Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2022ko Urriaren 06a
Heriotze - Antzuola - Markatu - Klima - Odol emaite
Heriotze
Bi heriotze izan dira azken egun hauetan. Lehena Pierre Uhart, Peñako gainetan sortua, Ponpoxenia etxean, lehenik artzain izan zen 30 bat urte arte. Gero bere denbora guzian Bordele eta Baionako lizeoetan mantentze lanetan langile egon da. Bere erretretarako Baionara etorri zen eta azken 3 urte hauetan Izturitzeko xahar-etxera erretiratua zen. Pausatu da 86 urtetan. Gizon umil eta diskretuaren oroitzapena utziko dauku. Bere ehorzketak iragan dira familiakoen artean.
Pierro Haritzandiet ere joan zauku 83 urtetan. Aihertarrek Pepitean ezagutua zuten Hazparnera joan baino aitzin. Hastapenean zurgina zen eta gero luzaz banatzaile farmakuntzan. Gizon jendekilakoa. Kostaldean bizi bazen ere, usu Aiherrara hurbiltzen zen, birletako edo pilotarako gertakariak bazirelarik. Muslaria ere! Oroituko gira 1984an, Frantziako xapeldun izan ondotik, Frantxoa Haristoy Auxotekoarerin munduko xapelgoan Venezuelan izan ziren.
Gure doluminak joak izan diren bi familieri.
Antzuola
Urte guziz herritarrak trukatzen gira, aurten antzuolarren errezibitzea aihertarren aldi da. Hori iraganen da zonbait egunen buruan, urriaren 23an igandearekin. Etorriko dira eta kafe baten ondotik, joanen gira Hazparneko mugaraino, Uhaldea etxaldearen bisitaren egitera. Hor aurkeztuko daukute nola abiatu den barazki proiektu pollit hori. Gero, berriz plazara itzuliko gira, duela 8 urte landatu pagoaren ingurura aurreskuaren egitera. Ondotik bazkaria Denen Etxean 15€tan, Kiki Bordatxok animaturik. Parte hartu nahi duten guziek Herriko Etxera dei dezatela, urriaren 15a aitzin telefonoz ala mailez.
Merkatu
Jaz arrakasta pollita ukan ondotik, aurten ere Aiherrako etxe ekoizleen merkatua antolatua izanen da, urriaren 8an, larunbatarekin pilota plazan (17:00-20:00), Denen Etxean denbora txarra balitz. Helburua da herriko laborarien ekoizleak ezagutaraztea, bainan ere auzo herrietako ekoizle batzu ekarrataraztea produktu desberdin gehiagoproposatzeko (barazki, olio, ahateki eta abar...). Karia hortara Gozategiko ostatuak proposatzen du, hautatu gabeko menua 20€tan, lekuan berean afaria egiteko. Izanen dira ere ogitartekoak. Hobe aitzinetik izenen emaitea 05-59-55-02-13 telefonora deituz. Bistakoa da, deneri idekia izanen dela!
Klima
Klimaren astea ondoko egunetan mundu guzian izanen da. Hemen ere deklinatua izanen da, gure herrian. Alabainan, lehengo tokian zen harrobian plaza zolan, obrak antolatuak izan dira, leku hori berriz naturari itzulia izan dadin. Horiek aurkeztuak izanen dira urriaren 13an, ortzegunarekin (15:00). Lehenik eskolak gomitatuak dira leku hortara (15:00) eta ondotik (18:00) ondoko urtetako antolaketa aipatzeko publiko zabala gomitatua da. Hor izanen dira hautetsiak eta adituak.
Odol emaite
Odol biltzea iraganen da Denen Etxean bi egunez. Lehenik urriaren 10ean (8:00-11:00) eta biharamunean asteartez (15:00-19:00). Hoberena da hitzordua hartzea usaiako webgunean, usaia dutenentzat. Lehen aldia dutenentzat, zuzenki lekuan bertan tenore horietan presenta daitezela. Baitezpadakoa da osagarri onean izaitea!










