Inbido | 2017ko Uztailaren 13a
Trein horien ixtorio luzea
Muslaria
Joan den egunean dena espantu estreinatua izan da beraz Parise eta Bordele bi hirien artean abiadura edo zalutasun handiko treinen zerbitzu berria.
Joan den egunean dena espantu estreinatua izan da beraz Parise eta Bordele bi hirien artean abiadura edo zalutasun handiko treinen zerbitzu berria. Bi ministro treinean izanki karia hortarat, Nicolas Hulot, ingurumenaz arduratzen dena, eta Elisabeth Borne, garraioak bere kondu dituena. Estreinaldi hortarik landa, errextasun guziak badira Bordeletik Pariserat treinez joaiteko. Orai arte baino aise denbora gutiago behar, doi-doia bi oren, duela ehun bat urte zazpi oren behar zirelarik! Eta egun guziz ba 33 joan-jin, horietarik 18 xuxenean, erran nahi baita bi hirien artean nihun gelditu gabe. Ondorioz, Euskal-Herritik joanez ere poliki laburtzen da bideko denbora. Beti bi oren behar nunbait han Baionatik Bordelerat bainan lau oren orotarat. Egun berean, gisa bereko beste zerbitzu bat ere estreinatu da, Emmanuel Macron presidenta bera ere han izanki, Parise eta Rennes hirien artekoa. Hor, bidaiak oren bat eta erdi baizik ez irauten eta ezbaian gainerat! Oren bat eta 25 minutu denbora xuxen xuxena kondatuz. Egun guziz, 30 joan-jin. Hortakoak direnen arabera, holako errextasunek ukan behar lukete ondorio frango, ondorio onak, biziki onak, diotenaz segurik. Nor nahi noiz nahi aise ibiltzen ahal hor gaindi, sail frangotan harreman gehiagoren menturarekin... Hortarat heltzeko alimaleko obrak akulatu dira bistan da, burdin-bideak berrituz, treinak eta geltokiak ere ba... Obra horiek hainbeste gosta dira funtsean nun batzu arrangura baitira SNCF etxea nola helduko den konduak egitearekin... Bestalde badira azpimarratzen dutenak Frantzia guzian gaindi trein-bideen sarea zaharkitua dela eta hobeko zela beraz lehentasuna emaitea sare horren berritzeari... Hain xuxen, Macron presidentak berak ere holako zerbait erran du joan den eguneko estreinaldi hortan. Horrek garbiki erakusterat emaiten du gisa guziz ainitz obra beharko dela oraino egin eskuin eta ezker...









