Inbido | 2018ko Abenduaren 06a

Lehengo "jakeskeria" heiek

Muslaria

Badu orai bizpahiru aste azkarki aipu direla "horiz jauntzi" delako horiek. Mugimendu gaitza, kasik tipustapez sortu eta hedatu dena. Nahiz aspaldian sendi zen bazela hor gaindi arrangura frango eta azkenean jendea kexatzen ahal zela. Lehen ere izan dira holako mugimendu batzu, bazterrak inarrosi zituztenak. Neke da haatik, biziki neke, konparaketa xuxen baten egitea, lehen eta orai giroa ez berdina izanki bixtan da, aldarrikapenak ez baitziren ere berdin egiten, eta azkenean jazartzen zirenak itsuski zigortuak izaiten baitziren... Erregeak edo(eta) hunen ondoko jaun handiek ikaragarriko larderia erakutsiz. Horiz jauntzi horiekin etzen bortizkeria handirik izanen artean ez balire sartu, bereziki Parisen, bazter guziak xehatu nahi dituzten batzu, besteak bezala bezti eta ez beste horien artean aise berexten ahal... Dena den, kondatu behar-eta lehengo mugi menduak nolakoak izaiten ahal ziren, behako bat emanen diotegu denboran "jakeskeriak" deitu dituzteneri, gehien-gehienik 1358- an, Erdi-Aroan beraz, piztu zen "Jakeskeria handiari", frantsesez "Grande Jacquerie".

Izen hori zendako?

Jazarkunde horiek, eta oroz gainetik 1358-ko hura, zendako deitu zituzten jakeskeri? Jazarri ziren gehienak laborariak baitziren eta ainitzek usaia baitzuten jaunzteko barneko edo jipoi laburtto bat, "jakes" edo "jacquette" deitzen zena frantsesez, hortarik heldu ditake funtsean xaketa edo txaketa euskal hitza, oraino ere erabiltzen dena. Batzuk diote haatik izena heldu dela izaitekotz Beauvais hiriko aldean jazarkundearen buru jarri zen gizon bati, hau deitzen zen Jakes Gizonttoa, Jacques Bonhomme. Historialari gehienak ez dira orai ikus-molde horrekin ados. Jakinik gizon horren egiazko izena zela Guillaume Carle eta Jakes izengoitia eman ziotela preseski beti "xaketa" soinean ibilki zelakotz...

Biziki giro hitsa

Jazarkundea etzen ustegabetarik piztu. Bazterrak biziki kexu baitziren. Alde batetik, nahiko miseria, ainitzendako miseria gorria, hamar bat urte lehenago ikaragarriko izurriteak alimaleko kalteak eginik, hilak ba miliunka Europa guzian gaindi. Geroztik, lanak ba, eta ez guti, usaiako tornurat ezin berriz helduz. Azen ontzeko, gerla zen frantses eta inglesen artean. Frantziako erregea inglesek bahitua eta preso atxikitzen. Izigarriko diru meta nunbaitik bildu behar haren libratzea ardiesteko. Zernahi sos behar ere armadarentzat beraz. Eta ondorioz gaitzeko zerga goititzeak jasan behar. Giro jasangaitza segur!

Gaitzeko itsuskeriak

1358-an, maiatzaren 21-ean, Beauvais eskualdeko ehun bat laborari oldartu ziren beraz, aseak zirela, eta aseak baino aseago ere! Nahiz berriak etziren orai bezala hedatzen, mugimendua laster hedatu zen. Bazterrak kexatu ziren ere Parisen, han etzirelarik laborariak, bainan arrazoin beren gatik halere. Guillaume Carle arizan zen preseski bi mugimenduak, baserrikoa eta Parisekoa, batetaratu nahiz, bainan debaldetan. Normandian, Pikardian, Pariseko aldean eta hor gaindi, zonbait aste biziki nahasiak izan ziren, zernahi gauza itsusi izan zen, kasik ezin sinetsiak... Azkenean, erregegaia (aita beti preso zuen printzea) aski bortizki mendekaturik oldartueri, jazarkundea eztitu zen... Bakeari buruzko bilkura bat eginen zelako estakuruan, Guillaume Carle abilki bildu zuten eta burua moztu zioten! Hainbestenarekin, oldartu ainitz elgarrekin ziren batez, erregearen aldekoek zafratu zituzten gogorki. Eta nor zen zafratzaile horien buru? Karlos II Gaixtoa (Charles le Mauvais), bestalde Nafarroako errege zena, bainan Frantziako erregearen familiakoa izanki... Jakeskeria Handia hola bururatu zen. Aise lehenago izanak ziren beste batzu, hala nola batto Normandian, 996-an. Hango printzeak, nehor ez gehiago oldartzeko gisan, zango-besoak motzarazi zaizkioten jazarri ziren askori... Denbora heietan, hola zen bizia...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3477. zbk

Diru poxi bat galduz deus ez da galtzen adixkideak galduz ainitz galtzen da

Alemaniako erran zaharra

Gure Hitza | 2018/12/06

InSight!

Janbattitt Dirassar

InSight, zer da hori? Edo nor da? Hauxe da izen bitxia gisa guziz! Bestenaz ere S hizki larri bat erditsutan sartuz idatzi behar-eta! Bainan nundik heldu ote da hitz hori? Euskara batuak ekarri ote dauku Mari jainkosa zaharra bizi omen den leize ilunaren zolatik? Ez dea izaitekotz ingleskeria bat gehiago, beste frangoren artean sar-arazia? Xo, InSight hori zeru-tresna edo espazio-tresna arraro baten izena da, Martes izarbelerat igorria iragan maiatzean eta gaitzeko itzulia eginik han pausatua joanden egunean. Mundu guzian, jakintsun ainitz loriatuak, hori dela hori ikaragarriko balentria! InSight bi urte han nunbait egon beharra da. Hango zernahi berri igorriko daizkigu, argazki eta beste. Jadanik ere baditu hel-araziak. Duela hameka urte zeru-tresna bat igorria izan zen Marteserat eta planeta horren axalaz zernahi gauza ikasi zen. Bainan InSight horrek badu aise muntadura gehiago, muntadura trebeago eta ausartagoak. Izarbelaren barnea ere ikertuko du. Ez da beraz harritzeko jakints...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016