Kostaldean | 2017ko Abenduaren 07a
Begiraleak beti berdin erne!
Donibane Lohizunen, duela bi urte, Begiraleak elkarteak ospatu zituen bere 80 urteak.
Donibane Lohizunen, duela bi urte, Begiraleak elkarteak ospatu zituen bere 80 urteak. Oroit gira norbaitek orduan erranik elkarte hori beti berdin gazte zagoela! Gauza bera berriz erraiten ahal da joan den egunean egin duen biltzar nagusiaren ondotik. Beti gazte eta beti erne, lan ederra derama euskararen eta euskal kulturaren alde. Hamar sail desberdinetan gainerat. Hiru ehun bat kide orotarat eta denak euskaldungoari atxikiak, elkartea sortu zuen emazte talde hura bezala. Biltzar nagusia hastean, Xabi Soubelet elkarte-buruak aipatu du eta goretsi Peiuko Duhart auzapeza, Baionako ospitalerat eremana, segurtatzen ziola guzien atxikimendua. Gero, berak eta Mirentxu Aramburu laguntzaile guziz baliosak behako bat eman diote urteko gora-behera guzieri. Bazuten nun zer erran segur! Ez gira egun xehetasunetan sartzen, heldu den astean berriz aipatu nahi baitugu begirale kartsu horien sail aberatsa. Bilkura bururatzean, Herriko Etxearen izenean, Peio Etcheverry axudantak goraipatu du Begiraleak eta hitzeman herriak ahal bezenbat lagunduko duela kar berarekin aitzina segitzen.









