan denbora berean Londresen bizi eta han ba beste lan bat! Saltsa bat ederra denen buru... Dena den, ikerketek segitzen dute aitzina eta geroxago ageriko da Michel Mercier auziperatua izanen den ala ez. Berak dio egin dituen urrats guziak legez lege egin dituela bainan ikusiz bazterrak nola ari ziren kexatzen, eta ahal bezen lasaiki plantatu nahiz ikerketak akulatuko diren denboran, nahiago ukan du denen buru ez onartu hoin ederki eskainia zitzaion kargua... Ez zuena aski lañoki atxikitzen ahalko itxura guzien arabera... Alabainan, nola izaiten ahal da legezain nagusi, denak legez-lege egiten direnetz arrangura handi-handi batekin, eta denbora berean bera ere auziperatua izaiteko irriskuan... Gérard Larcher zenaturren biltzar buruak beste norbait hautatu behar beraz...









