Azalekoa | 2017ko Urriaren 19a

Linky kontagailuen inguruko eztabaida gorriak

P.J.

Baionako Herriko Etxearen aitzinean, joan den ortzegunean, Linky kontagailuen kontrako salaketa
Baionako%20Herriko%20Etxearen%20aitzinean_%20joan%20den%20ortzegunean_%20Linky%20kontagailuen%20kontrako%20salaketa

Gero eta gehiago aipu dira azken hilabete hautan Linky kontagailuak. Baina zer ditugu Linky kontagailu horiek?

Gero eta gehiago aipu dira azken hilabete hautan Linky kontagailuak. Baina zer ditugu Linky kontagailu horiek? Horiek ditugu Enedis sozietateak (ERDF ohia), Frantzian gaindi elektrizitatearen banatzeaz arduratzen dena, garatu duen argindar kontagailu modernoa. Kontagailu honek ez luke gehiago teknikari baten beharrik bakoitzaren kontsumoaren berri hartzeko. "Kontagailu komunikatzailea" dela erraiten da. Enedis-eko arduradunek berek beren bulegoetatik jakin dezakete kliente bakoitzak bertzeak bertze zer kontsumitu duen halako epean, nolako beharrak dituen, eta ere berehala motz dezake argindarra, tenorez ordaindua ez bada. 2015eko "Hazkunde berdeari buruzko trantsizio energetikoaren" legeak omen ditu kontagailu komunikatzaile horiek bidean ezarrarazi. 2015eko abenduan hasi zen Enedis kontagailu horien ezartzen etxetan.

Ihardukitze handia toki askotan

Baina ez zaie nahi luken bezala pasatzen kontagailu horien instalatzea Enedis-eko teknikariei. Alabaina, alderdi txar asko baditu Linky kontagailuak. Batetik, lanpostuak ttipituko dira, ez baitu Enedisek argindar kontsumoaren kontrolatzailerik igortzerik ukanen etxetara. Bestalde, kontagailu horrek espioi edo barrandari baten lana eginen du: neurtuko ditu partikular baten etxean adibidez nolako elektrikazko tresnak badiren, zein ez diren, eta argibide horiek saltegi handiei zabal ditzake, tresneriaren beti eta gehiagoko kontsumoa sustatzeko. Gainera, Linky kontagailuen lehen instalakuntzek frogatzera eman dute etxeko tresna batzuk ez direla kontagailu horri egokituak, ondorioz jendea tresna horien ordaintzera behartuz. Eta osasunari begira, erran dezagun Linky kontagailua ez dela batere fidagarria, Munduko Osasun Erakundeak dioenaz, horien bidez zabaltzen diren uhinak minbiziaren sustatzaile bailaitezke. Hots, arrazoin franko badugu hor berean kontagailu moderno horiek ez ahoa zabalik iresteko.

Stop Linky kolektiboak

Euskal Herrian Enedis azkarki hasia da kontagailu horien ezartzen, jendearen nahikariaren kontra ere, zenbait tokitan isilka, gakatuak diren kontagailu tokiak bortxatuz batzuetan. Hautetsien konbentzitzen ari izan da azkarki Enedis. Baina hauetarik gero-eta gehiagok, konpreniturik zer arriskuren ekarle den Linky hori, errefusatzen dute Linkyren inposaketa. Eta Herriko Etxe batzuk herri-deliberamenduak hartu dituzte Linky horien instalakuntza debekatuz beren herrian, baina Prefetak, erran nahi baita Estatuak, erabaki horiek ezeztatu ditu, Arbonan adibidez, Xiberoan ere, aitzin horretan Ozaze, Hauze eta Iruriko auzapezak auziperatuak izan direla. Baionan, auzapezak gutun bat bidali du Enedis sozietateari, galdeginez ez dezan kontagailu berri hori inposa nahi ez duenari. Gutun motelegia, zenbaitzuren arabera. Stop Linky kolektiboak muntatzen ari dira nun nahi. Baionakoak aitzineko egun horietan informazio bilkurak muntatu ditu Balichonen, Baiona Handian, Baiona Ttipian, jendeari Linkyren arriskuen berri emateko eta nola jokatu behar den Linkyrik ez onartzeko. Zeren Enedis mehatxuka ari da batzuk eta bertzeri, Europak duela Linky inposatzen, errefusatzea legez-kontrako jokabidea dela, Linky onartzen ez duenak argindarra moztua ukanen duela... Baina ez, norberak legez errefusa dezake Linky kontagailua eta Enedisek ez du argindarra mozteko eskubiderik. Beldurraren hedatzen ari da, gezur bidez. Joan den ortzegun eguerditan, Euskal Herriko Stop Linky kolektiboek elkarretaratzea antolatua zuten Baionako Herriko Etxe aitzinean. Cade erakundeko Joseph Lavictoirek salatu du Enedisen jokabide maltzurra. Baionako kolektiboko Jean-Claude Richard eta Patrick Pierrartek jendea deitu dute ihardukitzera eta Euskal Elkargoari deia zabaldu, Linkyri buruzko geldialdi edo moratorio bat bozka dezan. Xiberoko Stop Linkyko ordezkariak ere kontatu du hango herriak ari direla Linkyren kontrako desmartxetan. "Kapitalismo berdea totalitario da / Algarrekin ükatü dezagün Linkya" zioen banderolak. Zeren jakin behar da Linkyren ondotik Gazpar heldu zaigula gas kontagailuentzat eta Aquarius ur kontagailuentzat, batzuk bertzeak bezain kaltekorrak, sail guzietan... Linky nahi ez duenak gutun bat idatz dezake Enedis sozietateari (BP 549, Tarbes Cedex) eta honen kopia bere herriko auzapezari, biak igortze artamendatuan (recommandé/accusé de réception). Alabaina, zergatik kanbia orain arte ongi martxan diren kontagailuak? Argitasun guziak eta gutun modeloa www.ralinky.com webgunean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3421. zbk

Jainkoak txori guziei ematen du jatekoa baina ez beren ohantzerat.

Suediako erran zaharra

Gure Hitza | 2017/10/19

Izar bat itzali zaigu

Jean-Louis Harignordoquy

Euskal telebistatik Egi Bidean emankizunean ez dugu gehiago Iñaki Beristain Frantziskotarra ikusteko eta entzuteko atseginik ukanen.

Euskal telebistatik Egi Bidean emankizunean ez dugu gehiago Iñaki Beristain Frantziskotarra ikusteko eta entzuteko atseginik ukanen. Minbiziak hilabete batez eraman du gorputzez larria bezain indartsua zen 70 urtetako gizona. Sortzez Errezildarra, 1968az geroz Arantzazuko Santutegian bizi zen. Hango aldizkariaren arduraduna eta kantari taldearen aitzindaria, paregabeko predikaria zen. Behar bezalako eliza gizon irekia, otoitz egile nekaezina baina denbora berean gaurko jendartearen arrangurez, bizi moduez eta tira-birez errotik jakinaren gainean zegoena. Euskara ederrean laster lasterra mintzatzeko errextasun handikoa, bere hitzaldi guziak biziki sarkorrak, bide erakusleak ziren. Baikortasun osoz, nehor nehoiz behartua sentiarazi gabe, nolako aholkuak ez zituen ematen familietako biziari buruz, herrigintzaz, bakegintzaz eta lur honetako lanjer mota guziak ekiditeko moldez! Entzuna izateko gutizia ematen zuen ebanjelioko mezuaren eta mundu honetako errealitatearen arteko lotura...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016