Hegoaldean | 2018ko Abenduaren 06a

Hegoaldean

Hegoaldean

EAEko hazkundea apaltzen

EAEko hazkundea apalduko dela aurreikusten du Laboral Kutxak, eta beraz, uztailean uste izan zuten %3,2ko hazkundea ez dela beteko pentsa daiteke. Hori jakinarazi dute, bederen, Joseba Madariaga Ikerketa Departamentuko zuzendariak eta Oriol Aspachs Caixa Bankeko Ikerketa arduradunak, eta bertzeak bertze, ekonomiaren abiadura moteldu dela erran dute.

Soldatak berdintzeko bidean

Euskal Autonomia Erkidegoan emazteen eta gizonen arteko soldata desberdintasuna mugatzeko estrategia onartu du Eusko Jaurlaritzak. Egiazko berdintasuna helburutzat harturik, plan horretara 283 milioi euro bideratuko ditu ondoko bi urteetan. 2030 urterako Europako herrialdeetan soldata desberdintasun ttipiena dutenen pare egotea da Jaurlaritzaren xedea. Horretarako, 2018-2019 epean, lau ekintza-ardatz, 20 zuzentarau eta 60 neurri zehatz aurreikusten ditu Urkulluren Gobernuak. Emakundek eman datuen arabera, 2016an, EAEko langile baten batez bertzeko irabazia 27 480 euro izan zen: 31 000 euro gizonek, eta 23 423 euro emazteek. Beraz, %24,4ko soldata desberdintasuna dago EAEko gizon eta emazteen artean.

“Modela” itzultzaile automatikoa

Euskararen eta gazteleraren arteko itzulpen automatikoa egiteko tresna aurkeztu dute Elhuyarrek eta Mondragon Linguak, bertze zenbait enpresarekin garatu ondoan. Tresna sortu dutenen arabera, orain arte sekula ikusi ez diren kalitatezko itzulpenak eskaintzen ditu “Modelak”. Honen sustatzaileen xedea da euskara zabaltzea eta Euskal Herriko enpresen eleaniztasunean eragina izatea. Jadanik erabil daiteke www.modela.eus webgunean. Itzultzaile automatikoa sortu dute Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa teknikari esker. Teknika hau baliatu izan da jadanik bertze hizkuntza batzutan itzulpenak egiteko, baina orain euskarazko testuekin ere erabiltzeko moldea aurkitu dute. Haatik, Ane Ruiz de Zarate Mondragon Linguako itzulpengintza zuzendariak adierazi du gailu horrek ez dituela itzultzaile lanetan ari diren pertsonak ordezkatuko. Itziar Cortes Elhuyar-ko itzulpengintzarako teknologien arduradunak, bere aldetik, pentsatzen du urrats berri hau “mugarria” izan daitekeela. Mementoan web aplikazioa du bakarrik, bai na urrunago joateko esperantza ere badu Cortesek. Bertzeak bertze, telefono mugikorretako aplikazioetan, bai eta osagarri sailean eta administrazioan ere erabiltzea gustatuko litzaioke.

Erabakitzeko eskubidea konstituzioan?

Aurten betetzen dira 40 urte Espainiako Konstituzioa plantan eman zela. Urteburu horren karietara, EAJk eta EH Bilduk testu bat adostu dute. Elkarrekin Podemosek horko zenbait puntu sustengatu ditu, PSE-EEk eta PPk, aldiz, baztertu dute. Dokumentu horren bidez, Eusko Legebiltzarrak Espainiako Konstituzioaren “inposizioa” eta “oinarri antidemokratiko” eta historikoki faltsua salatu ditu. Halaber, konstituzioaren erreformak erabakitzeko eskubidea kontutan hartu behar duela aldarrikatu du. Legebiltzarrak oroitarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko hiritarren gehiengoak ez zuela 1978ko Konstituzioa babestu, eta ondorioz, ez duela zilegitasunik. Horregatik, Konstituzioaren erreforma beharrezkoa dela aldarrikatu dute sinatzaileek. Haien ustez, erreforma horrek gizarte-eskubideak segurtatu, askatasunak bermatu eta aitortu, molde federal eta konfederal batean antolatu eta Estatuaren izaera plurinazionala eta eleaniztuna bere baitan bildu behar lituzke. Gainera, Konstituzioaren 40. urteburuko ospakizunetan ez parte hartzearen alde agertu da Legebiltzarra.

Cabacas auzia

Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailearen heriotzari buruzko auzi erabakia eman du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak. Bi urteko presondegi zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri dio Cabacasen heriotzaz akusatua den Juan Jose de Pablo ertzainari. Auzipetuak ziren bertze bortz agenteak, aldiz, zuritu ditu epaileak. Hala ere, hobendun ekarria den ertzain nagusiak ez du presondegira joan beharko, eta ez du lanpostua uzteko beharrik izanen, jadanik erretretan baita. Haatik, zigorraldiaren denboran, ez du bozkatzeko eskubiderik ukanen. Lurralde-auzitegiak eman duen auzi-erabakiaren arabera, Cabacasen heriotza ekarri zuen eraso poliziala geldiarazi izan balu ertzain nagusiak, Iñigo bizirik egonen zen. Epaiak dio, halaber, orduan gertatu zen ekintza poliziala ez zela justifikatua, hots, karrika itsu hartan zenbait jendek jaurti zituzten objektu bakarren kontra ez zela beharrezkoa gomazko pilotak erabiltzea. Jone Goirizelaia familiaren abokatuak puntu baikor bezala hartzen du Auzitegiak akusazioaren tesia baieztatu izana, baina denbora berean, auzi erabakia ez baiaraberakoa izatea deitoratu du. Arrazoi guzi hauengatik, Iñigo Cabacasen e t x e koe k eta lagunek beren kexua agertu dute auzi- erabaki horri buruz. E r a b a k i a salatzeko, elkarretaratzea egin dute joan den ostiral arratsaldean, Bilboko Justizia Jauregiaren aitzinean. Familiak, aldiz, helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean. Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, bere aldetik, epaia arretaz irakurtzeko engaiamendua hartu du, berriz horrelakorik ez gertatzeko eta Ertzaintzan hobekuntzak egiten segitzeko. Azkenik, Cabacasen lagunek eta etxekoek abenduaren 16an eginen duten manifestaldian parte hartzeko deia zabaldu dute. Hau Bilboko Justizia Jauregitik abiatuko da 12:00etan, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzarainoko bidea eginen du.

Euskaraldia

Euskal Herri osoko 220 000 lagunek parte hartu dute Euskaraldian, batzuk “ahobizi” gisa, eta bertzek “belarriprest” bezala. Antolatzaileak kontent agertu dira ekimenak ukan duen arrakastarekin, eta egun hauetan hartu usaia onak obratzen segitzeko deia zabaldu dute. Ondoko egunetan ikerketa bat eginen dute Euskaraldiaren eragina neurtzeko.

Fakirraren ahotsa

“Fakirraren ahotsa” izeneko eleberria argitaratu berri du Arkaitz Canok, Susa argitaletxearekin. Imanol Lurgain protagonistaren bidez, Imanol Larzabal kantari zenaren (1947-2004) bizitzan oinarritzen den fikziozko kontakizuna sortu du Canok. Baina irakurleak ez du uste izan behar liburu horrekin Imanol abeslariaren biziko harat-honatak xeheki ezagutuko dituela. Liburua aurkeztean, idazleak argi utzi du anitz urrundu dela errealitatetik, hau ez dela kronika bat. Hala ere, Imanolek bere berrogei urteko ibilbide artistikoan ezagutu zituen gertaera eta gora-beherak aipatzen ditu, nolabait, eleberriak. Izenburua ere hortik datorkio, funtsean, “Fakirra” omen baitzen Imanolen izengoitia. Bestalde, Galiziako PEN klubak bi urtetik behin ematen duen Rosalia de Castro sarietako bat eskuratu du joan den astean Arkaitz Canok.

10 urte Mikel Laboa gabe

Abenduaren 1ean bete dira hamar urte Mikel Laboak utzi gintuela. Urteburu horren oroitarazteko “Gu Laboa” izeneko dokumentala prestatu du Iban Gonzalez Arrasateko zinegileak. Aurrestreinaldia egin da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, abenduaren 4an, Laboaren hurbilekoen eta filmaren protagonisten presentziarekin. Bestalde, abenduaren 5ean aurkeztu dute Durangoko Azokaren Irudienean eta ere ETB1en. Pentsatzekoa da hemendik aitzina eskuragai izanen dela liburu eta disko saltegi on guzietan. Halaber, Laboaren obra guzia biltzen duen hamar disko eta DVD-a argitaratu ditu Elkar argitaletxeak. Jose Luis Zumeta artista eta Mikelen adiskideak espresuki diseinatu duen kutxan aurkeztuak dira disko guzi hauek. Marisol Bastida, Laboaren emazteak erran duen bezala, lan honen helburua da donostiar kantari eta musikagilearen figura bere osotasunean ondoko belaunaldietara helaraztea.

Eusko Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuak

Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Aurrekontu proiektuari 19 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio EH Bilduk. Hasteko, EAEko erretretatuei gutxienez 858 euroko soldata bermatzea eta hau etorkizunean 1.080 eurora igaitea galdegiten du koalizio abertzaleak. Oro har, 163 milioi euro pentsioetara bideratzea galdegiten du eta 70 milioi euro, berriz, enplegura. Leire Pinedo parlamentariak segurtatu du “egiazko akordio zintzoa” erdiesteko xedez aurkeztu dituztela zuzenketak, eta erran du ez luketela ezezko erantzunik ulertuko Jaurlaritzaren aldetik, horrek erretreta apalak dituzten pertsonen bizitza hobetzea eragotziko lukeelako. Horregatik, Jaurlaritzak EH Bilduren proposamena ez balu onartzen, koalizioak aurrekontuen kontra bozkatuko lukeela abisatu du Pinedok.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3477. zbk

Diru poxi bat galduz deus ez da galtzen adixkideak galduz ainitz galtzen da

Alemaniako erran zaharra

Gure Hitza | 2018/12/06

InSight!

Janbattitt Dirassar

InSight, zer da hori? Edo nor da? Hauxe da izen bitxia gisa guziz! Bestenaz ere S hizki larri bat erditsutan sartuz idatzi behar-eta! Bainan nundik heldu ote da hitz hori? Euskara batuak ekarri ote dauku Mari jainkosa zaharra bizi omen den leize ilunaren zolatik? Ez dea izaitekotz ingleskeria bat gehiago, beste frangoren artean sar-arazia? Xo, InSight hori zeru-tresna edo espazio-tresna arraro baten izena da, Martes izarbelerat igorria iragan maiatzean eta gaitzeko itzulia eginik han pausatua joanden egunean. Mundu guzian, jakintsun ainitz loriatuak, hori dela hori ikaragarriko balentria! InSight bi urte han nunbait egon beharra da. Hango zernahi berri igorriko daizkigu, argazki eta beste. Jadanik ere baditu hel-araziak. Duela hameka urte zeru-tresna bat igorria izan zen Marteserat eta planeta horren axalaz zernahi gauza ikasi zen. Bainan InSight horrek badu aise muntadura gehiago, muntadura trebeago eta ausartagoak. Izarbelaren barnea ere ikertuko du. Ez da beraz harritzeko jakints...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016