Inbido | 2017ko Abenduaren 07a

Sinai lurraldean gaindi

Muslaria

Zorigaitzez, atentatuak badira kasik noiz nahi eta kasik nun nahi.

Zorigaitzez, atentatuak badira kasik noiz nahi eta kasik nun nahi. Joan den egunean, batto izana da izigarria baino izigarriagoa Egiptoren kondu ekarria den Sinai lurraldean. Islamista atrebitu batzu, hogoita-hamar bat lagun, dira itsuski mendekatu beste musulman batzuri, hauk "sufi" delakoetarik izanki, sobera epelak eta ez bide xuxenetik ibilki gisa hortan oldartu zaizkiotenen gusturat! Terrorista futitu horiek otoitz-leku bat setiatu dute zernahi jende bazelarik barnean, lehergailu azkar bat zartarazi han berean eta iheska joan nahi zuten guziak tirokatu! Orotarat, 305 hil eta ehun bat kolpatu. Hauxe da gertakari hitsa beste frangoren gainerat! Bazter guziak harritu dituen gertakaria, bortizkeria ainitz izanikan ere eskuin eta ezker, hein hortakorik ez baita halere usu aditzen!

Gobernua lanetan

Bainan nola hortaratuak dira Sinai lurralde hortan? Sinai hori gaitzeko lur peza da Egipto ekialdean, Israelgo mugaren hegiz-hegi. Eremuz Frantziako hamar bat departamenduren heina bainan arras biztanle guti, orotarat lau ehun mila nunbait han, ez gehiago. Lurraldea Mediterraneo itsasorat heltzen da iparraldetik. Bainan beste bi itsasok ere mugatzen dute, Itsas Gorriak eta Akabako itsasguneak. Mendealeko muga izanki aldiz Suez deitu ur-bide famatua. Hortakotz erraiten ahal da penintsula bat dela, frantsesez "péninsule", eta euskaraz penintsula hitza erabil ditake dudarik gabe, hiztegi batzutan sartua dute segurik... Jende gehienak itsas-hegian bizi dira, bereziki iparraldean, bainan ere arrunt hegoaldean, han baita funtsean hiri handiena, Charm-El-Cheikh, arrunt turismoari emana (73.000 biztanle).

Gaineratiko eremuan, ardurenik abere hazkuntzari emanak diren leinu batzu, alde bat harat eta hunat dabiltzanak, ez lekuaren gainean egoiten. Nola ahaideak badituzten Jordanian eta Palestinan, ez dute axola handirik gobernuek ezarri mugetaz eta horrengatik ere izana da (eta bada beti) istorio frango, ez baita harritzeko jakinaren gainean bazterrak zoin minbera diren hor gaindi. Dena den, Sinai lurralde hori, hamar bat urte Israelen legepean egona, Egiptok berriz beretua du bainan gobernuak lanak ditu eta ez entraalekoak, gero eta gehiago baitira hor kokatuak islamista sasi-gudari batzu. Gobernua lanetan da beraz, azken bizpahiru urte hautan gero eta gehiago, larderia poxi bat ezin erakutsiz, artetan armada lekuka bederen agertzen balin bada ere...

Biblian ere aipatua

Horiek hola, ez dugu ahanzten, ez ahantzi behar ere, Sinai lurralde hori Biblian ere aipatua dela. Bada hor mendi bat frango gora dena, ardura Sinai deitzen dena (2285 metro gora) eta diote Jainkoarenganik Moisek hor zituela eskuratu hamar manamenduak, judu eta giristinoek berena daukaten lege nagusia nolazpait. Funtsean, arabiarrez mendia deitzen da "Djebel Moussa" erran nahi baita Moisen mendia. Handik hurbil, beste mendi bat, lurraldeko gorena, Santa Katalina (2642 metro). Bi mendi horien artean, monastegi bat guziz famatua, giristino ortodoxoek kudeatzen dutena, ondoko mendia bezala Santa Katalina deitzen dena. Hogoi bat fraile han bizi, gehienak greko edo greziarrak. Hirugarren mendekotzat moldatuak lehen eraikinak, geroztik handituak, azkartuak eta edertuak.

Hau ere erran behar da haatik: aspaldian badira ikerleak eta historialariak kezkatuak daudenak, Sinai mendi hortan zituenetz Moisek eskuratu, luzaz erran den bezala, delako hamar manamenduak ala ez ote Arabia alderat urruntxago den beste mendi batean. Bistan da ez dugula guk trenkatuko eztabada hori bainan hauxe erraiten ahal dugu haatik, gisa guziz Sinai lurralde hori guretzat ere guziz aipagarria dela, guziz baliosa, eta hor gaindi gertatzen denak hunkitzen gituela nahitez gu ere, azkarki inarrosten ere joan den eguneko salbaikeriaren kasuan bezala...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3428. zbk

Deusik ez da osagarria baino baliosago daitekeenik.

Sokrates

Gure Hitza | 2017/12/07

Abendoko loreak

Janbattitt Dirassar

Sasoi batean, ainitz aipatzen dira maiatzeko loreak. Ez baitugu ahanzten maiatza dela hilabete bat guziez loretsua, bere euskal-izen xaharra ere loraila izanki preseski...

Sasoi batean, ainitz aipatzen dira maiatzeko loreak. Ez baitugu ahanzten maiatza dela hilabete bat guziez loretsua, bere euskal-izen xaharra ere loraila izanki preseski... Joan den egunean, zonbait lagun solasean egoki-eta, hauxe jin zaigu gogorat, abendua ere biziki loretsua dugula! Ez batere lore berdinekin haatik... Baina zein lore ederrak, ez badira ere arrosak eta julufriak!

Hasteko, hor dugu Eguberri, neguko solstizio delakoari josia. Zer den Eguberri haatik, doi bat galduak ere ibiltzen ahal gara. Iaz bat-batean ohartu ginen Baionan segurik Eguberri dela kasik berrogei egun irauten duen bestaburu bat! Garizuma bezain luzekoa beraz, bizpahiru egun eskas. Aurten nasaiki hedatuak izan diren paperño batzuk gauza bera garbiki salatzen dute, Eguberri hasi dela abenduaren lehenean bururatzeko urtarrilaren 7an. Komertsanten dei kartsu bat, gure erosketak Baionan egin ditzagun eta ez beste nonbait... Zein erosketa? Baina Eguberrikoak bistan da, Eguberri delakoz, oroz...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016