Egun eta bihar | 2017ko Urriaren 19a

Egun eta Bihar

J-B D.

Errepublikanoak deitzen diren eskuindarrek ere nahi dute beren alderdia berritu, baduela-eta berritze on baten beharra!

Lau hautagai

Errepublikanoak deitzen diren eskuindarrek ere nahi dute beren alderdia berritu, baduela-eta berritze on baten beharra! Duela ez oraino urte bat, nork erranen zuen hoin denbora guti barne hortan izanen zirela? Luzaz uste ukan dute president-bozetan nagusituko zirela, itxuren arabera François Fillon baitzen partidaren irabazteko mentura gehiena zuena... President-bozak iragan dira, deputatu-bozak ere ba. Eskuindarrak bi aldiz galtzale. Zenatur bozetan haatik aise emaitza hobeak segurtatu dituzte. Gisa guziz, alderdia berritu behar. Alderdiburu berri bat hautatu behar dute beraz heldu den abendoan. Beren arteko bozkatze baten bidez. Orai badakigu lau hautagai badirela. Gehienik aipu dena, gehienik ezagutua ere dena, Laurent Wauquiez ministro ohia. Ainitzen ustez, hein bat aise nagusitzen ahal litakeena... Beste hiruen izenak ainitzek arrotzak duzkete salbu beren eskualdean: Florence Portelli, emazte bakarra, Daniel Fasquelle alderdiko diruzaina eta Maël de Calan bretoina, Alain Jupppé Bordeleko auzapezaren adiskide mina. Hautagai izaiteko bakoitzak behar 2347 aitatxi edo amatxi, denak alderdikideak eta denek beren urtesaria xuxen pagatua... Zendako 2347? Alderdian baitira 234.700 kide eta erabaki baita ehunetarik batek bederen behar duela babestu hautagai bat, bestalde 13 deputatu eta(edo) zenaturrek. Laurent Wauquiez xapeldun, 25.000 babesle ba omen baititu alderdikide direnen artean, zenatur eta deputatuak 135. Florence Portelli bigarren, bainan lehenetik urrun, 5.000 babesle nunbait han... Horiek hola, askoren beldurra hauxe da, Laurent Wauquiez arrunt eskuinetik joan nahi dela aitzina, kasik eskuin-burukoen xede berekin, nahiz aski gora errepikatzen duen ez dela deus gisaz FN alderdikoekin akomeatzerat plantatuko...

Nicolas Hulot

Badu jadanik hilabete pare bat holako zurrumurru zerbait nunbaitik ateratua dela eta orai egunetik egunerat gehiago hedatzen ari da: Nicolas Hulot ministroa ez omen litake hain gusturat egoki gobernuan. Ez beti ados hartuak diren erabaki batzuekin. Berari hori aipatu-eta irriño bat egiten du eta besterik ez. Berea gogoan, jo aitzina! Batzuk diote gobernuaren kontrako batzuk dutela delako zurrumurru hori hazten, jokoa nahasi nahiz... Beste askori iduritzen aldiz Nicolas Hulot doi bat nardatua dela, egin nahi luzkeen gauza batzu ezin gauzatuz. Jakin da ere Emmanuel Macron dena lausengu ari izana zaiola, gobernuan atxiki nahiz... Gisa guziz bada auzi minbera bat, aspaldian eztabada-bide, Nanteseko aldean aireportu berri baten muntatzearena, Notre-Dame des Landes izeneko gunean. Nicolas Hulot kontra, itxuren arabera gobernuburua alde. Afera hori abendoan trenkatuko da naski alde batetarat edo besterat... Frangok diote gobernutik ateratzekotan, Nicolas Hulot orduan dela mugituko... Gauden beha, abendoa ez da hain urrun...

Larderia poxi bat

Urriaren lehenean, Marseillan, treinen geltokiko aitzinean, terrorista batek bi neska gazte hil zituen ganibet ukaldika. Gertakari izigarria! Untsalaz, delako terrorista ez zen han behar, bainan preso! Libro utzia alde batetik toki eskasez eta bestetik arduradun bat falta izanez paper batzuen egiteko tenorean... Holako gauzak ezin onetsiak direla, gobernuak agertu du bere larderia. Prefetaren konduko enpleatu batzu zigortuak izan dira eta prefetak berak ere bere kargua galdu du...

Medikuak eskas

Gure eskualdean, ez da orainokoan arrangura handirik, bainan ainitz departamendutan, berrogoi batetan gutienez, sendi da mediku eskasa. Jaz egin kondaketa baten arabera, Frantzian gaindi badira 88.500 mediku, berezituak deitzen direnetaz bestalde. Duela hamar urte bazirelarik ehun mila eta behar-orduak emendatuz doatzilarik, jendea banabeste batean gehiago xahartzeneta. Baditake ere arrangurak emendatuko diren ondoko urtetan, ezen mediku ainitz badira erretretaren hartzeko tenorea hurbildua baitute... Gobernuak nahi du zerbait egin mediku eskas hori ez dadien emenda. Errextasunak, laguntza berezi batzuekin, hitzemaiten ditu beraz mediku eskasa den tokian plantatuko direneri. Nahi ditu ere sustatu osasun-etxeak, gero eta arrakasta gehiago baitute. Medikuaren ondoan kausitzen ahal osagarriaren onetan izaiten diren asko zerbitzu. Beste bide bat ere ainitz aipu dena, mediku bera astean bizpahiru egun ospitale batean artzea lanean eta beste bizpahiru egunak bere kondu, medikuak eskas diren herrietan..

Mintzatu da

Emmanuel Macron presidentak ez dituela berriketariak hain maite, nun ez diren biziki umilak, badaki ere heiekilakoaren egiten! Igande aratsean, oren bat baino gehixago mintzatu da frantses telebistako lehen gatean. Biziki abilki mintzatu gainerat. Laburbildu behar haren solasak, hauxe erran ditake, bide bat hartua duela eta aldaketa frango sustatuz bide hortarik segituko duela gertatzen dena gerta, egokiagorik ez delakotz...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3421. zbk

Jainkoak txori guziei ematen du jatekoa baina ez beren ohantzerat.

Suediako erran zaharra

Gure Hitza | 2017/10/19

Izar bat itzali zaigu

Jean-Louis Harignordoquy

Euskal telebistatik Egi Bidean emankizunean ez dugu gehiago Iñaki Beristain Frantziskotarra ikusteko eta entzuteko atseginik ukanen.

Euskal telebistatik Egi Bidean emankizunean ez dugu gehiago Iñaki Beristain Frantziskotarra ikusteko eta entzuteko atseginik ukanen. Minbiziak hilabete batez eraman du gorputzez larria bezain indartsua zen 70 urtetako gizona. Sortzez Errezildarra, 1968az geroz Arantzazuko Santutegian bizi zen. Hango aldizkariaren arduraduna eta kantari taldearen aitzindaria, paregabeko predikaria zen. Behar bezalako eliza gizon irekia, otoitz egile nekaezina baina denbora berean gaurko jendartearen arrangurez, bizi moduez eta tira-birez errotik jakinaren gainean zegoena. Euskara ederrean laster lasterra mintzatzeko errextasun handikoa, bere hitzaldi guziak biziki sarkorrak, bide erakusleak ziren. Baikortasun osoz, nehor nehoiz behartua sentiarazi gabe, nolako aholkuak ez zituen ematen familietako biziari buruz, herrigintzaz, bakegintzaz eta lur honetako lanjer mota guziak ekiditeko moldez! Entzuna izateko gutizia ematen zuen ebanjelioko mezuaren eta mundu honetako errealitatearen arteko lotura...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016