Herriz Herri - Senpere (L) | 2022ko Urriaren 06a
Istripu mingarria - Elur Alberdi-ren balentria - Selauru hustea - Espekulazioa pil-pilean
Istripu mingarria
Nola definitu holako nahigabea, auto kontrol galtze batek sor lezakeena, latza bezain onartezina, 25 urteko neska batek galtzen duelarik tanpez bizia. Horra zer gertakariak jo dituen senpertar familia batzu irailaren 25ean igande goizarekin, gaualdi batetik etxerakoan. Hunen ondorioak, Laura Porcuren heriotza eta bertze bi mutiko gazte larriki, betirako kolpatuak, halere bizia ez dute arriskuan. Laura, berrikitan Senpereko Herriko-Etxeko zentro sozialetik lan egitera Donibanekora joana zen. Ez bat ez bertzean, Dominique Porcu aita, Patricia Etchegaray ama, Mickael anaia kontsolatu ezinik utzi ditu, beren penetan. Ehorzketa zeremonian, eliza gaindika batean, kartsutasuna zagon nagusi, apezak bere mezuan galdegin du bereziki gazteeri elgar atxik eta lagun dezaten.
Dolumin bizienak familia eta adiskide guzieri.
Elur Alberdi-ren balentria
Berri pozgarria ere, Txekia aldetik jin zauku, Elur-ek munduko txapela lortu du arraunlaritzan, Laurent Cadot kidearekin. Hendaiarra izanik ere gure Herriko-Etxean lan egiten du, bizkitartean senpertar bezala ikusten dugu. Eskumuturreko haustura larri batengatik, enbalier gisako probetan parte hartzen du eta orain helburu nagusia joko paralinpikoetan urrea eskuratzea. Emazte alai eta xume hau beti irrifartsu agertzen da, nola kirolak laguntzen duen bizi-poza hedatzen, denek etsenplu hartu behar ginezake.
Selauru hustea igandean
"Krakada", ikasleen burasoen elkarteak, antolatzen du ekitaldia urriaren 9an, Gazteluko aparkalekuan, karrikako eskola publikoaren alde.
Ostiralean antzerkia
Larreko antzokian emana izanen da, irailaren 7an (15:00), "Adopte un jeune.com" Aste Urdinaren kari eskainia dena, urririk. Delphine, laurogeita hamar urteko andere ernea, Parisen bakarrik bizi da, seme eta alaba batekin. Hauek ez dute nahi, etxean bakarrik geldi dadin. Nola konbentzitu norbait etxean har dezan? Gaurregungo galdera gordina, zahar-etxea aitzineko alternatibo bat idekitzen duena. Antolatzailea "Maillages" elkartea, ez hutsegin.
Larunbatean dantza lehiaketa
Dantzazaleek ukanen dute zer ikusi, Larreko kulturgunean, irailaren 8an (14:30), 4 orenez. Gizarte-dantzen eta show artistikoen Europako lehiaketa handia zauku aurkeztua. Tango, baltsa, salsa, cha-cha-cha, rock n'roll, paso-doble besteak beste, halako "retro" usaina balukete, egia erran betirakoak gelditzen dira. Antolatzailea "Danse génération 64", erreserbak Euskal Herriko turismo bulegotan baita lekuan bertan, prezio osoa 10€, 12 urtez petik 6€.
Espekulazioa pil-pilean
Senpereko etxe baten salmenta proposamen lotsagarri baten ondotik, biztanle talde batek euskal herritarreri dei egiten du, nola eta nun biziko diren beren haurrak, haur ttipiak baita burasoak, ikusiz oraingo gehiegizko espekulazioa herri honetan herritarrez ongi futitzen dena. Karia hortara, senpertar kolektiboak elgarretaratzera deitzen du, urriaren 8an (10:00), Ibarrungo plazan.
Ikusi Mikusi Saran: urriaren 7an eta 8an
Euskarazko haur eta gazte literatura plazara jalgitzen duen azoka bakarra da Euskal-Herrian, iaz mundu bat bildu zuen. Aurtengo berezitasuna "Ttipittoen Xokoa", 0-3 urtekoentzat plantan ezarri da, "Relais Petite Enfance Hiru Irri" lankidetzari esker, Sara, Ainhoa eta Senpereren artean.
Zaldubi Ikastolaren 50 urteak
Urriaren 8an (10:00-12:00tan) azken epea bazkaria erreserbatzeko, AroBerri ostatuan.











