Mundu zabalean | 2018ko Abenduaren 06a

Mundu Zabalean

M.L.

Bretainia Batuaren petizioaren arrakasta

Gaur egun Bretainiako lurraldea osatzen duten lau departamenduei Loire-Atlantique lotzea, hauxe da “Bretagne Réunie” elkartearen helburua. Bi urte honetan petizio bat kurriarazirik Loire-Atlantique departamenduan 100 000 izenpedura bildu dituzte Bretainiako lurraldeari lotzea eskatzen duen petizioaren kari. Petizioa eskuratu bezain laster, Philippe Grosvalet 44 departamenduko presidente sozialistak erabaki du proposamen horretaz bozketa baten egitea abenduaren 17an, heldu den astelehenean zortzi, 62 kontseilari biltzen dituen departamenduko kontseiluan. Bosgarren departamendu bat Bretainiako lurraldeari lotzeko urratsak oraino luze joanen dira hala ere. Bretainiako lurraldeak bozkatu behar du, badirudi baiezkoa nasaiki erranen dutela bretoin hautetsiek, baina Pays de Loire lurraldeak ere alde bozkatu behar du. Christelle Morançais (LR), Pays de Loire lurraldeko presidenteak bulta bat honetan errana du 44 departamendua galtzearen kontra dela. François de Rugy ingurumeneko ministroa aldiz bost departamenduek Bretainia osatzearen alde mintzatu zen duela urtea, bere sarekideekin elkarrizketa numeriko bat egin zuenean. NOTRe legean espresuki emana da lurralde batean desgostuan dagoen departamendu batek auzorat lotua izaitea galda dezakeela. Bretagne Réunie petizioak parada hori segitu du buruan buru, eta Loire-Atlantiquetarren %10ak izenpetu du petizioa. Nantes/Naoned hiritarren gehiengoa bilketa horren alde dela erakusten dute aburu ikerketek. 44 departamendu- buru sozialista bilketa horren aldekoa da. Baina sokatira horretan parean direnek argumentu serioak erakusten dituzte: Pays de Loire bost departamendutik lauetara, eta 3,7 milioi biztanletik 2,3 tara jautsiko dela. Nantes hiri aberatsa dela baina PDL lurraldeko hiriburu kapelua galduko duela. Sokatira horretan Nantes/Naoned hiri nagusia duen 44 departamendua da jokoan. Baditu 1,33 milioi biztanle. Orohar departamendu aberatsa dela erran daiteke: langabezia %7,3tan du, Frantzian baino bi tanto apalago, eta RSAdunen kopurua %4an du Frantziako banabestekoa baino tanto bat apalago. Bretainera hizkuntzaren irakaspenak garapen ona ezagutzen du: badira orain bost Diwan ikastola eta kolegio bat 44 departamenduan, deusik ez zelarik duela hamabost urte.

Atorra horien hirugarren asteburua

Frantziako barne ministerioak eman zenbakietatik ariz, joan den larunbatean 136 000 presuna atera dira karriketara atorra horiak soinean, aitzinekoan baino 30 000 gutxiago. Baina Parisen eztabaida arras gogorragoak gertatu dira anitz ontasun hauste barne: 412 arrastatuak izan dira, horietan 378 galdekatuak. 33 presuna kolpatuak altxatu dituzte, horietan 23 polizak. Okzitaniako Tolosan borrokaldiak ez dira hainbestekoak gertatu, hala ere 57 kolpatu altxatu dituzte, horietan 48 polizak. Hexagonia osoan 263 presuna kolpatu kondatu dituzte.

G20 bilkuran su-etena AEB eta Txinaren artean

Daramaten gerla ekonomikoa 90 egunez gelditzea deliberatu zuten joan den asteburuan Donald Trump amerikarrak eta Xi Jinping txinatarrak, munduko 20 estatu abe ratsenak biltzen dituen erakunde informalaren bilkura kari. Oroit gaitezen Donald Trumpek piztu zuela gerla hori, erabakitzearekin Txinatik AEB-etara sartzen diren ekoizpenen tatsa pasaraztea %10etik 25erat. Mehatxu hori atera bezain laster erreferatu zuen Txinak hainbat ekoizpen amerikarrei pasa-saria hupatuz, eta beste zenbatzuri Txinan sartzea debekatuz. Bi buruzagiak fermuki mintzatu dira, hiru hilabeteko epean deusik ez bada aldatzen mehatxuak gauzatuko dituztela.

RSAk 30 urte

Michel Rocard gobernu-buruak sortu zuen RMI (revenu minimum d’insertion) duela 30 urte. Lanik ez zuenari laguntza publiko erregular bat emaitea zuen helburua, beste lanbide bat atzeman artean. Orduko adituek estimatzen zuten laguntza hori eskuratuko zutenak 300 000 izanen zirela den gehienetik. Ordea, duela hamar urte RSA (revenu de solidarité active) izena hartua duen laguntza hori bi milioi presuneri banatua da gaur egun. Gobernuak iaz 11 miliar euro ezarri ditu RSArentzat. Badago bestalde ASS (allocation de solidarité spécifique) laguntza. Kutxa hortarik hunkitzen dute laguntza publikoa langabezia aspalditik jasaiten dutenek, RSA galdu ondoan. Gobernuak 2,7 miliar eurotan hazten du ASS kutxa. 9 miliar euro kontsekratu ditu estatuak enbaldituentzat. Hauek deus bizipiderik ez dutenean AAH laguntzaren kontu hilabetean 860 euro hunkitzen dute. Mende honetako zuzengabekeria nagusienetatik bat dugu erretreta-sariena. Sari apalenean edo gabe direnentzat hexagoniak muntatua du lehen Minimum Vieillesse eta orain ASPA deitzen den kutxa. 2,5 miliar euro publiko ezarriak dira aurten erretretatuen laguntzeko kutxa horretan.

On egin “Le reflet” Nantes/ Naonedeko ostatuan

Bi urte ospatuko ditu abendu honen 20an Nantes-eko Le Reflet ostatuak. Astegunetan presaka jan behar duten landunei otordua proposatzen die, 10 eurotik 17 artean eguerditan, eta 23 eurotan gauez. Ostatu horren berezitasuna hauxe da, trisomia 21 dunek irekia dutela. Ba dira 8 langile guziak trisomia 21 edo funtsezko enbaldidura bat jasaiten dutenak. 24 oreneko lanastea dute, bi sukaldariak jarririk ar daitezke lan hurrietan. Zerbitzari bakoitzak badu bere azieta-meta, bere erhiekin lotzeko hatz markak dituena. Ostatu hori ez da enbaldituen intsertzio elkarte batek muntatua, sozietate bat juridikoki komertziala baizik. 25 urtetan bere enpresa muntatua zuen neska batek muntatua du. Bere anaia gehiena, enbalditua, lana ezin atzemanez ari zelarik neskari gogoratu zaio enbaldituak langile izanen zituen ostatu horren muntatzeko ideia. Flore Lelièvre neska gazteak ekipo bat muntatua du Parisen gisa bereko ostatu batean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3477. zbk

Diru poxi bat galduz deus ez da galtzen adixkideak galduz ainitz galtzen da

Alemaniako erran zaharra

Gure Hitza | 2018/12/06

InSight!

Janbattitt Dirassar

InSight, zer da hori? Edo nor da? Hauxe da izen bitxia gisa guziz! Bestenaz ere S hizki larri bat erditsutan sartuz idatzi behar-eta! Bainan nundik heldu ote da hitz hori? Euskara batuak ekarri ote dauku Mari jainkosa zaharra bizi omen den leize ilunaren zolatik? Ez dea izaitekotz ingleskeria bat gehiago, beste frangoren artean sar-arazia? Xo, InSight hori zeru-tresna edo espazio-tresna arraro baten izena da, Martes izarbelerat igorria iragan maiatzean eta gaitzeko itzulia eginik han pausatua joanden egunean. Mundu guzian, jakintsun ainitz loriatuak, hori dela hori ikaragarriko balentria! InSight bi urte han nunbait egon beharra da. Hango zernahi berri igorriko daizkigu, argazki eta beste. Jadanik ere baditu hel-araziak. Duela hameka urte zeru-tresna bat igorria izan zen Marteserat eta planeta horren axalaz zernahi gauza ikasi zen. Bainan InSight horrek badu aise muntadura gehiago, muntadura trebeago eta ausartagoak. Izarbelaren barnea ere ikertuko du. Ez da beraz harritzeko jakints...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016