Azalekoa | 2022ko Urriaren 06a
"Maddiren trajeria": mugagabeko pastorala
M.O.
Lehen aldiz "Maddiren trajeria" pastorala Zugarramurdin urriaren 15ean eta 16an, Saran 22an eta 23an emana izanen da. Pantxika Urruty errejentsarekin bildu gira, lau herrien arteko proiektua nola abiatu den eta nola pastorala muntatua den azaldu dauku.
Pastoralaren abiatzea
Pantxika Urruty ikuskizun gotorren zuzendari lanetan atrebitua da, horietan pastoralena. "Maddiren trajeria" muntatzen duen4. pastorala da, aitzin Andere Serora (Hiriburu), Katalina de Erauso (Baiona) eta Karmen Etxalarkoa (Etxalar) pastoraletan errejentsa ofizioa eraman du. "Maddiren trajeria" idatzi duen Gerardo Mungia eta barkoxtar errejentsa aspalditik lagunak dira, jadanik Etxalarren muntatua izan zen pastoralean elkarrekin lan egiten zuten. Gerardo Mungia bila etorri zitzaiolarik 4 herrien artean abiatu nahi zuten proiektuan parte hartzeko, dudarik gabe baiezkoa eman zuen.
Gerardo Mungiak "Maddi oreina" testua idatzi zuen, kazeta batean agertu zena hostokada moduan. Testu hori bermoldatua izan da "Maddiren trajeria" pastorala bilakatzeko.
2021eko agorrilean bildu ziren, hasieran zugarramurdiarren artean emaiteko xedearekin. Jende multzo bat bildu zen eta laster ohartu ziren ez zirela aski jende izanen herrian bertan holako ikuskizun baten muntatzeko. Erabaki zuten Xareta eremura gomita zabaltzea, Urdazubi, Ainhoa eta Sarako herritarrek berehala onartu zuten, orain 100 bat jendek prestaketa lanetan arizanik, pastorala bururatzera doa.
Pastoralaren prestakuntza
"Maddiren trajeria" pastoralean 37 emaztek, 23 gizonek eta 11 haurrek (8-11 urte) parte hartuko dute, 13 musikarik osatutako taldea lagun. Pantxika Urrutyk azaldu dauku nola rolak banatuak diren. Denek kopla bera kantatzen dute, memento berean makilarekin nola ibiltzen den begiratzen da, bozen arabera karguak emanak dira. Errejentarekin, musikaz, kantuaz eta dantzaz arduratzen direnek hautua egiten dute. Holako ariketan lehen süjeta edo rola hartuko duenak, lehen predikua eta azkena, pastoralean inportanteak izanez, laster zein boz egokia den agertzen da. Ondotik pareta batean, errejentak pausatzen ditu jokalari bakoitzaren argazkiaren ondoan, karguak, kopla eta gertaldi kopuruak.
Ameli Harotzarene etorria zen dantzan aritzeko, etxera itzultzean Maddiren rolarekin sartu da. Pantxikak kontatzen zuen pastoraletan horrela gertatzen dela, lehen mustrakara etortzen denean lehen jokalari rola ez da norbaitek hartu nahi duelako, baina hautatua izan delako.
Pantxikak talde baten lana dela azpimarratu nahi ukan du, errejentak ardura baldin badu, ez da bakarrik. "Maddiren trajeria" pastoralean Patrick Calvet da musikarien arduraduna, Marilys Daguerre kantoreen eramailea eta Allende Izal dantzen kudeatzailea.
Zugarramurdi, Urdazubi, Ainhoa eta Sara bateratuak
Martxoan lehen errepetizioak hasi ziren, azken hilabete arte, bi igandeetarik egun osoan bildu dira. Haurrek ere rol inportantea ukanez, hauekin astearen barnean bildu dira. Lau herrien artean lan taldeak osatuak izan dira, musika, dantza, kantua, jantzien jostea... mustraketan janaria prestatzeraino. Pantxika Urruty hunkia izan da ikustean, igandetan talde batek denentzat 80 bat bazkari prestatzen zuela, sekulan ikusia ez zuena. Pausa memento horiek azkarrak ziren, herri auzoen artean harreman berriak sortzea ahalbidetu du. Barkoxtar errejentak zioen: "pastoral baten muntatzeak, sozial harremana indartzeko funtzioa du. Xaretan hori gertatu da, frogatuz mugarik ez dela!". Plazer ukan du ikustea harreman guzia euskaraz egina izan dela, euskal kulturari bere egiazko zentzua emanez.
Ikusgarriaren xehetasunak
Zugarramurdiko harpetan emana izanen dira lehen 2 ikusgarriak, jadanik txartel guziak salduak dira. Saran 22an eta 23an plazan, euria balitz herriko gelan litzateke. Txartelak salgai dira Sarako Herriko ostatuan, Ainhoako Herriko Etxean, Baionako Elkar dendan, Baigorriko Oronos saltegian, Donibane Garaziko Paris-enean eta Hazparneko Lurra Bio dendan.
Xareta inguruko mendietan bizi diren abereek 4 egunez pastoralaren koplen oihartzuna entzunen dute, beherean bizi diren herritarrek betirako oroitzapena ukanen dute.











