Herriz Herri - Itsasu (L) | 2018ko Ekainaren 28a
Heriotze
Ekainaren 21ean zendu da Maddi IRUNGARAY, sortzez Olhagaray. 92 urte zituen Maddik eta Kanbon erretiratua zen egoitzan zendu da. Maddi Basaburu auzoko "historia" egin duten presunetarik ginuen. Bizikidetza (edo elkarbizitza) ainitz aipatzen da gaur egun gure artean. Hitza bera hain erabilia izan aitzin, izan dira presunak, gizon ala emazte, bizikidetza hori praktikatu dutenak. Nik egundainotik entzun izan dut Basaburuko auzoan (eta segur beste auzo batzutan ere!) gure aitatxi-amatxien eta gure gurasoen garaian bizi zen elkartasuna, solidaritatea eta lagunartekotasuna, laborariek nola etxez-etxe edo etxaldezetxalde elgar laguntzen zuten lan-beharrorduetan. Bistan da, gizon-beso beharra bazen, eta, beharbada, guttiago aipatzen da bizikidetza hortan emazteek egin duten ekarpena. Ekarpen ixilagoa edo diskretoagoa, bainan hain baitezpadakoa. Beste zonbaiten idurira, etxetiar izanik, zazpi seme-alabetako familia haziz, zinezko askapen borroka bat eramanez, ardietsi zuen Maddik, Silbert bere senarrarekin, etxaldearen jabe bihurtzea. Maddi agurtzearekin, gogora ekarri nahi ditut Basaburu auzo hortako hainbat emazte, auzoaren "historia" egin dutenak. Eta ausartzen naiz erraitera badutela emazte horiek ere zerikusia auzoak gaur egun hartu duen itxurarekin. Elizkizun ederra eskainia izan zaio Maddiri Itsasuko elizan, eta holaxe egin zaio azken agurra. Doluminak familia osoari!










