Herriz Herri - Senpere (L) | 2017ko Abenduaren 07a
Asteburuko hitzorduak
Hamabostaldi komertzialaren kari, larunbat eta igandean animazioak kokatuak izanen dira Senpereko plazan.
Hamabostaldi komertzialaren kari, larunbat eta igandean animazioak kokatuak izanen dira Senpereko plazan. Aipatzekoa larunbat arratsaldean, Eguberriko pastiza lehiaketa, sukaldaritza animazioa, tailerrak On Art eta Imagine elkarteekin bai eta Zirikolatzekin dantza erakusketa. Biharamunean aldiz goizeko 9etan merkatu animatua, zintzur bustitzea eskainirik eta eguerdi aldean erosten ahalko da paella zati bat, Ramuntxok apailatua, lekuan bertan edo etxeratekoan jateko.
Bertzalde "Buggython" deitu duten ekitaldia Telethonen kari iraganen da larunbatean goizeko 9ak eta arratsaldeko 6ak artean, Urguriko zelaian. Auto-Buggy-ak estreinatzen ahalko dira 4 euroren truk, Kanderatzeko Dorratçague familiak libre uzten duen arto landan. Ea egunaldiak onerat eginen duen, landa hunek doi bai xukatzea beharrezkoa baitu!
Azkenik, oroit gaiten Hiru Soinuk bere hirugarren diska aurkezten duela Larreko salan, larunbat arratsean 7etan eta biharamunean arratsaldeko 5etan. Badakigu larunbateko sarrerak aspaldi agortuak direla, horrengatik igandean sarrerako txartelak lekuan bertan hartzen ahalko dira.











