Azalekoa | 2017ko Abenduaren 07a
Bihotzeko Ostatuek beharra sekulan baino handiago
P.J.
Azaroaren 23an abiatu dute neguko sasoia Bihotzeko Ostatuek. Negukoa diogu, zeren egia erran batzuk urte guzian dituzte ateak irekitzen, udan molde arinagoan balin bada ere.
Azaroaren 23an abiatu dute neguko sasoia Bihotzeko Ostatuek. Negukoa diogu, zeren egia erran batzuk urte guzian dituzte ateak irekitzen, udan molde arinagoan balin bada ere. 1985ean sortu zuen Bihotzeko Ostatuen elkartea Coluche artista famatuak, janari eskasia gorrienean direnak doi bat sokorritzeko. Geroztik biderkatu dira Bihotzeko Ostatu horiek, hain dira beharrak handiak. Departamendu honetan Pauen da egoitza nagusia eta badira hamaika zentro, bost Biarnon eta sei Euskal Herrian: Angelun, Donibane Lohizunen, Donibane Garazin, Aiherran, Donapaleun eta Maulen. Argitasun gehiago ukan nahian, joan gara Donibane Garaziko arduradunetarik den Marie-Hélène Erramouspe baigorriarrarengana.
Hogeita hamar bat laguntzaile bolondres Donibane Garazin
Nahiz elkartasuna aspaldidanik obratzen den Garazi aldean (Sokorri Katolikoa, Gurutze Gorria eta beste), Donibane Garaziko Bihotzeko Ostatuak ateak ireki zituen duela 19 urte. Henri eta Colette Saparrartek eman zituzten lehen urratsak, Frantxoa Garat apezaren ideiatik abiatuz. Ondotik Pettan Elissalde irisartarrak zuen lekukoa hartu, laguntzaile bolondres andana batez inguraturik. Eta urri honetan, Arnaud Ipoutcha arrosatarrak ditu giderrak hartu, beti ere talde on batek lauzkaturik, Pettan bera, Peio Iralour, Marie-Hélène Erramouspe, Anne-Marie Irume (hauek biak dira funtsean Paueko administrazio kontseiluan ordezkari, bertze zentroekin lotura egiteko) eta beste guziak, denak borondate oneko emazte eta gizon zintzoak, beren denboratik gogotik ematen dutenak, behardunen zerbitzuan errespetuki engaiatuak direnak. Batzuk ongi-etorria dute egiten, kafe bero goxoa eskainiz, beste batzuk janari horniduraz dira gehiago arduratzen edo ukandako janariaren partekatzeaz, administrazio urratsak betetzeaz... Hots, ez da lan eskasik, hasiz beharrak manaturik etortzen zaizkienen kezka edo grina askori beharria emanez, janariaz bezainbat laguntza moralaz ere gose baitira eskasian direnak, daukaten gogo iluna eguzki izpi batzuez beztitzearen beharra baitute.
Joan den neguan 58 familia
Donibane Garaziko zentroan (hau Irulegiko Irratitik hurbil aurkitzen da), 58 familia (105 lagun) ziren errezibituak izan iazko neguan. Eta joan den udan 26 familia (45 lagun). Udan, hilabetean bi ortzegunez dira behardunak zentrora etortzen, goizez. Neguan, aldiz, ortzegun guziez, arratsaldetan (14:00-16:00). Jende horietan denetarik bada: bakarrik dagon jendea (%50), sari arrunt ttipia duten erretretadunak, beren haurrekin bakarrik bizi diren emazteak; gutiz gehienak Euskal Herrikoak, hemen berekoak edo hona bizitzera etorriak, bereziki Euskal Herri barnealdera, bizi merkeago baten menturan jinak. Ez du haatik nornahik Bihotzeko Ostatuaz baliatzen ahal, horretarako kriterio batzuk badira, gizarte laguntzaile batek (assistante sociale) baieztatzen dituenak. Iaz, Donibane Garazin, neguan 7.906 apairu dira zerbitzatuak izan eta udan 4.310. Erran behar da behar gorrian diren kasuak gero eta gehiago badirela (fitsik ez jateko eta berehala zerbait behar), ondorioz horientzat konponketa zerbitzu berezi bat muntatzen da, udan ere, "urgentziazko paketak" banatzeko. Astean behin janaria etortzen zaie Pauetik kamioi batean bai eta tokiko saltegietatik (iaz 3 tona), Lidl, Carrefour Market, Intermarché, Arradoy-Arroltze eta beste saltoki ttipiago batzuetatik. Martxoan nazional mailan egiten den janari bilketa ere emankorra da, hemengo jendeak ongi ematen duela digu erran Marie-Hélènek.
Energia-ekonomia tailerra
Negu hastapen honetan, janaria banaketaz haratago joan nahian, tailer berezi bat muntatzen du Donibane Garaziko zentroak hilabetean behin, energia-ekonomiaren alorrean, Baigorriko CPIEko animatzaile batek segurtaturik. Alabaina, Bihotzeko Ostatuko arduradunak ohartu dira elektrizitatea edo argindarra, adibidez, behar baino gehiago xahutzen dutela janariketa heldu zaien jendeek, beren bizitegietan argia noiznahi eta berogailuak gorenean pizturik utziz. Hor berean, alta, ekonomiak egin ditzakete. Horri buruzko inkesta eginik, zenbaitzuk onartu dute gisa horretako tailerrean parte hartzea, konturaturik beren probetxurako litzatekeela. Bada ere bertze tailer baten mentura, estetikalari baten inguruan molda laitekeena... Janari banaketa eta sustengu morala baino urrunago doa beraz Bihotzeko Ostatuetako laguntzaile bolondresen ildoa.











